Gazteluen sorrera eta bilakaera
Gaztelu hitza castellum latin hitzetik dator, eta castrum hitzaren txikigarria da. Kondairek eta herritarren usteek maiz erromatarren garaietara eramaten dute gaztelu batzuen jatorria. Baionako Gaztelu Zaharreko eta Erriberriko Jauregi Zaharreko egungo ostatuen oinarriak, adibidez, garai hartakoak direla aspaldidanik onartzen da, eta beharbada, etengabe erabili dituzte kokaleku horien gaineko eraikinak. Berriki arkeologiak frogatu du Fiteroko Tudejengo gotorlekuaren kokalekuak erabilera militarra izan zuela erromatarren garaia amaitzeko zorian zenean eta Erdi Aroko lehenengo mendeetan. Teknika berriek, ondoko urteetan, gazteluak dauden kokaleku horiek erabilera zaharragoa ere izan zutela erakutsiko dute, zalantza izpirik gabe.
Arabako Alaiza elizako XIV. mendeko pinturak. Marrazkien artean, gaztelu bat agertzen da, kasko batean eraikia. (2001)
Baina gaztelua Erdi Aroko eraikina da; sarri garai hartako ikurtzat hartzen da, erromantizismo handi samarrarekin bada ere. Euskal Herrian Goiz Erdi Arotik agertzen dira, garaiko hiri edo hirigunetik ondo bereizita. VIII. mende ilunean hasita, kronikari musulmanen idatzietan eta geroago erresuma kristauen monasterioetako liburuetan eta hainbat agiritan geratu dira aipamen orokorrak eta gotorleku batzuen aipu zehatzak. Idatzita dago 792. urteko musulmanen eraso batek "Araba eta Gazteluak" izan zituela helburu; hori dela eta, hitz bi horiek behin baino gehiagotan etorriko dira elkarren ondoan errepikatuta. Aspaldiko aipamen horietako batek Sjarat Kais gazteluaren berri ekarri digu; zehazki non zegoen ez dakigu, baina 803. urtean dagoeneko baskoi erregeen gordelekurik kutunena zen; besteak beste, han eduki zuten atxilotuta Tuterako gobernadore musulmana. Gotorleku gehiagori buruz ematen dituzten xehetasunak eta egiten dituzten aipuak kontuan hartzen badira, badirudi ordurako bazirela eraikin osatu samarrak, dorre-talaia soil bat baino gehiago zirenak alegia. Musulmanen erasoengatik eta horiek izan zituzten ondorioengatik gehienbat, Nafarroa Garaian eta Araban Kristo ondoko lehenengo milurteko idatzietan aipamen asko ageri dira gazteluen inguruan. Horietako batzuen kokalekuak hauek dira: Tafalla, Zangoza (Rokaforte), Tutera, Legin, Buradon, Faltzes, Lantaron, Añana, Deio...
Dena dela, oso gutxi dakigu Goiz Erdi Aroko gazteluen sorreraz. Batzuk musulmanek eginak direla uste da, baina beti ez da zuzena uste hori, horietako batzuk gotorleku zaharrago baten gainean eginak baitaude. Tuterakoaren eraikitze lanak aipatzen dutenean, esate baterako, 801ean, toki gotortu batean egin zutela ondoriozta daiteke, eraikitzaile musulmana bertara babestera etorri baitzen. Bestalde, zer eragin du Asturiasko erresumak gazteluen eraikuntzan, gehienbat Araban eta Bizkaian? Zer eragin dute normandoen eraso eta egonaldiek kostaldean? Eta frankoek? Oso gutxi dakigu garai hartako euskal herritarrez eta euren gizarteaz eta egitura politikoez, eta, beraz, gazteluei buruz ere zaila da ezagutza zehatza izatea.
Biztanleak eta horien aberastasunak -abereak bereziki, hitzak berak adierazten duenez- babesteaz gain, gaztelu batzuek beste egiteko nagusi bat zuten ia hasieratik beretik, alegia lurraldearen antolakuntzaren ardatz izatea. Aginte edo botere gunetik urruti zeuden eskualdeetan, errege-erreginek ordezko bat izendatzen zuten ordena jar zezan. Eta egiteko horrekin agertzen dira agirietan errege-erreginek gazteluetan izendatutako handikiak: kondeak... Berant Erdi Aroko lehenengo mendeetan joera hori nagusitu zen.
Konfiantzako lagun horiek, sendi edo leinu ezagunekoak izango dira beti, eta feudalismoak aurrera egin ahala, nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako soberakinak eskuratuko dituzte eta euren sortetxeak gaztelu bihurtuko dituzte, edo gaztelu berriak eraikitzeko gauza izango dira. Elizako buruek ere gazteluak eskuratu edo eraikiko dituzte, militar ordenak barne. Nafarroako eta inguruko errege-erreginen esku erakutsiei eskerrak etxe leinargi eta aberatsek ere gotorlekuak eraikiko dituzte, izan ere, erresumen arteko gerretan leinu boteretsuen laguntza beharrezko bihurtu zenean, Koroa eskuzabal agertu zen. Inoiz edo behin, herriak berak arduratzen ziren beren gazteluez (Baiona, Bernedo, Donostia...)
V.mendetikXV. mendera arte, inguruko arerioak aldatu egingo dira, mugak urrundu eta hurbildu egingo dira egungo Euskal Herriarekiko, edota bere barruko mugak aldatu edo berriak sortuko dira. IX.etik XI.era Nafarroa Garaiko mugako gaztelu zena, erasoak hegoaldetik zetozenean beharbada XIV. mendeaz gero berriro muga zaintzeko erabiliko da, edota berriro erabiliko da XV. mendeko barne borroketan.
Aukeratutako 101 gazteluekin ere hiribildu berriak sortzen ari direla nabari da, eta horrekin batera, gazteluen urrezko aroaren bukaera heldu dela, izan ere lurraldearen antolakuntza eta defentsa hiri harresidunen esku geratuko da. XIV. mendean, bestalde, elkarren arteko borroketan gero eta maizago erabiliko da sutautsa edo bolbora, eta horrek eragin zuzena izango du arkitekturan eta eraikin batzuk baztertzeko izan ziren kausetan. Horiek horrela, XV. mendean gaztelu berri gutxi jasoko da, eta horien hasierako egitekoa gehienbat eraikitzaileari edo leinuari ospe ematea izango da, nahiz eta Nafarroako barne gerretan edo Iparraldeko XVI. mendeko Erlijio Gerretan oraindik ere horiez baliatu ziren. Hasiera batean bolborak eta kanoiek erasoen aurka gazteluen defentsa indartzeko balio bazuten ere, azkenean mota horretako gotorlekuaren amaiera ekarriko zuten, eta baluarteak eta fuerteak egiten hasiko ziren.
