HISTORIA

Mesopotamia

Grezieraz Mesopotamiak "ibaien arteko lurra" esan nahi du eta bertan, Tigris eta Eufrates ibaien artean, Ekialde Ertainean, garatu zen historiako lehenengo zibilizazioa. Mendeetan zehar inguru mesopotamiarrean gertatu ziren borroka politikoek ez zuten bilakaera ekonomiko eta kultural nabarmena eragotzi.

Lehenengo zibilizazioak

Mesopotamiar lurraldea eskualde handi bitan banatzen da: Goi-Mesopotamia edo Asiria, asiriarrak bizi izan ziren lekua, Iparraldean dagoena; eta Behe-Mesopotamia edo Kaldea, sumertarrak eta akadiarrak bizi izan ziren eskualdea, hegoaldean kokatzen dena.

K.a. III. milurtekoan boteretsuenak sumertarrak izan ziren. Hauek, beren artean independenteak ziren hiri-estatuetan antolatu ziren eta Ur, Uruk, Nippur eta Lagash izan ziren nagusienak.

K.a. 2300 urte inguruan, Akkadeko Sargon erregeak sumertar hiriak indarrez hartu zituen eta Akadiar Inperioa sortu zuen. Geroago nagusitasuna Babilonia hirira pasatu zen eta han Hammurabi erregea nabarmendu zen. Ondoren asiriarrengana pasatu zen, Mesopotamia osoa menderatu zuen herri borrokalaria zena eta bere inperioa Mediterraneo itsasoraino hedatu zuena.

Asiriar Inperioa erori eta gero, mesopotamiar zibilizazioak Babilonia eta bere erregea zen Nabukodonosor II.aren boterepean goreneko mailako garai berri bat izan zuen.

K.a. VI. mendean, persiarrek Asiria eta Kaldea hartu zuten eta honek mesopotamiar zibilizazioaren amaiera suposatu zuen.

Ekarpen kultural handiak

Beste mesopotamiar zibilizazioen oinarria den sumertar zibilizazioak, historiako asmakizun eta aurkikuntza garrantzitsuenak egin zituen:

  • Idazkera, buztinezko oholtxoen gainean, falka itxurako ebakiduraz egindakoa (zeinu kuneiformeak). Hasiera baten komertzial eta administrazio-lanetarako erabili zen idazkera, geroago literaturaren jaiotza ekarri zuelarik. Hau nabarmenki adierazita ageri da Gilgameshen poeman.
  • Gurpila, garraio -edo borroka-gurdietarako nagusiki erabili zena.
  • Goldea, zeinari haziak zituen ontzi bat ipintzen zioten, eta hazi hauek beheko alderaino tututxo batetik jaisten ziren, ereitea errazteko.
  • Astronomia eta metereologia, hauei esker urteko egutegia egin ahal izaten zen eta gainera zentzu erlijiosoa zuten, etorkizuna aurrez ikustearekin lotuta.
  • Matematikak, astronomia eta geometria lauarekin lotuak, lurren banaketara egokituak. Sistema hirurogeitarra erabiltzen zen, 60 zenbakian oinarritua (zirkulua 60 gradutan banatzen zen, ordua 60 minututan eta minutua 60 segundotan).
  • Legeak, Hammurabiren Arrastoa moduan ezagunak, non, Samash jainkoaren irudipean eta Hammurabi erregearen ondoan, historian ezagutzen den lehenengo lege kodea idatzita ageri da.

Mesopotamiar gizartea

Sumertarrek Mesopotamian nekazaritza oparoaren oinarriak ezarri zituzten, Tigris eta Eufrates ibaien urteroko ur-goraldiak ezagutu eta kontrolatuz. Ureztatzeko presa eta ubideak eraiki zituzten, goldea erabili zuten eta nekazaritza-lanetan laguntzeko astoa eta idia etxeratu zituzten.

Lehendabiziko sumertar hiri-estatuetako bizimodua tenpluaren inguruan antolatzen zen. Tenplu hauek hiriko jainko babestuari eskainitakoak izaten ziren eta gobernuaren, justizia auzitegiaren eta eskolen egoitza gisa erabiltzen ziren. Tenplua lurren eta artisauen lantokien jabea zen eta biztanle guztiek berarentzat egiten zuten lan. Aurrerago, erregeek gobernuak zuzenduko zituzten eta jauregiak lehenago tenpluak egiten zituzten zereginak egitera pasatu ziren.

Bai tenplu zein jauregietan funtzionario ugari egoten ziren: idazlariak, ikuskatzaileak, mezulariak, kontulariak eta abar. Nekazariek soldata bat jasotzen zuten eta laboreak (garia eta garagarra), espelta, indabak, garbantzuak, pepinoak eta abar lantzen zituzten. Artisau-mota desberdinak zeuden: eltzegileak, ehuleak, arotzak, urregileak, perfumistak eta abar.

Erliebe honetan sumertar bizimoduaren eszena bat deskribatzen da: erregea musika entzuten.

Data garrantzitsuak

  • h. 6000 Sumertar eta akadiar talde ibiltariak Behe-Mesopotamian finkatzen dira.
  • h. 3500 Sumertar hiri-estatuen garapena.
  • 3100 Ur-Nima dinastiaren garaian Lagashen goreneko unea.
  • 2350 Akadeko Sargon I.aren erregealdia hasten da. Honek sumertar eta akadiarrak batzen ditu eta bere inperioa Ipar-mendebalde eta Ekialderantz hedatzen du.
  • 2200 Gutien nagusitasuna, Persiatik etorriak.
  • 2100 Amoritek Babilonia eraikitzen dute.
  • 2050 Urgo III. dinastiaren hasiera.
  • 2000 Urgo basailua den Lagasheko Gudea erregea sumertar ohiturak berriztatzen saiatzen da.
  • 1792 Babilonian Hammurabiren erregealdia hasten da.
  • 1244 Tukulti-Ninurta asiriarraren erregealdia hasten da, zeinek hedapen iragankorra hasten du.
  • 1157 Nabukodonosor I.ak Babilonia kassiten agintetik askatzen du.
  • 935 Asiriar inperioaren berpiztea.
  • 870 Assurnasirpal II.aren erregealdia. Hau bere krudeltasunagatik ezaguna da.
  • 731 Sargon II.a asiarraren erregealdia, inperio handi bat eraikitzen duena.
  • 612 Nabopolasarrek neobabiloniar inperioa eratzen du.
  • 604 Nabukodonosor II.ak bere erregealdia hasi eta Babiloniari bere antzinako ospea itzultzen dio. Judu asko Babiloniara erbesteratzen ditu.
  • 539 Persiako Ziro II.ak Babilonia menderatzen du.

Asiriarrak

Asiriako herri gerrazaleek zerga handiak kobratzen zizkieten beren erregealdian konkistatu zituzten herriei. Arrazoi horregatik interesatzen zitzaien agintariei gerrara joatea.

 

Hammurabiren kodea

Emakumeen eskubidea
Gizon batek bere lehenengo emazteari aurpegia bueltatzen badio, baina emaztea ez bada etxetik joan, gizona elkartzen den emazte begikoa bigarren emaztetzat hartuko du, eta lehenengoa mantentzen jarraitu behar izango du.

Lurren zaintza
Norbaitek bere ubidea ez badu egoera onean mantentzen eta presa ez badu zaintzen; ardura faltaz apurtzen uzten badu eta ondokoaren zelaia urak hartzen uzten badu, ubidearen jabea saldu egingo da eta lortutakoarekin egindako kalteak ordainduko dira.

 

Sumertar idazkera

Sumertarrek oinarrizko hogei edo hogeita hamar hotsak adierazten zituzten alfabetoa sortu zuten. Karaktereek gauzen izenak jasotzen zituzten. Horrela, lehenengo zeinua idia= aleph zen; bigarrena etxea=beth. Mesopotamiar alfabeto honek adar bi izan zituen:

· kananeoa, feniziarrek hobetu, eta greziar eta erromatarrei igaro zitzaiena.

· arameoa, hebrear eta arabiarrek jarraitu zutena.

 

Jainko nagusiak

Apsu : gizonezko printzipioa eta ongilea.

Tiamat : emakumezko printzipioa eta kaltegilea.

Anu : jainkoen aita eta zeruko jauna.

Isthar : Anuren emazte maiteena, maitasun eta gudaren jainkosa.

Enlil : lurreko jainkoa.

 

Babiloniako harresia

Babilonia hiriak bi harresi zituen. Lehen horma adreiluzkoa zen, eta 8 metro zabal eta 18 km luze zen. Horren aurrean, hobi sakon bat zegoen eta, atzean, 12 metrora, bigarren defentsa-horma, zazpi metro zabal.

Hirira zenbait atetatik sar zitekeen. Handiena ate bikoitza zen, amodioaren Ishtar jainkosari eskainia. Ate hark zezenen eta dragoien irudien lauzekin apaindutako hormak zituen. Erregeren jauregian zeuden Lorategi Eseki ospetsuak, antzinateko zazpi mirarietako bat. Erdialdean zegoen zigurata -tenplu mailakatua, piramide baten antzekoa- Marduk jaun handiaren -jainko goiena- ohoretan eraikia. Dorre hori, zazpi solairukoa eta 91,5 metro garai, Biblian agertzen den Babelgo Dorre ospetsua dela uste da. Horrez gain, dikeak berreraiki ziren, zelaiak uholdeetatik babesteko.