Gizadiaren sorrera
- ANIMAZIOA: Giza espeziearen eboluzioa
- TEST: Gezi bidez lotu
- TEST: Egia edo gezurra?
- GRAFIKOA: Laburpen-taula
- GRAFIKOA: Australopithecus-etik Homo sapiens-era
- EXTRA: Aztarnategirik ezagunenak
- EXTRA: Metal-Aroko aztarnategiak Iberiar Penintsulan
- EXTRA: Munduan Zehar
- LINK: Kanpo loturak (1)
Hominidoen bilakaera
Duela bost milioi urte inguru sortu zen gizakiaren lehenengo arbasoa Australopithecusa da eta hanka biren gainean ibil zitekeen. Une horretatik aurrera bilakaera biologiko eta kultural geldoa hasi zen, gaur eguneko gizakiraino helduz.
Homo Habilisa duela hiru milioi urte baino zertxobait gutxiago bizi izan zen, beti zutik ibiltzen zen eta harrizko tresnak egiten hasi zen.
Duela milioi eta erdi urte Homo erectusa agertu zen. Harri-industria hobetu zuen, harriak bi aldeetatik landuz, eta sua asmatu zuena izan zen (-500.000 urte).
Duela ehun mila urte inguru, Europan Homo sapiens neandertalensis edo Neandertal gizakia agertu zen. Honek gurea bezalako garezur-edukiera zuen, baina sendoagoa.
Azkenez, Cromagnon gizakia edo Homo sapiens sapiensa agertu zen. Espezie honetakoa da gaur egungo gizakia eta bera izan zen nekazaritza eta abeltzaintza asmatu zituena.
Ezkerretik eskumara, Australopitecus, Homo habilis, Homo erectus, Homo sapiens neandertalensis eta Homo sapiens sapiensen garezurrak.
Paleolitoa
Paleolitoa
gizakiaren historiako garairik luzeena da. Garai hau lehenengo hominidoak agertu zirenetik duela hamar milioi urte ingura arteko garaia izan zen, nekazaritzaren garapenak iraultza neolitikoa hasi zuen artekoa.Paleolito hitzak "antzinako harria" esan nahi du eta tresnak egiteko hasierako teknikei buruz ari da. Teknika hauek, silex harria jotzean oinarritzen dira, nahiz eta garai honetan egurra eta hezurra ere lehengai moduan erabili izan ziren.
Paleolitoko gizakiak, oinarrian, ehiza, arrantza eta basoko fruituak biltzetik bizi izaten ziren. Ibiltariak ziren eta leize zuloetan edo ibai inguruetan bizi izaten ziren, aire zabalean edo zuhaitz adarrez zein animalia larruz eginiko txaboletan. Beraien jantziak larruzkoak ziren eta familia loturazko tribu txikietan antolatuta zeuden.
Neandertal gizakiek, Erdi-Paleolitoan, hildakoak lurperatzeak adierazten duen bezala, erlijio arloko sineskeriak zituzten. Goi- Paleolitoan, Cromagnon gizakiak lehenengo arte formak sortu zituen eta hauetan harkaitzetako pintura azpimarratu behar da.
Willendorfeko Venusa.
Iraultza neolitikoa
Duela hamar mila urte inguru, azken glaziazioari amaiera eman zion klimaren berotzearekin batera, gizakiak aurkikuntza garrantzitsu bi egin zituen: landareak laboratzea eta animaliak etxeratzea. Honekin zera lortu zen:
- Gizakien komunitateen asentamendu iraunkorrak (egoneko bizitza).
- Jakiak modu kontrolatu batez ekoiztea eta ondorioz biztanleria handitzea.
Nekazaritza eta abeltzaintza Ekialde Ertainean hasi ziren, eta gero Europan eta beste mundu osoan garatu.
Laboratu ziren lehenengo espezieak laboreak izan ziren: garia Ekialde Ertaina eta Europan, arroza Asian eta artoa Amerikan. Etxeratu ziren lehenengo animaliak ahuntza, ardia, idia, zaldia eta txakurra izan ziren.
Neolitikoko iraultza, leunketan oinarritzen ziren harrizko tresnak egitean agertu zen eta honek gero eta tresna hobeak eta espezializatuagoak eman zituen. Garrantzi handiko beste berrikuntza bi ehuna eta zeramika izan ziren.
Historiaurreko tresnak
Paleolitoa: aiztoak, bifazeak, arraspak, gezi puntak, propultsatzaileak, orratzak, arpoiak.
Neolitoa: aitzurrak, egurrezko igitaiak, xixelak, azagaiak, eskuko errotak, leundutako harrizko aizkorak, hezurrezko tresnak, ontziak, eskuz modelatutako eta sutan egositako kaiku eta platerak.
Metal-Aroa; kobrezko bitxi eta apaingarriak, brontze eta burdinazko arma eta bestelako gauzak, gurpil eta gurdiak, zeramikarako tornuak, itsasontzietarako haize- oihalak, goldeak.
Metal-Aroa
Duela zazpi mila urte inguru, gizakia metalezko tresnak egiten hasi zen eta honek bizitzeko moduan aldaketa handiak eragin zituen. Erabili zuen lehenengo metalea kobrea izan zen eta bitxiak eta apaingarriak egiteko erabili zuen, batez ere. Geroago beste metale bi erabili zituen: burdina eta brontzea, kobrea eta eztainuzko aleazioa. Metale biak oso gogorrak ziren eta haiekin mota guztietako tresnak egin zitezkeen: lanerako tresnak, arma eta armadurak, ontziak, bitxiak, estatuak eta abar.
Metal-Aroan herrixka asko hiri bilakatu ziren eta hauetariko batzuk ehun baita mila biztanle ere izan zituzten. Erregea, edo komunitateko burua, gudariak, artisauak eta abar agertzearekin batera, antolakuntza politikoa konplexuago bihurtu zen.
Data garrantzitsuak
Harri Aroa- 600.000 Berant Paleolitoa. Australopithecus, Homo habilis, Homo erectus. Kulturak: Abbevilense, Chelense, Achelense, Clactoniense, Levalloisiense.
- 80.000 Erdi-Paleolitoa. Homo sapiens neandertalensis. Kulturak: Musteriense.
- 35.000 Goi- Paleolitoa. Homo sapiens sapiens (Cromagnon). Kulturak: Auriñaciense, Gravetiense, Solutrense, Madeleine.
- 10.000 Mesolitoa. Neolitora igarotzea. Kulturak: Aziliense, Tardenoisiense, Maglemoisiense, Asturiense, Campiñiense, Erteboelense.
- 5000 Neolitoa. Kulturak: zeramika kardiala, zulodun hilobiak.
Metal-Aroa
- 2400 Eneolitoa. Kulturak: Almeria, ezkila-formako ontzia, kultura megalitikoa.
- 1700 Brontze-Aroa.
Altamira
Altamirako haitzuloetan (Kantabria) Paleolitoko gizakiaren arte-erakusgarri bikaina dago. Pinturetan figurak irudikatzen dira (animalienak gizakienak baino gehiagotan agertzen dira), bai eta forma abstraktuak (zeinuak eta ikurrak) ere.
Zaldia, bisontea, mamuta edo oreina dira gehien irudikatzen diren animaliak. Atzamarrez edo adartxoak pintzel moduan erabiliz margotzen zuten. Pintura eskematikoak beltzak ziren, eta beltza lortzeko egur-ikatza erabiltzen zuten. Haitzuloetako hormen erliebez baliatuz margotzen zituzten animaliak.
Glaziazioak
Historiaurrearen agertokia aro kuaternarioa da. Horren ezaugarria glaziazioa izan zen, denboraldi epelagoaz banaturiko izotz-aro luze jarraituak.
Lau glaziazio egon ziren:
Günz: ( -550.000ra arte).
Mindel: (-476.000tik -435.000ra arte).
Riss: (-230.000tik -187.000ra arte).
Würm: (-115.000tik 72.000ra arte).
Iberiar penintsulako gizaki fosilak
Altamirako bisonte magdaleniensea.
Hominidoen Europako aztarna zaharrenetarikoak Orcen (Granada) eta Atapuercan (Burgos) aurkitu dira, Behe- Paleolitoko harrizko aztarnategiei lotuta.
Historiaurreko artea
Harkaitzetako pinturek (kobazuloetako horma eta sabaietan egindakoak), magia- erlijiozko izaera zuten animalia eta ehiza irudiak adierazten zituzten. Ospetsuenak Altamira (Espainia) eta Lascauxkoak (Frantzia) dira.
Egur edo hezurretan egindako tailuek ere zentzu magikoa zuten. «Venus»ak oso garrantzitsuak izan ziren, eta hauek sexu-organoak oso garatuta zeukaten emakumeen irudiak ziren.
Historiaurreko artea Euskal Herrian
Euskal Herrian historiaurreko artearen aztarna garrantzitsu asko daude, eta horien artean Santimamiñe, Basondo eta Ekain haitzuloetako Paleolitoko horma-pinturak nabarmendu behar dira. Frankokantabriar eskolako pinturak dira, eta beraz Altamira eta Lascauxeko pinturekin loturik daude. Bestalde, mendialdean, Eneolito Aroko hainbat trikuharri txiki ageri dira, abeltzaintzan aritzen ziren giza taldeekin zerikusia dutenak.
Metal-Aroa
Ekialde Ertaina
Mesopotamia eta Egipto. Hauetan duela 5 000 urte inguru idazkeradun lehenengo zibilizazioak sortu ziren.
Europa
Grezian goiz agertu zen idazkera, baina gainerako kontinentea Metal-Aroan mantendu zen. Zeltak nabarmendu ziren.
Txina
Shang dinastiaren garaian sartu zen brontzea, Hunango Ipar- mendebaldean. Idazkera ideografikoa.
India
Harappa kultura. Idazkera ez da argitu.
Amerika
Mesoamerika (Mexiko eta Ertamerika) eta Perun, tresnak egiteko harria (obsidiana) erabiltzen jarraitu zen, baina zibilizazio nabarmenak garatu ziren.
Nekazaritzaren garapena
Nekazaritza poliki-poliki garatu zen. Gizakia fruituak biltzen hasi zen, eta ondoren, basalandareak lantzen hasi zen. Geroago, etxeko espezieak, basokoak ez bezalakoak, landu zituen, eta azkenik, teknika berrien eta zainketa berezien ondorioz, landareen espezie hibridoak landu zituen.
Hominidorik zaharrenak
- 2000. urtean, bi sexuetako bost gizakiren fosilak aurkitu ziren Kenyan, paleontologoen arabera, sei milioi urte izan litzatekeenak. Milenium man (milurtekoko gizona) izena eman zieten, eta ezagutzen diren hominidorik zaharrenak omen dira.
- Europako gizakiaren aztarnarik zaharrenak (milioi bat urte dutenak), Atapuerca-ko (Burgos) historiaurreko arkeologi aztarnategian aurkitu ziren. 70.000 urtetik gorako harrizko tresnak aurkitu ziren 1990ean.
Monumentu megalitikoak
Iruinarriak edo menhirrak harri handiak ziren, lurrean bertikalki tinkatzen zirenak, eta Eguzkiaren gurtzarekin lotu direnak.
Trikuharrien edo dolmenen egitura konplexuagoa zen. Hilobi kolektibo bezala erabil ohi zituzten. Harri zabal bertikalen gainean harri zabal horizontalak jarriz egiten ziren.
Harrespilak edo cromlechak biribilean jarritako iruinarriak ziren, eta santutegi bezala erabiltzen omen ziren.