Beste hainbat xehetasun
Erabilera erraztearren, ohar pare bat gehiago egin nahi genuke sarrera hau bukatu aurretik. Gaztelu bakoitzari dagokion testuaren hasieran "iristeko zailtasuna" eta "aztarnak" idatzi dugu, txangoa edo bisita prestatzeko. Lehenengo sailkapena, zailtasun mailarena, 1etik 3ra egina dago. Puntuazio horrek, 101 gazteluetara iristeko zailtasuna adierazten digu. Toloñora izan ezik, beste gaztelu guztietara iristeko modua bada; hala ere, zenbaitetara igotzea ezinezkoa da, eta gotorlekuaren bazter guztietara iristerik ere ez dago, batzuk oso leku arriskutsuan baitaude (Zabalate, Marutegi...). Gazteluen kokalekua dela eta, gehienetan komeni da mendiko oinetakoak janztea.
Gazteluen aztarnen garrantzia zehatz neurtzeko, berriz, bost maila ipini ditugu. Gazteluek Erdi Aroko egiturari nola eutsi dioten ikusi, eta horren arabera sailkatu ditugu, mailaz maila.
Bestalde, askotan belarrak hartuta daude hondakinak eta, beste batzuetan, iratzeak estaltzen ditu kokalekuak eta oinarriak; horregatik, orbelik eta garorik ez dagoenean, komeni da horiek ikustera joatea.
Gazteluak gero eta maizago aldatzen ari direnez, argazkietan data jarri dugu parentesi artean, eta liburu batetik hartu dugunean, argazkia noiz egin zuten edo agiria noiz argitaratu zuten esaten dugu. Lan hau prestatzen ari ginenean, leku batzuk berriro ikustera joan gara eta inoiz edo behin ezusteko batzuk izan ditugu, ez beti pozgarriak.
Bibliografia dagokionez, sarri lan eta ikerketarik interesgarrienak aldizkarietan daude, eta hori dela eta, ezinezkoa izan da erabilitako idazki guztiak zerrendatzea, lan honen helburua ez baita hori. Beraz, liburuak zehaztu ditugu eta aldizkariak aipatu Bibliografia Nagusia izeneko atalean, eta, gainera, gogotik saiatu gara gazteluei buruzko idazlanean bertan aldizkarietako datu emaileen, arkeologoen eta historialariaren izena ematen.
