HISTORIA

Iberiar penintsulako kristau-erresumak (I)

Iberiar penintsulan musulmanen konkistak ez zituen Kantauri eta Pirinioetako eskualde menditsuak hartu, non aurre egite guneak antolatu ziren.

Errekonkistaren hasierak

Errekonkistaren lehenengo gunea Asturiasko erresuma izan zen. Noble bisigodo batek antolatu zuen, On Pelaiok (h. 737). Honek, armada txiki baten buru zela, Covadongako borrokan (722) musulman indarrak garaitzea lortu zuen. Alfontso II.ak (791-842) Oviedon ezarri zuen hiriburua. Alfontso III.arekin (866-910) erresuma Dueroraino heldu zen. Gartzia I.ak (910-914) Leonera eraman zuen hiriburua eta Asturiasko erresuma Leongo erresuma deitzera pasatu zen.

Fernan Gonzalez kondearen garaian (923-970) Gaztelako konderria Leonengandik banatu zen eta IX. mendean zehar Pirinioetako eskualdean beste estatu txiki batzuk sortu ziren:

  • Aragoiko konderria.
  • Iruñeko erresuma, Antso III.a Nagusia (1000-1035) buruzagi zuela, Penintsulako kristau-erresumarik ahaltsuena izan zen. Bere agintepean zeuzkan bai Aragoiko konderria, bai Sobrarbe eta Ribagorzako konderriak eta baita, geroago, Gaztelako konderria eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeak ere.
  • Kataluniako konderriak. Franko erregearengandik Bartzelonako Wifredo Biloduna kondearekin (870-897) independente egin ziren.

Tajorainoko zabalkundea

XI. mendean, Kordobako kalifatzaren desintegrazioak (15. gaia ikusi) erresuma kristauei erasora pasatzen utzi zieten. Nafarroako Fernando I.ak (1032-1065) Gaztelako konderria heredatu zuen eta, geroago, bere koinatu Bermudo III.aren heriotzarekin, Leongo erresuma.

Gartzia Sanchez III.ak (1035-1054) Nafarroako erresuma heredatu zuen. Bere anaia Fernando I.ak Atapuercan garaitu zuen (1054) eta jarraian honek Badajoz, Zaragoza, Toledo eta Sevillako musulman erregeen kontrako kanpaina batzuk gidatu zituen. Errege hauek bere zergadun bihurtu ziren.

Hil baino lehenago Fernando I.ak bere semeen artean banatu zuen erresuma, baina Gaztela eta Leon Alfontso VI.arekin (1072-1109) berriro elkartu ziren. Honek indar berria eman zion Errekonkistari.

  • Alfontso VI.aren kanpainek Tajo ibairaino eraman zuten eta 1085. urtean Toledo konkistatu zuen, bisigodoen antzinako hiriburua.
  • Erresuma musulmanen gaineko kristau mehatxuak laguntza eske almoravideak deitzera behartu zituen. Hauek Alfontso VI.a garaitu zuten Sagrajas edo Zalacan (1086) eta hegoalderanzko kristauen aurreratzea gelditu zuten.
  • Kristauen aurreratzea Rodrigo Diaz, Cid Campeadorren (1043 inguru-1099) kanpaina garaileekin baino ez zen orekatu. Honek Valentzia konkistatu zuen (1094). Bere heriotzaren ondoren musulmanek berriro hartu zuten hiria.

Alfontso VII.ak (1126-1157) Andaluziatik zehar kanpaina bikaina egin zuen, Kordoba eta Almeria konkistatuz. Baina almohadeen etorrerak atzeraka egitera behartu zuen.

Aragoiko koroa

Antso I Ramirezek (1063-1094) Aragoiko Errekonkista hasi zuen. Nafarroako Antso III.aren semea zen eta Gaztela eta Leongo erregeak bezala, bere erresuma musulman lurraldeetarantz hedatzera erabakita zegoen. Hori zela eta, Huesca, Lleida eta Zaragozako lurretatik erasoaldiak egin zituen, nahiz eta ez izan nahi bezalako emaitzarik lortu.

Bere seme Pedro I.ak (1094-1104) Huesca hartu zuen, Cidari Valentziaren babesean lagundu zion eta Barbastro berreskuratu zuen, beste herri batzuekin batera.

Bere anaia Pedro I.a hil zenean, Alfontso I. Batailariak (1104-1134) erresuma heredatu zuen. 1118an Zaragozak amore ematea lortu zuen, hurrengo urtean Tutera okupatu zuen eta 1120.ean almoravideak garaitu zituen. Ebroko lerrora heltzearekin ez zen pozik geratu eta Batailariak Fraga eta Mequinenza konkistatu zituen. Gero Granadako ibarretik sartu zen eta hortik hamalau bat mila mozaraberekin (musulman lurraldeetako kristauak) bueltatu zen. Hauekin Ebroren eskumako ertza birpopulatu zuen.

Alfontsok bere erresuma testamentuan ordena militarrei utzi zien eta honek Aragoi eta Nafarroako erresumak banatzea ekarri zuen.

Aragoi eta Katalunia batzea behin betiko egin zen Bartzelonako kondea zen Ramon Berenger IV.aren (1131-1162) eta Aragoiko Petronilaren ezkontzarekin. Ramon Berenger IV.ak Tortosa hartu zuen eta geroago Aragoiko erresuma Lerida, Fraga eta Mekinenzako lurraldeekin handitu zen.

Data garrantzitsuak

  • 711 Tariken agindupean musulmanak penintsulan sartzen dira.
  • 722 Covadongako borrokan On Pelayok musulmanak garaitzen ditu eta Asturiasko erresuma sortzen du.
  • 756 Abd al- Rahman I.a Damaskoko kalifatzaz independente egin eta Kordobako emir izendatzen dute.
  • 801 Frankoek Bartzelona hartu zuten eta Hispaniar Marka Pirinioen Hegoaldean ezartzen dute.
  • 808 Asturiasko erresumak Oviedo hiriburua bilakatzen du.
  • 813 Jakue apostoluaren hilobia aurkitzen dute.
  • 878 Wifredo Bilotsua Bartzelonako kondeak katalan konderriak batzen ditu eta Frantziaz independente egiten da.
  • 929 Abd al- Rahman III.ak Kordobako kalifatza sortzen du.
  • 946 Fernan Gonzalezek Gaztelako konderria Leongo erresumaz independente egiten du.
  • 997 Anmanzorrek Compostelako Donejakue arpilatzen du.
  • 1085 Alfontso VI.ak Toledo hartzen du eta Tajoraino eramaten du Errekonkistaren lerroa.
  • 1086 Almoravideak penintsulan sartzen dira eta kristauen aurrerapena gelditzen da.
  • 1094 Cidek Valentzia konkistatzen du.
  • 1118 Aragoiko Alfontso I.ak Zaragoza hartzen du.
  • 1137 Aragoi eta Katalunia elkartzen dira.
  • 1143 Gaztela eta Leongo Alfontso VII.ak Portugalen independentzia onartzen du.
  • 1145 Almohadeak penintsulan lehorreratzen dira.

Urraka Anderea eta Alfontso I

Gaztela eta Leongo erregina (1109-1126) eta Alfontso VII.aren ama zen Urraka Andrea eta Alfontso I Batailariaren arteko ezkontzak aragoiar eta gaztelauen arteko borroka latzak ekarri zituen. Honek erresuma kristauen Hegoalderanzko aurreratzea gelditu zuten.

Alfontso I.a Batailaria Aragoiko erregea. Bere erregealdian, Errekonkistak Ekialdean aurrerapen handia egin zuen.

 

Euskaldunak: Gaztela, Iruñea eta Aragoi artean

Euskaldunek eginkizun handia bete zuten kristau-erresumak osatu eta garatzeko garaian. Iruñeko erresuma baskoiez osatua zen gehienbat, eta inguruko lurraldeetako biztanleak ere bazituen, hegoalde eta mendebaldeko lurraldeetara ere hedatuak baitziren garai hartan.

Aragoiko konderrian ere baskoi ugari zegoen. Euskaldunak Gaztelako konderriaren sorrerari lotu-loturik ageri dira, eta hartan oinarritua hasi zen Arabako konderria eratzen (IX. eta X. mendeak). Konderri hori izan zen egungo Arabako probintziaren ernamuina, eta esan daiteke egungo Euskadiko lurraldearen lehenengo antolatze eta egituratze egokia izan zela.

Bizkaiko probintziak gaur egun duen antolamenduaren jatorria Harotarren sendiari loturik dago. Gipuzkoako lurraldea antolatzeko lehenengo urratsak, berriz, Iruñeko erresumaren mende zegoen garaikoak dira.

Aldian-aldian Nafarroaren eta Iruñearen mende egon ondoren (Antso III.a Nagusiaren garaitik Antso VII.aren agintaldiko 1200. urtea arte) hiru lurralde horiek Gaztelarekin bat egiten hasi ziren, eta denborarekin esku-hartze handia izan zuten bertan.