HISTORIA

Erromatar Errepublika

K.a. 753. urte inguruan sortua, Erroma bere hasierako lurraldea zabalduz joan zen eta azkenik garai zaharreko inperio hiribururik zabalena bihurtu zen. Errepublika- garaian erromatar zibilizazioaren oinarrizko osagaiak taxutu ziren. Zibilizazio honen ezaugarriak zentzu praktikoa eta kanpoko kulturen eragina bereganatzeko ahalmena ziren, batez ere greziar ondaretik zetozenak.

Monarkia

Tiber ibaiaren bokaletik hurbil kokatuta, Italia erdi erdian, Erroma zazpi muino gainean zegoen herrixka taldea zen. K.a. 753. urtean Asia Txikitik etorri eta Italiar penintsularen erdian finkatutako herri etruskoak sortu zuen leku horretan Erroma.

Errege etruskoek K.a. 509. urtera arte gidatu zuten hiria, latindarrek Tarkino Handiustekoa erregea kendu eta Errepublika sortu zutenean.

Errepublika

Errepublika garaian, erromatarrek batzar edo komizioetan bildurik legeak eztabaidatu, erabakiak hartu eta magistratuak aukeratzen zituzten, hauek, herria gidatzen zutenak zirelarik. Senatuan familia nobleak edo patrizioak baino ez zeuden ordezkatuta eta magistratuei aholkua ematen ziena zen. Kanpoko politikari buruz erabakitzen zuen ere.

Gizartea ondorengoetan banatuta zegoen:

  • Patrizioak, lur eta abere talde gehienen jabeak zirenak. Senatuan parte hartzen zuten eta Estatuko magistraturarik altuenak hartzen zituzten.
  • Plebeioak, jabe txikiak, merkatariak eta artisauak. Gutxi gutxika patrizioekiko berdintasun politiko eta zibila lortu zuten.
  • Esklaboak, gudan hartutako gatibuak eta esklaboen seme-alaba, pertsonatzat hartzen ez zirenak. Basoan, meategietan edo patrizioen etxeetan morroi gisa lan egiten zuten.

Emakumeak bizitza politikotik kanpo zeuden.

Italiaren konkista

K.a. V eta IV. mendeetan, Erromak inguruko herriek behin eta berriro mehatxatzen zuten bizi irauteagatik borrokatu behar izan zuen. Legioetan oinarritutako antolakuntza militarra, hasten zegoen botere ekonomikoa eta Italiako komunikabideen artean geografikoki kokatuta egotea izan ziren segidan aipatzen diren hainbat gudaren ondorioz Erroma garaile ateratzea ahalbideratu zuten arrazoiak:

  • Sabino eta etruskoen aurkako guda. Veies, etruskoen hiri garrantzitsuena hartu ondoren (K.a. 406-396), erromatarrek Lazio eta Kanpania eskualdeak menpean hartu zituzten.
  • Galiarrek Iparraldetik egindako erasoa. Alian irabazi egin zuten (K.a. 387), baina jarraian Poko lautadarantz baztertu ziren.
  • Hiru guda samnitak (K.a. 343-290). Guda hauen ondoren Italia Erdialdean erromatarren nagusitasuna sendotu zen.
  • Tarentoko guda (K.a. 282-272). Pirro, Epiroko erregearen aurkakoa izan zen eta honen porrotak Erroma Magna Greciarekin elkartzea ahalbideratu zuen.

Guda punikoak

Italiaren konkista amaitu eta gero, Mediterraneoaren Mendebaldean bere interes politiko eta merkataritza interesak mehatxatzen zituen aurkari boteretsu bati aurre egin behar izan zion Erromak: Afrikako Iparraldean zegoen Kartago hiriari.

  • Lehenengo guda punikoa erromatar garaipenen segida izan zen: Milae (K.a. 260), Eknomo (K.a. 256), Panormo (K.a. 250) eta Egata irlak (K.a. 241). Guda honen emaitza kartagotarrak Korsika, Sardinia eta Siziliatik kanporatzea izan zen.
  • Bigarren guda punikoa, Anibal kartagotar jeneralak (K.a. 219) Hispanian Sagunto hartzearekin hasi zen. Anibalek bere armadarekin Pirinioak eta Alpeak gurutzatu zituen eta Trasimeno lakuko (K.a. 217) eta Kannasgo (K.a. 216) borroketan erromatarrak garaitu zituen. Erromak erreakzionatu egin zuen eta Publio Kornelio Eszipionek, Afrikarrak, Tunez (K.a. 204) eta Zaman (K.a. 202) garaipena lortu zuen.
  • Hirugarren guda punikoa Eszipion Emilianoren tropek (K.a. 146) Kartagoren deuseztapenarekin amaitu zen.

Errepublikaren krisia

Erroma 168. urtean Mazedoniari elkartu zitzaion eta hurrengo mendean Grezia, Asia Txikia, Egipto, Siria, Galiak eta Hispaniari. Erromaren lurralde hedapen handiaren ondorioa Errepublikaren krisi politiko eta gizarte arlokoa izan zen.

Senatuko aristokraziak beste maila batzuetara pasatu zuen boterea eta bitartean merkatariak aberastuz joan ziren eta nekazari jabe txikiak txirotuz.

Hainbat guda zibilen garaia igarota, Julio Zesarrek, berak, Pompeiok eta Krasok egindako triumviratua osatuz, ordena berrezartzen saiatu zen. Geroago, gobernu pertsonala ezarri nahi izan zuen, baina erail egin zuten. Orduan bigarren triumviratua osatu zuten Oktaviok, Lepidok eta Marko Antoniok.

Errepublika, ia bost mendetan egon izan zena, laster sistema politiko berri batek ordezkatuko zuen, Inperioak alegia.

Data garrantzitsuak

  • 753 Etruskoek Erroma hiria eraikitzen dute.
  • 509 Latindarrek monarkia etruskoa agintetik kendu eta Errepublika ezartzen dute.
  • 396 Erromatarrek Veies suntsitzen dute, etruskoen hiriburua.
  • 290 Samniten aurkako gudaren amaiera.
  • 264 Lehenengo guda punikoaren hasiera.
  • 241 Kartagotarren porrota Egata irletan. Lehenengo guda punikoaren amaiera.
  • 219 Anibalek Sagunto suntsitzen duenean bigarren guda punikoa hasten da.
  • 218 Anibalek Italiaranzko kanpaina hasten du, Alpeetan zehar.
  • 202 Erromak Zaman garaipena lortzen du. Bigarren guda punikoaren amaiera.
  • 149 Hirugarren guda punikoaren hasiera.
  • 148 Mazedonia erromatar probintzia bihurtzen da.
  • 146 Kartagoren suntsidura eta hirugarren guda punikoaren amaiera.
  • 133 Pergamoko Atalo III.ak, hiltzean, Erromari uzten dio bere erreinua.
  • 73 Espartako buruzagi dutela, esklaboen matxinada hasten da.
  • 64 Seleuzida erresuma erromatar herrialde bihurtzen da.
  • 60 Lehenengo triumviratua: Pompeio, Kraso eta Zesar.
  • 44 Julio Zesar eraila da.
  • 43 Bigarren triumviratua: Oktavio, Lepido eta Marko Antonio.

Romulo eta Remoren kondaira

Kapitolina otso emea Romulo eta Remori bularra ematen.

Kondairaren arabera, Romulo eta Remo anaia bikiak Erroma sortu zutenak izan ziren. Anaia bi hauek Marte eta Rhea Silviaren semeak ziren. Umetan, otso eme batek eman zien bularra eta irudi hau hiriaren ikurra bilakatu zen.

 

Erromako zazpi erregeak

Romulo, Numa Pompilio, Tulio Hostilio, Anko Marzio, Tarkino, Servio Tulio eta Tarkino Handiustekoa.

 

Erromako magistraturak

Kontsulak : Errepublikaren lehendakari eta guda garaian armadaren buru ziren. Kargu honek urtebete irauten zuen.

Pretoreak : justizia administratzen zuten.

Zentsoreak : herriaren morala zaindu eta biztanleria zentsuak egiten zituzten.

Edil kuruleak : zuzentasuna mantendu, ikuskatze lana eta monumentuak zaintzen zituzten.

Kuestoreak : kontsul eta pretoreei laguntzen zieten diruzaintza lanetan.

Patriziar familia baten jatorria zuen Julio Zesar (K.a. 101-44) magistratura guztietatik igaro zen, eta bere indar pertsonalari esker, Erromaren errepublika garaiari amaiera eman zion.