HISTORIA

Europa karolinjioa

Mendebaldeko Erromatar Inperioa suntsitu eta hiru mende geroago, errege franko bat, Karlomagno, enperadore berri koroatu zuten Erroman, eta bere agintea Mendebaldeko Europa gehienean hedatzea lortu zuen. Bere erregealdian kultura eta arteak karolinjio izenez ezagutzen dugun garai distiratsua bizi izan zuten.

Sorrera eta antolaketa

Franko erresuma, Erromatar Inperioa erori eta gero ezarrita, elkartuta mantentzea eta bizirik irautea lortu zuen germaniar erresumetatik bakarra izan zen.

Merovinjiar dinastiaren garaian (482-751), nobleziaren eraginak botere politiko eta militarra jauregietako maiordomoen eskuetan egotea ekarri zuen. VII. mendetik, kargu hau Heristal familiakoentzat izan zen. Hauetatik garrantzitsuena Karlos Martel (714-741) izan zen, zeinek Poitierseko borrokan musulmanen aurreratzea gelditu zuen.

Pipino Motzak (751-768) azken errege merovinjiarra tronutik kendu zuen eta dinastia karolinjioa sortu zuen. Bere seme Karlomagnok (768-814) Mendebaldeko Erromatar Inperioaren batasuna berregin nahi izan zuen, kanpaina militar ugari eta administrazio antolaketa eraginkor baten bidez.

800. urteko Gabon egunean, Leon III. Aita Santuak Karlomagno "erromatarren enperadore" koroatu zuen Erromako San Pedro elizan. Inperio berriak Mendebaldeko Europako herri kristau gehienak batzen zituen enperadorearen botere politikoaren menpean eta Aita Santuaren erlijio-agintearen menpean.

Inperioa herrialde edo konderrietan zatitu zen, comes edo konte batek gidatzen zuena. Mugetako herrialdeak edo markak, comes edo markesak gidatzen zituen. Missi dominici edo enperadorearen ordezkariek subiranoak emandako aginduak herrialdeetan betetzen zirela zaintzen zuten.

Berpizkunde karolinjioa

Kleroa, funtzionarioak eta bere herria hezteko beharrizana ikusirik, Karlomagnok bere fraide-eskolatan eta katedralikoetan Elizaren jarduera kulturala bultzatu zuen. Hauetan triviuma (gramatika, erretorika eta dialektika) eta quadriviuma (aritmetika, geometria, musika eta astronomia) irakasten ziren.

Gainera, enperadoreak bere hiriburuan, Akisgranen Jauregiko Eskola sortu zuen, Yorkeko Alkuino teologo eta historialariak zuzentzen zuena. Erakunde honek jakitun handiak batu zituen, hala nola, Pisako Pedro eta Akileyako Paulino gramatikalariak, Pablo Diacono historialaria eta Teodulfo poemagile hispaniarra.

Garai hartan nabarmendu zenetariko bat Juan Erigena izan zen, Mendebaldean Erdi Aroko lehenengo berezko filosofoa.

Arteen arloan berpizkunde karolinjioa originalagoa izan zen. Arkitekturan Akisgrango jauregiko kapera (Ravenako San Vital bizantziar basilikan inspiratutakoa) eta Luis Errukiorra eta Lotarioren garaiko erlijio eraikinak nabarmendu ziren. Hauek, geroagoko estilo erromanikoa izango zena aurreratzen zuten beren berrikuntzekin.

Hala ere, arte karolinjioak bere goreneko unea liturgia-liburuen koadernaketa eta miniaturekin lortu zuen.

Inperio karolinjioaren desegitea

Inperioaren bizitza laburra izan zen. Karlomagno bere seme Luis Errukiorrak, Ludoviko Pio (814-840) ere deitu izan zenak, jarraitu zuen. Honen semeek, hainbat borroka eta gero, 843. urteko Verdungo itunean lurraldea banatu zuten.

  • 823tik enperadore titulua zuen Lotariok (843-855) Lotaringia lortu zuen, Frisia, Rodanoaren ezkerreko ertza, Proventza, Lonbardia eta Borgoinako zati batek osatzen zutena.
  • Karlos Burusoila (843-877) Neustria eta Akitaniarekin geratu zen, hau da, Lotaringiaren Mendebaldean kokatutako lurrekin, geroago Frantzia izango zirenak.
  • Luis Germaniarrak (843-876) Mendebaldeko lurrak, Austrasia eta Germania, hartu zituen, geroago Alemania izango zirenak.

870. urtean Lotaringia beste erresuma bien artean zatituta geratu zen.

Data garrantzitsuak

  • 732 Heristalgo Pipinoren semea den Karlos Martelek musulmanak geldiarazten ditu Poitiersen.
  • 751 Pipino Motzak azken errege merovingioa tronutik kentzen du.
  • 755 Aita Santuak deituta, Pipinok lonbardiarrak erasotzen ditu eta beren konkistak kentzen die.
  • 759 Pipinok musulmanei Septimania konkistatzen die.
  • 768 Hiltzean, Pipino Motzak bere seme Karlos (Karlomagno) eta Karlomanen artean banatzen du erresuma.
  • 771 Karlomanen heriotzak Karlomagnori erresuma frankoaren batasuna berrezartzen uzten dio.
  • 774 Erresuma lonbardiarren anexioa.
  • 781 Yorkeko Alkuino Akisgranera heltzen da Jauregiko Eskola zuzentzeko.
  • 788 Bavariaren anexioa.
  • 796 Abaroen menderatzea, Panonian.
  • 800 Leon III. Aita Santuak Karlomagno enperadore koroatzen du.
  • 801 Marka Hispaniarra sortzen da.
  • 802 Saxoiekin adiskidetzea.
  • 814 Karlomagno Akisgranen hiltzen da. Bere seme Luis Errukiorra ondorengoa da.
  • 840 Luis Errukiorraren heriotza.
  • 843 Verdungo ituna. Lotario, Karlos Burusoila eta Luis Germaniarrak Inperioa banatzen dute.

Karlomagno

Karlomagnoren zaldizko estatua.

Karlomagnok iparraldean saxoiak garaitu zituen; Ekialdean eslaviarrak geldiarazi eta Panonia konkistatu zuen; Hegoaldean, Italian, lonbardiar erresumaren jabe egin zen eta bere babespean geratu ziren Elizaren Estatuak; Espainian, Hispaniar Marka osatu zuen Bartzelona eta Gironako lurraldeekin.

 

Orreagako borrokan Rolandoren heriotza

Rolando hilda adierazten duen Frantziako kronika Handien miniatura.

788. urte inguruan, Karlomagnok musulmanen menpean zegoen Zaragoza hartzen saiatu zen. Itzuleran euskaldun menditarrek armada frankoa Orreagako pasabidean ustekabean harrapatu zuten. Han hil zen bere ordezkaria, Rolando.