HISTORIA

«« Itzuli

Erromanizazioa Euskal Herrian

Pompelo

Guda sertoriarren testuinguruan, Sila-k Hispania Ziteriorrera bidali zuen Cneo Pompeyo. Pirinioen erdialdetik gurutzatu zuen, eta probintzian sartu zen (K.a. 76. urtea). Borroka latza izan zen hilabete batzuetan baina ez batzuek eta ez besteek ez zuten garaitu aurkakoa. Baliteke aldi hartan Pompeyok itunak izenpetzea Baskoiekin.

K.a. 75. urteko neguan, Ponpeyok Baskoien lurraldera jo zuen. Han kokatu zuen bere armada eta biltokiak eraiki zituen Akitaniatik jasotzen zuen garia gordetzeko asmoz. Inon ez da ageri gatazka izan zenik baskoien eta erromatarren artean. Litekeena da bi alderdien artean nolabaiteko ituna izatea eta horrek Baskoiei aukera ematea zabaldu eta zeltiberiarrei gailentzeko.

Legioak Olcairun edo Olcairum izeneko saripeko herri batean kokatu ziren. Hainbat arrazoirengatik toki egokia zen negua pasatzeko:

  • Eremu hartako biztanleak erromatarren adiskideak ziren. Gainera, tribuen eremua, hau da, guztiz erromatartu gabea zenez, armadaren kuartelera biltzea errazten zuen.
  • Kokapena zela eta, sertoriarren edo haien aliatu zeltiberiarren erasoak kontrolatzea erraza zen.
  • Arga ibaia babes naturala zen mendialdetik zetozen erasoetarako.
  • Akitania arrazoizko distantzia batera zegoenez, hornigaiak eskuratzea erraza zen.

Azkenik, Pompeyok hiri bat sortu zuen kuartel-eremuaren gainean eta bere izena eman zion: Pompeo, gaurko Iruñea. Herri zaharreko euskaldunak, legionarioak eta gertuko Baskoi jendea izan ziren hiri berriko lehen biztanleak.