HISTORIA

Egeoa eta Persia

"Goraldidun emankorra"ren zibilizazio handien inguruan, geografikoki banatuta baina greziar zibilizazioaren sorreran batuko ziren kultur gune bi loratu ziren: Egeoa, greziar kulturaren sorrera, eta Persia, Asia Txikia eta Trazia greziar hirietaraino hedatuko zena. Azken honek heleniar munduaren kontzientzia unitarioa esnatuko zuen.

Kreta

Kretar edo minostar zibilizazioak, Egeoaren Brontze Arokoa, K. a. 1700. urtea eta gero izan zuen bere gorengo unea, irlako lehenengo jauregiak berreraiki zirenean. Jauregi hauek K.a. 2100. urtearen inguruan eraiki ziren eta inbasioren batek edo lurrikararen batek suntsituko zituen. Cnossos boterea beste guztien gainetik ezartzen joan zen eta seguruenik irla osoa menperatu zuen.

Kretak itsas inperioa edo talasokrazia egin zuen, Asia Txikia, Egipto eta Zikladeekin zuen merkataritzan oinarritutakoa. Bere zibilizazioa ondorengoagatik izan zen azpimarragarria:

  • Jauregietako arkitektura, berezkoa eta "labirinto-itxurakoa", lurzoruaren desberdintasunetara moldatzen diren maila-aldaketekin.
  • Beste arte-adierazpen batzuk, oso bizi eta dinamikoak, jauregietako freskoetan eta zeramika piezen apainduretan ikus daitekeen moduan.
  • Idazkera. Kretarren asmakizuna baina egiptoar aurrekariak zituena.

K.a. 1600-1560 urteren inguruan lurrikara berri batek minostar kulturari zoritxarreko amaiera eman zion.

Mizenas

K.a. 1600. urtearen inguruan Grezia kontinentalera akeoak heldu ziren, harresidun hiriak eraiki zituen herri gudaria. Hiri hauen artean Mizenas eta Tirinto azpimarratu behar dira. K.a. 1550. urtearen inguruan, Mizenas gune politiko eta artistiko garrantzitsuena zen eta bere eragina Peloponesoko Penintsula osora eta Egeora hedatzen zen.

Mizenastar zibilizazioaren ezaugarriak honako hauek dira:

  • Harresietako ziklope-arkitektura, harrizko bloke handiz altxatutakoa eta ondorengo garaietako greziarrek ziklopeek eraikitakotzat zeukatena.
  • Beste arte-adierazpen batzuetan minostar eragina, bitxi, fresko, zeramiketako pinturatan eta abarretan ikus daitekeena.
  • B lineal moduan ezagutzen den idazkera, Kretatik hartutakoa.

Mizenastar mundua printze desberdinen arteko barruko guden ondorioz erori zen. Hau Iparraldetik zetozen greziar hizkuntza zuten herri berrien etorrera baino lehen gertatu zen. Herriok doriarrak, joniarrak eta eoliarrak izan ziren.

Greziar Erdi Aroa

Burdinazko armek garaitu ezinak egiten zituzten doriarrek, K. aurreko XII. mende erdialderantz antzinako Greziako lurralde gehiena okupatu zuten. Okupatu ez zutenen artean, Atikan joniarrak finkatu ziren eta Iparraldean eoliarrak. Trantsizio-garai hau greziar Erdi Aro moduan ezagutzen da eta VIII. mendera arte luzatu zen.

Inbaditzaileak bertako biztanleriarekin elkartu ziren, batzutan garaitutakoekin nahastuz (Argos eta Korinton bezala) eta beste batzutan leinu menperatzaile moduan inposatuz (Tesalia eta Laconian). Mizenastar botere zentralizatua desagertzeak eskualde desberdinak beraien artean isolatzea eta polisa (hiri-estatua) sortzea ekarri zuen. Polisa geroagoko Greziaren historian garrantzi handiko instituzio politikoak izan zen.

Era berean, lehenago hasitako prozesua areagotu egin zen: Mediterraneoko kostaldearen kolonizazioa. Kreta, Egeoaren Hegoaldea eta Asia Txikirantz (XIII. mende inguruan Troyako guda izan zen lekuan) lehenengo mizenastar hedapenaren ondoren, doriarrek joniarrak asiar kostalderantz bultzatu zituzten. Horrela, heleniar kultura izaera bateratua hartzen joan zen, merkataritza-kontaktuek indartua.

Persia

Asia Txikia eta Ekialdeko Mediterraneoan greziar hedapenak, K. a. VI. mendetik aurrera beste zibilizazio handi baten aurkaritza izan zuen, persiarrena.

K.a. 1500 urtearen inguruan, Kaukasotik zetorren ariar herri gerrazalea Irango goi lautadan finkatu zen. Erresuma aurkari bi ezarri zuten:

  • Mediarrak: Iparraldean, Kaspiar Itsasoaren ondoan. Lehenengo inperioa K.a. 700. urtean sortu zuten. Bere errege Ziaxares edo Ziro I.ak (K.a. 625-585) asiriarrak garaitu zituen eta bere boterea Asia Txikiko zati handi batera hedatu zuen.
  • Persiarrak: Persiar golkoko Ekialdean. Ziro II.a Handiaren (K. a. 559-529) erregealdian, Asiria, Babilonia eta Indiako mugetaraino hedatzen ziren lurraldeak hartu zituela, mediarrak garaitu eta Akemenidar Inperioa ezarri zuten. Dario I.ak (K. a. 521-485) inperioari lurralde berriak eman zizkion eta hogei herrialde edo satrapiatan antolatu zuen. Hala ere, ezin izan zituen greziarrak menderatu, hauek irabazi baitzioten, Jerjes I.a (K. a. 485-465) bere ondorengoari bezala.

Data garrantzitsuak

  • 2500 Kretan minostar zibilizazioaren hasiera.
  • 1700 Kretar jauregiak lehenengoz suntsitzen dituzte.
  • 1600 Akeoak heldu eta mizenastar zibilizazioa hasten da.
  • 1560 Kretar jauregiak bigarrenez suntsitzen dituzte.
  • 1500 Irango goi lautadara arioak heltzen dira.
  • 1150 Akeo-mizenastar zibilizazioaren amaiera. Doriar, joniar eta eoliarrek migratzen dute.
  • 776 Lehenengo Joko Olinpikoak. Greziar zibilizazio arkaikoaren hasiera.
  • 770 Mendebaldeko Mediterraneoaren greziar kolonizazioa hasten da.
  • 700 Greziar kolonizazioa Ekialderantz.
  • 625 Mediar inperioaren sortzailea den Ziaxaresen erregealdiaren hasiera.
  • 556 Ziro II.ak mediar inperioa hartzen du. Akemenidar inperioaren hasiera.
  • 546 Asia Txikiko greziar hiriak menderatzen ditu Ziro II.ak.
  • 525 Cambisesek Egipto hartzen du.
  • 500 Asia Txikiko greziar hiriak Dario I.aren aurka matxinatzen dira. Guda mediarren hasiera.
  • 448 Artajerjes I.ak Kaliasko bakea sinatzen du greziarrekin. Guda mediarren amaiera.
  • 331 Alexandro Handiak Gaugamelan Dario III.ari irabazten dio. Akemenidar inperioaren amaiera.

Minosen labirintoa

Kretar zibilizazioaren kondairarik ezagunena Minos erregearena izan zen. Honek «labirintoa» eraiki zuen eta bertan Minotauroa bizi zen. Minotauroak gizonaren gorputza eta zezenaren burua zuen eta gizakiak jaten zituen. Teseo ateniar heroiak munstroa hil zuen eta Ariadnaren hariak gidaturik labirintotik ateratzea lortu zuen.

 

Minostar idazkera

Hiru minostar idazkera-mota daude:

Hieroglifikoa (K.a. 2000. urtetik 1600. urtera), ideograma eta zeinu fonetikoduna.

A lineala (K.a. 1550. urtetik), zeinu fonetiko silabikoz osatua.

B lineala (K.a. 1400-1200), mizenastarrek eta greziarrek erabilitakoa.

 

Troyako guda

XIX. mende amaieran, Heinrich Schliemann arkeologo alemaniarrak Troyako hondarrak aurkitu zituen. Troya Homerok Iliadan kontatzen duen guda gertatu zen lekua da eta guda honetan alde batetik akear edo mizenastarrak egon ziren, eta hiria zegokion Assuwa erresuma beste aldetik.

 

Akemenidar inperioaren administrazioa

Satrapek, herrialdeetako administratzaileak, erregeari eman behar izaten zizkioten zergak. Txanpon ofizialean ordaintzen zuten, urrezko darikotan.