Gurutzadetako Europa
- EXTRA: Munduan Zehar
Elizaren sendotzea
Politikoki estatu askotan zatituta dagoen kontinente batetan, Europako Erdi Aroan zehar Eliza estatu arteko mugak zeharkatzen zituen erakunde bakarra zen.
- Politikan, aita santuek estatu kristauen arazoetan esku hartu eta erregeen arteko gatazketan arbitratzen zuten.
- Ekonomian, lurraren jabetzaren zati handi bat monasterio, komentu eta katedralen eskuetan zegoen. Hauek, jaunak bezala, errentak eta erroldak ere kobratzen zizkieten euren jopuei. Halaber, nekazari guztiek, libreak barne, euren uzten hamarrena ordaindu behar zioten Elizari.
Erromako aita santuak euren boterearen nagusitasunari eusten zioten, erregeek eta enperadoreak zutenaren gainetik. Eliza eta Inperio Santuaren arteko aurka egiteek Inbestiduren Gerra sortu zuten, apezpiku eta elizako beste karguak izendatzerakoan zegoen eskuduntza gatazkaren ondorioz. Wormseko Konkordatuaren itzalpean, Enrike V. enperadoreak (1106-1125) Aita Santua agintaritzat hartu zuen.
Aita Santuen boterearen indartzea eta monako ordenen zabalkundea batera izan ziren: Klunitarrena, X. eta XI. mendeetan, eta Zistertarrena, XII. mendean.
Gizarte feudalaren sendotzea
Jaun eta jopuen arteko gizarte eta ekonomi harremanekin batera (17. gaia ikusi), gizarte feudalaren beste ezaugarri bat basailutza harremanen ezarketa izan zen, lotura politikoen ordez.
Basailutza harreman pertsonala zen, nobleziaren maila ezberdinak hierarkikoki lotzen zituena: baroiak, kondeak, markesak, jaunak eta behe noblezia. Jauna gotorleku baten jabea zen, lur eta jopu asko zituena, eta basailua gizon librea zen, orokorrean maila txikiagoko noble bat.
Basailutza zeremonian basailuak bere jaunari gorazarre egiten zion, bere eskuak azken honen eskuen artean jarriz, eta aurpegian edo ahoan muin eginez.
- Basailuak jaunarekiko leialtasuna zin egiten zuen eta bere laguntza eskaintzen ziola hitz ematen zuen, batez ere esparru militarrean.
- Jaunak basailuari babestuko zuela ziurtatzen zion, eta mantentzeko konpromisoa hartzen zuen, bai bere etxean edo gaztelu batetan, bai bere kabuz mantentzeko ematen zion lurralde batetan. Emate honi feudo deitzen zitzaion. Hasieran aldi baterako ematen zen, basailuaren leialtasunaren arabera, baina laster biziartekoa eta jaraunstekoa izatera pasatu zuen. Ondorioz, feudoa gurasoetatik semeetara pasatzen zen.
Gurutzadak
1095. urtean, Urbano II. Aita Santuak (1088-1099) Mendebaldeko kristau guztiei deialdi bat egin zien, musulmanen eskuetan zegoen Lurralde Santua berreskuratzeko. Hau dela eta, espedizio militarrez beteriko garai bat hasi zen, mende bat baino gehiago iraun zuena.
- Lehen Gurutzada (1096-1099). Antiokia menderatu ondoren, 1099. urtean gurutzatuak Jerusalemen jabe egin ziren eta estatu feudal batzuk sortu zituzten.
- Bigarren Gurutzada (1147-1149). San Bernardo Clairvauxkoak (1090-1153) aldarrikatutako Gurutzada hau Frantziako Luis VII. erregeak (1137-1180) eta Konrado III. (1138-1152) enperadoreak zuzendu zuten, eta porrotean amaitu zuen. 1187. urtean Saladinok Jerusalem berreskuratu zuen.
- Hirugarren Gurutzada (1189-1192). Federiko I. "Bizargorri" enperadoreak (1122-1190) zuzendu zuen, Rikardo "Lehoi-bihotza" eta Frantziako Felipe II.arekin batera. Ezin izan zuten Jerusalem berreskuratu, baina Rikardo errege ingelesak Txipre eta San Joan Acrekoaren jabe egin zen.
- Laugarren Gurutzada (1202-1204). Honen helmuga Egipto izan arren, Veneziako gurutzatuek Bizantziar Inperioaren kontra bideratu zuten. Konstantinopla menderatu ondoren (1203), Ekialdeko Latindar Inperioa sortu zuten (13. gaia ikusi) (1204-1261).
- Bosgarren Gurutzada (1217-1221). Hungariako Andres II. erregeak (1205-1235) zuzendu zuen Egiptoren kontra. Honi esker, Daimietako gotorlekua menderatu ahal izan zen, laster utzi bazuten ere.
- Seigarren Gurutzada (1128-1229). Federiko II. enperadoreak (1220-1250) antolatu zuen. Egiptoko sultanarekin egindako itun bati esker (1229), Jerusalem, Belen eta Nazaret okupatu zituen. 1244an musulmanek Jerusalem berreskuratu zuten behin betiko.
- Zazpigarren (1248-1254) eta zortzigarren (1270) Gurutzadak: Frantziako Luis IX.ak edo San Luisek (1226-1270) hasi zituen, Egipto eta Tunisen kontra, hurrenez hurren, eta biek porrot egin zuten.


Data garrantzitsuak
- 1099 Lehen gurutzadaren amaiera, Jerusalem menderatuz.
- 1147 San Bernardo Clairvauxkoak bigarren gurutzada aldarrikatzen du.
- 1187 Saladinok Jerusalem hartzen du.
- 1203 Laugarren gurutzadan zehar, veneziarrak Konstantinoplaz jabetzen dira.
- 1204 Gurutzatuek Ekialdeko Latindar Inperioa sortzen dute.
- 1212 Umeen gurutzada: milaka nerabe hil edo Egipton esklabo bihurtzen dituzte.
- 1215 Bosgarren gurutzada hasten da.
- 1228 Alemaniako Federiko II.ak seigarren gurutzada antolatzen du Egiptoren kontra.
- 1244 Musulmanek Jerusalemen jabe egiten dira behin betiko.
- 1248 Frantziako Luis IX erregeak (San Luis) zazpigarren gurutzadari hasiera ematen dio.
- 1270 Luis IX erregeak zortzigarren gurutzada antolatzen du.
Canossako iraina
Inbestiduren borrokaren gorengo unean, Gregorio VII Aita Santuak Enrike IV.a, Alemaniako enperadorea, eskumikatu zuen. Hau, Aita Santuaren barkamena lortzeko, 1077. urteko urtarrilean Canossako gotorlekuaren aurrean aurkeztu zen penitentez jantzita eta elur gainean ibiliz.
Ordena militarrak gurutzatuek Lurralde Santuan egindako konkistak sendotzeko eratu ziren. Hona hemen ordena nagusiak:
- Maltako ordena (1113).
- Tenpleko ordena (1119).
- Ordena Teutonikoa (1189).
Arte erromanikoa
Monje klunitarrek eta leku sakratuetara (Jerusalem, Erroma, Santiago) zihoazen erromesek lehen europar artea ezagutarazi zuten Mendebalde osoan. Arkitektura erromanikoaren ezaugarri nagusia kontrahorma, pilare eta horma lodiek eutsitako kanoi gangaren erabilpena da.
