HISTORIA

Israel eta Fenizia

Mediterranear itsas ertzaren paraleloan doan Jordan ibaia, Egipto, Asia Txikia eta Mesopotamiaren arteko merkataritza eta militar arloko ibilbiderako pasabide behartua izan den eskualde baten ardatza da. Inguru horretan finkatu ziren herri ugarien artean, bi izan ziren bereziki nabarmendu zirenak: juduak, antzinako munduan monoteismoa sartu zutelako eta feniziarrak, merkataritza eta nabigazioari eman zioten bultzadagatik.

Hebrearrak, «Jainkoaren herria»

Hebrearren historia oso ondo ezagutzen dugu Bibliari esker, Jainkoaren herria deitu izan denaren idatzizko dokumentu handia.

Eskrituren arabera, K.a. 2000. urte inguruan, Yahvek Abraham izeneko Ur hiriko sumertar bati, bere lurra utzi, basamortua gurutzatu eta Kanaan herri berria sortzeko agindu zion. Herri hori hebrear herria izan zen, Israel.

Lasaitasun eta oparotasunez beteriko mende batzuk eta gero, Palestina eskualde osoak, non hebrearrak bizi baitziren, gosete eta urritasun garaia ezagutu zuen. Josek, Jacob patriarkaren seme eta egiptoar faraoiaren bisirra, bere neba-arrebak Egipton hartu zituen. Han oparotasunean bizi izan ziren urteetan zehar, faraoi batek, segur aski Ramses II.ak esklabo egin zituen arte.

Moises buruzagiak askatu zituen. Honek Egiptotik Sinaiko penintsula gurutzatuz atera zituen. Itun Zaharrak esaten duenaren arabera, han hartu zuen Moises-ek Yahve-rengandik Hamar Aginduetan, zegoen Legea eta horren arabera gobernatu behar zen Israel. Ondoren, Josuek bere herria agindutako lurrera gidatzea lortu zuen, Palestinara.

Hebrear herriaren goraldia eta gainbehera

Hebrear herriaren urrezko aroa K.a. 1000. urte inguruan hasi zen, David erregearen garaian (K.a. 1006-966). Honek Jerusalem bere erresumako gune politiko eta erlijioso bihurtu zuen. David erregearen ostean Salomon etorri zen (K.a. 966-926) eta Jerusalemgo tenplua eta errege-jauregi handia eraiki zituen.

Goraldi garai horren ostean gainbehera etorri zen. Erresuma zati bitan banatu zen: Israel, Samarian hiriburua zuena, eta Judea, Jeruslemen hiriburua zuena. Israel, Iparraldean, asiriarren eskuetan erori zen eta berauen erregeak, Sargon II.ak, israeldar gehienak erbesteratuta eraman zituen (Israelgo galdutako hamabi tribuak). Judea, berriz, Nabukodonosorrek menderatu zuen eta Jerusalem suntsitu eta bertako tenplua birrindu ostean, ehun mila judu Babiloniara eraman zituen erbesteratuta. Hirurogeita hamar urte bizi izan ziren han (Babiloniako gatibutasuna), Ziro Handia errege persiarrak Babilonia hartu zuen arte eta Jerusalemera itzultzen utzi zieten arte.

Azkenez, Judea erromatarrek hartu zuten eta K.a. 66 eta 70 urte bitartean Titok zapaldutako judutarren altxamendua gertatu zen, Jerusalem hiria suntsitu zuen eta juduei Judean bizi izatea debekatu zieten, hau zela eta diaspora edo juduen sakabanatzea hasi zen.

Feniziarrak eta beraien merkataritza hedatzea

Abrahamen familia Urtik agindutako lurrera heltzean, kananeoen lurra zena, kananeok gaur egun Libanoko lurraldeak hartzen duen Mediterraneoko kostaldeko zerrendarantz atzera egiten hasi ziren. Non feniziar izenaz ezagutzen hasi baitziren.

Feniziarrek ez zuten Estatu baturik osatu, kostaldean kokatutako hiri independentetan antolatu ziren eta itsas merkataritzan buru belarri sartu ziren. Tiro eta Sidon hiriak nabarmendu ziren.

Hasiera baten, feniziarrek basamortuko bideetatik Mesopotamia eta Egiptorekin egiten zituzten merkataritza lanak. Denbora pasa ahala, nabigatzaile trebeak egin ziren eta Mediterranear itsas ertzak kolonizatzen hasi ziren. Zipre, Malta, Sizilia, Sardinia, Afrika Iparraldea eta Cadizgo kostaldea, Espainian, izan ziren merkataritza enklabe garrantzitsuak.

 

Emakumezkoaren giza itxurako sarkofagoa.

Feniziarren ekarpen kulturalak

Feniziarrak, herri ekintzaile eta sortzailea izan zen eta zibilizazioaren garapenerako garrantzi bereziko ezagupen batzuk garatu eta igorri zituzten:

  • Alfabetoa: Mesopotamia eta Egiptoko idatzietatik eratorritakoa ( 2 eta 3. gaia ikusi), feniziar alfabetoa greziar eta latindar alfabetoen sorrera izan zen. Feniziar alfabetoko zeinuek lengoaian ahoskatutako soinu guztiak adierazten zituen.
  • Nabigazio- eta ontzigintza-teknikak: Libanoko zedro zoragarriekin, feniziarrek salgaiak garraiatzeko gaulo izeneko haize- oihaldun itsasontzi zabalak eta berrogeita hamar arraunlariko gudarako galeoiak eraiki zituzten. Feniziar itsas gizonen zerbitzuak Salomon erregeak, Egiptoko faraoiek eta Babiloniako erregeek eskatu zituzten.

Data garrantzitsuak

  • 2000 inguruan Abraham Kanaanen finkatzen da, agindutako lurrean.
  • 1250 Egipton egonaldia egin eta gero, Moisesen gidaritzapean hebrearrak Kanaanera bueltatzen dira.
  • 1200 Hebrearrak Palestinan finkatzen dira. Hamabi tribuen konfederazioa.
  • 1006 Filisteoek Saul hil ostean, David errege izendatzen dute.
  • 1000 Fenizian Tiro hiriaren nagusitasun-aldia. Feniziar alfabetoa erabiltzen hasten da.
  • 966 Jerusalemen Salomonen erregealdiaren hasiera.
  • 926 Salomon hiltzen da eta erreinua zati bitan banatu: Juda eta Israel.
  • 814 Tiroko feniziarrek Kartago sortzen dute, Afrikako Iparraldean.
  • 722 Asiriako Sargon II.ak Israelgo erreinuari amaiera ematen dio.
  • 701 Senaquerib errege asiriarrak Fenizia hartzen du, Tiro izan ezik, eta Judaren erreinua menderatzen du.
  • 587 Nabukodonosor II.ak Jerusalem suntsitzen du. "Babiloniako gatibutasuna" hasten da.
  • 573 Nabukodonosor II.ak Tiro suntsitzen du.
  • 539 Persiako Ziro II.ak Palestina eta Fenizia hartzen ditu.
  • 333 Alexandro Handiak Fenizia eta Palestina hartzen ditu.

Itun Zaharra

Itun Zaharra judutar erlijioaren liburu sakratua da. Osatzen duten liburu desberdinek herri hebrearraren historia kontatzen dute. Bere esanahi dokumental eta erlijiosoaz gain, literatur balio handia ere badu.

 

Historiako lehenengo urtea

Erromaren eskuetan erori zenean, Judeak gainbehera eta menderapen garaia bizi zuen. Garai horretan Herodes Handiaren menpean zegoen eta hau erromatarren aliatua zen.

Juduek, Belenen Nazareteko Jesus jaio zenean askatzailea edo Mesiasaren etorreraren zain zeuden.

Horrela kristau aroa hasi zen eta gaur egun arte erabili izan dugun historia zenbatzeko modua.

 

Biblos, alfabetoaren sorrera

Biblos feniziar hiriak alfabetoa eta idatzi ahal izateko papiroa zabaldu zituen. Greziarrak idatzita zeuden papiro biribilkiei biblos (liburuak) deitzen hasi ziren. Hau dela eta deitu zitzaion "Biblia" juduen eta kristauen liburua sakratuari.