Erromatar Goiz-Inperioa
- TEST: Gezi bidez lotu
- TEST: Egia edo gezurra?
- GRAFIKOA: Inperioaren hedadura
- GRAFIKOA: Erroma eta Grezia, konparaketa
- EXTRA: Munduan Zehar
Oktavio Augusto
Kaio Oktavio edo Oktaviano, Julio Zesarren iloba-biloba (8. gaia ikusi), lehenengo erromatar enperadorea izan zen. Lepido bigarren triunbiratutik kendu ondoren eta Marko Antonio Actiumgo borrokan (K.a. 31) garaitu ondoren, zeinek Egiptoko erregina zen bere maitale Kleopatrarekin batera bere burua hil zuen, botere inperialerako aurkeztu zen bakarra izan zen.
K.a. 27. urtean, Senatuak augusto titulua eman zion eta titulu honekin batera bere kontsul izaerari ere gehitu zitzaizkion botere handia. Horrela Printzerriren erregimena ezarri zen eta honetan, printze edo lehenengo senatariak botere guztia hartzen zuen, nahiz eta formalki errepublikako erakundeak mantendu. Gainera, imperium edo armadaren gaineko agintea eta erromatar erlijioaren Aita Santu titulua ere hartu zituen.
Oktavio Augustoren Printzerrian Estatuko administrazioa berrantolatu egin zen maila guztietan, Senatutik hasi probintzietako funtzionarioak arte. Herriko diru-kutxak onbideratu ziren eta inperioko jurisdikzio berria sortu zen.Pax Romana
Augustoren garaian (K.a. 27- K.o. 14) Erromak lurralde-hedapen handia lortu zuen. Inperioa probintzietan banatu zen, gobernatzea eta ekonomia-ustiapena errazteko. Probintzia bakoitza gobernadore baten esku zegoen eta hau senatu edo enperadorearen menpe. Gobernadore horrek zergak bildu behar izaten zituen.
Mugen alde bateko eta besteko bakea legioek ziurtatzen zuten. Muga inguruetako kanpamendu garrantzitsuenak Rhin eta Danubio ibaien ondoan zeuden.
Merkataritza, diru bakarra erabiltzeak lagundurik, herrialde desberdinetan hasiz joan zen. Egiptoko garia eta datilak, Hispaniako metal eta laboreak, Greziako zeramikak eta Ekialdeko luxuzko gauzak alde batetik bestera zeramatzaten itsasontziek Mediterraneo, edo Mare Nostrum, zeharkatzen zuten.
Pax Romana (erromatar bakea) ekonomiko eta kulturalki loratu zen garaia izan zen. Erroma eraikin berriek edertu zuten eta garai hartako artista eta idazle garrantzitsuenak bertan bizi ziren, hala nola Virgilio poeta eta Tito Livio historiagilea.
Goiz-Inperioko dinastiak
Augustoren ostean hiru dinastia handi egon ziren.
- Julio-Klaudia dinastia (14-68). Erromako goi aristokraziaren adierazlea izan zen. Tiberio (14-37), Kaligula (37-41), Klaudio (41-54) eta Neron (54-68) enperadoreek inperioko sistema gogortu zuten, beren botere absolutua sendotuz.
- Flavia dinastia (69-96). Dinastia honetakoa izan zen Augusto bera eta dinastia hau italiar burgesiaren adierazlea zen. Vespasiano (69-79), Tito (79-81) eta Domizianok (81-96) inperioa berrantolatzeko esfortzu handia egin zuten.
- Antoninoen dinastia (96-192). Nervak (96-98) ezarri zuen eta probintzietako erromatarren adierazlea izan zen. Politika ez hain autoritarioa ezarri zuen. Trajano (98-117); Adriano (117-138); Antonino Pio (138-161) eta Marko Aurelio (161-180) izan ziren garrantzitsuenak.
III. mendeko krisialdia
Komodoren erailketa (192) eta gero, III. mendeko krisialdi handia hasi zen. Arrazoiak honako hauek izan ziren:
- Armadak gero eta eragin politiko handiagoa zuen eta horren ondorioz sortu zen ezegonkortasuna.
- Herri barbaroen mehatxuak.
- Indar militarrak mugetan mugitu gabe zeuden eta horrek defentsa militarraren ahultasuna ekarri zuen.
- Senatuaren eta erakundeen gainbehera, enperadorearen botere absolutuaren aurrean.
- Ogasun publikoaren gero eta egoera zailagoa. Honen arrazoia sarrerak jaitsi izana eta diruaren izen ona galtzea izan ziren.
Enperadore garrantzitsuenak hauek izan ziren:
- Septimio Severo (193-211). Armadaren zati desberdinek hautatutako beste hiru enperadoreri gailendu zitzaien eta Severoen dinastia ezarri zuen.
- Karakala (211-217). Herrialdeetako gizon aske guztiei hiritartasuna eman zien. Honen heriotzaren ondoren armadatik etorritako enperadore batzuk igaro ziren tronutik (anarkia militarra).
- Diokleziano (284-305). Senatua eta magistraturak kendu zituen eta Dominatua (Printzerriaren ordez) eta Tetrarkia ezarri zituen.
Data garrantzitsuak
- 27 Oktaviok augusto titulua hartzen du. Julio-Klaudia dinastia hasten da.
- 43 Klaudiok Britainiako konkista hasten du.
- 51 Partiarren aurkako gudak hasten dira (63. urtera arte).
- 58 Kanpaina militarrak Armenian.
- 68 Erroman sutea. Neronek kristauak direla esaten du.
- 69 Galia eta Judean altxamenduak. Vespasianok Flavia dinastia hasten du.
- 70 Titok Jerusalem suntsitzen du. Juduen sakabanatzea (Diaspora).
- 96 Antoninoen dinastiaren hasiera.
- 106 Trajanok Dazia hartzen du.
- 135 Juduen aurkako guda eta Jerusalem hartzea.
- 172 Marko Aurelioren kanpainak Rhin eta Danubion.
- 193 Danubioko legioek Septimio Severo jartzen dute tronuan.
- 235 Anarkia militarraren garaia hasten da.
- 284 Dioklezianoren erregealdia hasten da. Dominatua eta Tetrarkiaren erregimena.
Erromatar jainkoak
Jupiter: jainko garrantzitsuena, erromatar herriaren babeslea.
Junon: argiaren jainkosa eta emakumezkoen zaindaria.
Marte: gudaren jainkoa eta erromatar herriaren aita.
Vesta: etxeko eta suaren jainkosa.
Jano: atearen jainkoa da eta aurpegi bi ditu. Urteko lehenengo hilabeteari izena ematen dio (Januarius).
Minerva: arrazoiaren eta arteen jainkosa.
Neptuno: itsasoaren jainkoa.
Vulkano: sutegiaren jainkoa.
Venus: emankortasun eta lorategien jainkosa.
Zeres: laboreen jainkosa.
Diana: basoetako jainkosa.
Merkurio: merkatarien eta bidaiarien jainkoa.
Dioklezianoren Tetrarkia
Dioklezianoren administrazio-erreformak ondorengo banaketa ezarri zuen:
· Augusto bi: Diokleziano (Trazia, Asia eta Egipto) eta Maximiano (Italia, Retia eta Afrika).
· Zesar bi: Konstanzio Kloro (Galia, Hispania eta Britainia) eta Galieno (Iliria, danubiar probintziak eta Akaia).
