Gazteluen sailkapena
Gazteluak sailkatzeko irizpide batzuk izaten dira kontuan. Gehienetan, jabetzaren arabera sailkatu izan dira: errege gazteluak eta gaztelu pribatuak; azken hauek laikoenak edo, bestela, elizarenak dira. Batzuetan, gazteluak errege-erreginenak izatetik jabetza pribatu izatera pasatu izan dira, eta errege-erreginen eskuetara ere iritsi izan dira beste batzuetan, beste edozein ondasun mota balira bezala. Beste batzuetan, errege-erreginak ziren jabeak, baina gotorlekuari zegozkion etekinak (karguak, zenbait zerga...) leinukoei edo zerbitzariei ematen zizkieten.
Harkaizko gaztelua: Marutegiko goiko barrutia, eta dorrea, haitzaren gainean. (1974)
Beste sailkapen bat -eta bera da argiena- kokalekuaren arabera egindakoa da: haitzean edo harkaitzean tinkatuta dauden gazteluak, mendikoak, ordekakoak, erdi hiriko direnak eta hirikoak. Lehenengoak, harkaitz batean zeuden, goialdeari egokituta. Bigarrenak, mendi tontorrean ageri ziren, eta mendikate osoan hedatzen ez zirenean, harkaitza ebakita egoten zen, gaztelua gainerako mendietatik bereizteko. Lautada, zabaldi edo ordeka batean zeuden gazteluek harresi sendoak behar zituzten inguruan, edo kasko bat, gainean eraiki ahal izateko. Erdi hirikoek haitz edo mendiko gazteluen ezaugarriak izaten zituzten, baina behealdean geratzen zen hirigunearekin lotura estua zuten. Hirikoak, hirigunearen defentsa egiteko zeuden, eta harresiaren zati izaten ziren.
Euskal Herrian, oro har, zaharragotzat jo izan dira haitz eta mendiko gazteluak lautadakoak edo hiriguneekin lotutakoak baino. Baina leku guztietan ez zuten berdin jokatu, eta, horregatik, eskualdeka ez bada ere gutxienez lurraldeka aztertu beharko lirateke gazteluei buruzko ondorioak ateratzeko.
Ocioko gaztelua. Oro har, XIV. edo XV menderako nobleen esku zeuden gazteluak hobeto iritsi zaizkigu. (2003)
Kokalekuak baldintzatu egiten du eraikina, eta eragina izan du arkitekturan, baina ezin da sailkapena egin arkitekturaren arabera, ezta gazteluak egiteko erabili zituzten materialen arabera ere. Aukeratutako gotorlekuen artean ikusten den legez, kokalekuak edo aroak eragindako berdintasunak ageri dira, ereduak ere nabari daitezke, baina ezin egin daiteke sailkapen orokor bat gaztelu guztiak bertan sartzeko.
