Prehistoria Euskal Herrian
- GRAFIKOA: Laburpen-taula
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
Historiaurrearen misterioa ez dugu sekula erabat argituko: ez dago testigantza idatzirik, eta aztarna materialak urriak dira. Horregatik, garai hau aztertzea beti da nekeza eta motela. Hala ere, zibilizazio honen hastapenetan ditugu gure egungo munduaren sustraiak. Lehenengo lanabesak, artearen sorrera, abeltzaintza eta nekazaritzaren asmakuntza, lehen hirien agerpena... Atal honetan ezagutuko dugu nola eman ziren lehenengo pausu hauek euskal lurraldean.
Paleolitoa
Euskal Herrian gizakiaren berri ematen diguten daturik zaharrenak behe-Paleolitokoak dira: K.a. 200.000. urtean gizakia bazegoen eskualde honetan. Baina, oro har, euskal Paleolitoak azterketa sakona egiteko moduko aztarna ugari utzi dizkigu.
- Behe-Paleolitoa (K.a. 200.000-100.000). Giza hezurrik ez da topatu, soilik harrian landutako tresnak eta hareharri, silex, basalto eta kuartzitazko gauzak, achelense kulturakoak.
- Erdi-Paleolitoa (K.a. 100.000-35.000). Giza hondakin ugarik erakusten dutenez, denbora-tarte luzeetan haien kokaleku izan ziren. Garai hartako Neandertalak ehiztari-biltzaileak ziren, eta talde txiki eta sakabanatuetan bizi ziren. Haien hildakoak lurperatu egiten zituzten, baita lanabesak egin eta apaingarriak erabili ere.
- Goi-Paleolitoa (K.a. 35.000-8.500). Cro-magnon gizakia agertu zen. Hauek lanabes landuagoak egiten dituzte eta ehizatzeko erak hobetu (taldeka egiten dute ehizaren plangintza, erasoa eta harrapaketa). Garai hartako giza hondakin gutxi dago, baina labar-artearen erakusgarri garrantzitsuak daude Ekain eta Altxerriko haitzuloetan.
Mesolitoa
Mesolitoa (K.a.10.000-3.500) Paleolitoa eta Neolitoaren arteko aldia da. Garai honetan glaziazioa bukatu zen: izotza urtzearen ondorioz, itsas maila igo egin zen, eta euskal lurraldean eskualde epelei dagozkien landare eta animaliak agertu ziren. Tenperaturaren igoera zela eta, klima hotzera egokituta zeuden hainbat espezie, errinozero iletsua eta mamuta esaterako, desagertu egin ziren. Beste batzuek, elur-oreina kasu, iparraldera joatea lortu zuten. Gizakia Mesolitoan ere harraparia da, baina jarduera gehiago ere badu. Ehizan aritu (oreina, sarrioa, basahuntza, basurdea, orkatza) eta fruituak biltzeaz gain, itsaskiak ere biltzen ditu. Haitzuloetan eta harkaitzen babesean bizitzen jarraitzen du, nahiz eta erdi-mendialdeetan zenbait kokaleku ere aurki daitezkeen, besteak beste Fuente Hoz, La Peña eta Aizpea.Haitzuloen ordez etxebizitzak eta herrixkak erabiltzen hasten dira. Gutxi dira garai honetatik gordetzen diren aztarnategiak, eta nagusitzen direnen artean Ispaster, Marizulo (Urnieta), Arenaza eta Santimamiñe dauzkagu.
Neolitoa
Mesolito bukaeran, ekonomia zein gizartea aldatu egiten dira, eta Neolitoan (K.a.3000. urtea baino lehentxeago) nagusi izango diren teknika berriak azaltzen dira. Bizimodua zeharo aldatzen da: teknologiaren alorrean harri leundua eta zeramika agertzen dira. Bestalde, ekonomiaren alorrean (aldaketa handiena honetan gertatu zen), gizakia bere elikagaiak ekoizten hasten da. Ehiza, fruitu biltzea eta itsaskitan aritzea dute bizibide, baina giza taldeek abeltzaintza (ahuntzak, ardiak, zerriak, behiak...etxekotzen dituzte) eta nekazaritza asmatzen dituzte.
Hirigintzaren hastapenak ere garai horretan gertatzen dira, txabola eta herrixkak eraikitzen hasten baitira. Bilakaera honen erakusgarri ditugu Neolitoko zenbait aztarnategi, hala nola Arenaza, Santimamiñe eta Kobeaga (Bizkaia), Marizulo eta Herriko Barra (Gipuzkoa), Fuente Hoz, Los Husos eta Peña Larga (Araba).
Ikonografia eta hileta erritoak ere aldatzen dira. Neolito bukaerako gizakiek haien senideen gorpuak haitzulo barruko toki aukeratuetan hobiratzen zituzten, baita lehenengo trikuharrietan ere.
Metal-Aroa (Kalkolitoa eta Brontze-Aroa)
Metalurgiaren garapenean hiru aldi bereiz ditzakegu:
- Kalkolitoa (Eneolitoa edo Kobre Aroa, K.a.2500etik 1800era).
- Brontze-Aroa (K.a. 1800etik 900era).
- Burdin Aroa (K.a.900etik aurrera).
Kalkolitoan gizakia kobrea eta urrea lantzen hasten da. Horiekin aizkorak, labanak, gezi-puntak, eztenak, puntzoiak eta eraztunak egiten ditu. Zeramika ezkila-formakoa da. Gizakia, haitzuloak utzita, kanpoan eraikitako txaboletan bizitzen hasten da.
Brontze-Aroan metalurgia-teknikak hobetzen dira. Herrixkak handiagoak dira eta antolatu samarrak. Txabolak elkarren ondoan bildu eta elementu komunak eraikitzen dituzte, harresiak edo putzuak, esaterako. Bilakaera hau Solacueva eta Los Husos (Araba) haitzuloetan ikus dezakegu.
Kalkolitoak eta Brontze-Aroak aztarna ugari utzi dute euskal lurraldean. Garai hartako hondakinak, hileta-tokietatik jatorriak, bi talde zeudela erakusten dute:
- Piriniar-mendebaldeko arraza edo mendi-kostaldeko taldea, Gipuzkoa eta Bizkaiko mendietan eta kostaldean kokatua.
- Mediterraneo aldeko arraza segaila (La raza mediterráneo-grácil) edo hegoaldeko taldea, hegoalderaino, Ebro Bailararaino iristen zen eskualdean zegoen taldea.
Baziren urriagoak ziren taldeak ere (paleomorfoak, alpinoideak...), beste etnia baten hondarrak edo beste lurralde batzuetatik etorriak. Burdin Aroak azterketa zehatzagoa eskatzen duenez, aurrerago helduko diogu.
Abeltzaintzaren nagusitasuna
Metal-Aroan, abeltzaintza izango da gizakiaren bizimodu nagusia, eskualde menditsuetan batez ere. Urtaroen joan-etorriak abere taldeak aldika-aldika toki batetik bestera joanarazten ditu, eta, haiekin batera, abeltzainek tarte luzeak zeharkatu behar dituzte. Transhumantzia dela bide, giza kokaleku ezberdinak harremanetan jartzen dira eta, ondorioz, sinesmen eta bizimodu berriak ezagutzen dituzte. Euskal taldeen kultura aberastu egiten da, haien ohiturei osagai berriak eransten baitizkiete. Litekeena da jabetza pribatua duten larre-komunitateen sistema garai hartakoa izatea. Aberatsa hitza abere hitzetik dator. Honek aditzera ematen digu jabetza eta aberastasunaren kontzeptua zein lotuta zeuden.
Megalitoak Euskal Herrian
Bi milurtekoz, Neolito bukaera eta Brontze-Aroaren artean, Euskal Herriko gizakiek beren hildakoak haitzuloetako zoruan lurperatzeari utzi eta trikuharriak eraikitzen hasi ziren. Garai honetan ugari ziren haitzuloetako barne-galerietan ipinitako gorpuen taldeak ere (Kobaederra Bizkaian, Peña Larga Araban, Urtao II Gipuzkoan).
Euskadin 700 trikuharri baino gehiago katalogatu dira, ia lurralde osoan barreiatuak. Hegoaldekoen eta iparraldekoen artean aldeak badira. Iparraldean txikiagoak dira, muinoetan eta isurialdeen banalerroetan aurkitzen dira, eta laukizuzen formako ganberak dituzte. Hegoaldekoak, berriz, handiagoak dira, ganbera poligonalak eta sarrerako korridoreak dituzte. Hauetan aurkitutako hileta arreoa eta ezkila-formako zeramikak ere ugariagoak dira.
Garai honetan, Brontze-Aroaren bukaeran batez ere, harrespila ere aurki dezakegu, errausketarako pentsatutako hilobi-monumentua. Lurrean sartutako harri edo harlauza bertikalak dira, zirkulua osatzen dutenak. Horren diametroa lau eta hamar metro ingurukoa izaten da, eta muinoetan edo mendi gailurretan egoten dira. Hileta ospakizunean hildakoaren hondakinak harrespilaren erdian ipintzen dira (zeramikazko ontzi batean, harlauza txikiz osatutako ganberatxo batean, edo lurpean bertan). Harrespilarekin lotuta eta hauetatik hurbil, iruinarriak edo monolitoak ere ager daitezke. Egiar-en (Oiartzun) kasuan, esaterako, iruinarria harrespilaren barruan azaltzen da.
Burdin Aroa
Burdin Aroa Historiaurretik Antzinako Arora igarotzen den aldia da, K.a. 900. urtean hasita. Garai horretan, eta erromatarrak iritsi arte, euskal lurraldeko biztanleek nekazaritzan eta behi, ardi eta zerrien zaintzan jarduten zuten. Harri eta pezozko etxeez osatutako herrixketan bizi dira, hala nola Peña Forua (Bizkaia), Astroki (Gipuzkoa) edo Peñas de Oro (Araba).
Burdin Aroan, etxeak kale eta etxadietan antolatzen dira, eta herrixka batzuek harresia dute. Zenbait etxe planta laukizuzenekoak dira, estalkia alde batera edo bitara dutela. Etxebizitza zirkularrak ere badira, teilatu konikodunak eta txikiagoak.
Gorpuen errausketa ohikoa da garai horretan. Errautsak zeramikazko kutxetan jartzen dira, eta hauek kutxa-tokietan (nekropolietan) edo harrespilen azpian. Pirinio aldeko mendi-muinoetan, Gipuzkoako ipar-ekialdean eta Bizkaiko mendebaldean, errautsak harri eta lurrezko tumuluetan jartzen ziren, harrespil batek mugatutako lur-sakonune batean. Monumentu horien inguruetan iruinarri asko dago. Iruinarriak monolito soilak dira, harlauza handi bertikal batez osatuak. Brontze-Aroko kulturari badagozkio ere, badirudi harrespilak Burdin Aroan ere erabili zirela eskualde menditsuetan.
Trikuharriak
Euskal trikuharriak abeltzaintzak gaur egun arte iraun duen lekuetan daude. Oro har planta karratu edo poligonaleko ganberaz osatuta zeuden: lurrean sartutako hiru, lau edo harlauza bertikal gehiagoren gainean beste bat edo beste batzuk ezartzen dira, estalki moduan jarriak. Eraikin hauetako ganbera laukizuzena (hiru edo lau harlauza bertikal) edo poligonala (bost harlauza edo gehiago) izan daiteke. Azken hauek handiagoak izaten dira.
Ganberak ekialdetik mendebalderantz jarriak egoten dira: hildakoen buruak ekialderantz jartzen ziren eta oinak mendebalderantz; beraz, baliteke ekiari (eguzkiari) egiten zioten gurtza izatea. Euskal Herrian korridore itxurako trikuharriak ere badaude, nahiz eta urriagoak izan. Hauetan ganberan sartzeko galeriak edo korridoreak daude. Mota honetakoa da, izan ere, aztiaren txabolako trikuharri ezaguna, Elvillar-en (Araba). Bere ganbera zortzi harlauzak osatzen dute. Korridorea zortzi metro luze da, eta bereizteko harlauza batek bitan banatzen du. Beste megalito interesgarria Ausokoi-ko trikuharria da, Aralar mendizerran. Bere harlauzaz jantzitako zoruak azaltzen duenez, agian errausketa antzinakoenak estaltzeko erabili zituzten, eta, horrek esan nahi du aurretik zeuden hilobiak behin baino gehiagotan erabili zituztela.
Labar-artea
Paleolitoan garatu zuten Euskal Herriko biztanleek labar-artea. Haitzulo gutxi batzuetan ikus ditzakegu horren erakusgarriak, garrantzitsuenak Santimamiñen (Bizkaia) eta Ekainen (Gipuzkoa).
Santimamiñe haitzuloko pinturak (Erdi-Magdaleniense garaikoak) J.F. Bengoetxeak eta bere lagunek aurkitu zituzten 1916an. Pintura multzo nagusia itxura biribileko ganbera txiki batean dago. Bertako panel batean zaldi bat eta hura inguratzen duten sei bisonte ikus daitezke. Ganbera-aurreko batean osatu gabeko zaldi eta bisonteen irudiak daude. Guztira, 50 dira Santimamiñeko irudiak. Batzuk grabatuak dira, baina gehienak pinturak.
Ekaingo pinturak, Magdaleniensekoak hauek ere, A. Albizurik eta R. Rezabalek aurkitu zituzten 1969an. Zestoatik gertu zegoen haitzulo batera joan, eta haize-laster hotza sumatu zuten, barrunbe handi bat zegoen seinale. Han zaldi multzoa eta beste hainbat animalia margotuta aurkitu zituzten (bisonteak, oreinak, basahuntzak...). Labar-artean aditu direnek diotenez, Ekaingo pinturen garrantzia Altamira, Niaux edo Lascaux-koena adinakoa da.
