Gotikoaren une gorena
- EXTRA: Munduan Zehar
Europar ekonomia
XI. mendetik XII.era, Europako populazioa berrogeita bi miloi biztanle izatetik hirurogeita hamahiru miloi izatera pasatu zen. Hazkunde demografiko hau hazkunde ekonomikoari estuki lotuta zegoen, zenbait faktore zirela eta:
- Luberritze prozesua (padurak, inguru zingiratsuak) eta landutako azaleraren handitzea (Ekialdearen kolonizazio alemaniarra eta Iberiar penintsulan izandako kristauen birpopulaketak).
- Nekazal etekinen hobekuntza, berrikuntza teknikoei esker:
- Normandiar jatorriko golde belarridunaren sarrera, metalezko nabarra duena.
- Hiru urteroko labore txandaketa, lurra onera ekartzeko baliagarriagoa baita.
- Ureztatzeko tekniken hobekuntza eta labore berrien agerpena Mediterraneoko inguruan.
- Aurretiko uztarriaren eta koilarearen erabilpena lor-abereetan, zaldien apoetarako ferrarekin batera.
- Komunikazioen hobekuntza: nabigatzeko teknika eta tresneria berriak, edukiera handiagoko ontziak (koka), bide eta zubi berriak.
- Ordaintzeko modu berrien zabalkundea, adibidez, kanbio-letra eta banku-tekniken garapena.
Hiriak eta merkataritza
Hiriak Europa osoan zehar suspertu baziren, oparotasun ekonomikoari esker izan zen eta batez ere, nekazaritzaren esparruan, horrek gero eta ugariagoa zen hiri-populazio bat hornitzea posible egin zuen eta.
Hiriak honakoak ziren:
- Manufakturak ekoizteko zentroak: lanbide ezberdinetako artisauak gremio eta kofradietan biltzen ziren, eta hiru kategoria profesionaletan sailkatuta zeuden: ikastunak, ofizialak eta maisuak.
- Merkataritza trukaketarako zentroak: baserritarrek hirian beren produktuak saldu eta artisau-produktuak erosten zituzten. Halaber, hiri askok ibilbide luzeko merkataritza garatu zuten.
Erdi Aroko hirietako gizarte-mota ohikoena burgesa zen, burgu izeneko merkataritza- eta artisau-auzoko biztanlea. Beren aberastasun eta boterearen arabera, burgesak mota ezberdinetakoak izan zitezkeen:
- Lanbide nagusietako merkatari eta maisuak, hiriko gobernua kontrolatzen zutenak.
- Artisau eta merkatari xumeagoak, populazioaren gehiengoa osatzen zutenak.
- Pobreak eta marjinatuak.
Hiri batzuk gutxiengo etnikoak zituzten, esate baterako, mairu eta juduak, berezko auzoetan sartuta bizi zirenak (mairu-auzo eta judutegietan).
Berriztapen kulturala
Hiriek, jarduera ekonomikoaren guneak izateaz gain, ikasketa- eta garapen intelektualeko zentro nagusiak barne hartzen zituzten:
- Eskeko ordena berrien komentuak, domingotar eta frantziskotarrenak batez ere.
- Unibertsitateak, garai honetan monako- eta apezpiku-eskoletatik sortzen direnak. Horietan laster garatu zen arrazoizko espekulazioa eta Elizaren doktrina-agintaritzarekiko autonomia lortzeko interesa.
Unibertsitateak fakultatetan antolatuta zeuden (Arte Liberalak, Medikuntza, Zuzenbidea, Teologia) eta lau maila eskaintzen zituzten: batxiler, lizentziatu, maisu eta doktore.
Unibertsitateko irakaskuntzan erabiltzen zen sistema metodo eskolastikoa zen. Honela sailkatuta zegoen:
- Lectio, testu baten irakurketa, Bibliarena edo idazle klasiko batena, batez ere Aristotelesena.
- Questio, irakurketatik ateratzen zen problema.
- Disputatio, proposatutako problemari buruzko eztabaida.
- Conclusio, maisuak hartutakoa.
Elizak idazketa-ezagutzaren jabe bakarra izaten utzi zuen, eta gero eta gehiago ziren irakurtzen eta idazten zekiten laikoak. Dokumentu ofizialak idazterakoan, herri-hizkuntzak erabiltzen hasi ziren latinaren ordez, literatur sormenerako baliabide berria bihurtu zirelarik.
Data garrantzitsuak
- 1088 Lehen unibertsitatea sortzen da Bolognan.
- 1132 Arkitektura gotikoaren lehen adibidea izango den Saint-Deniseko abade-eliza eraikitzen hasten da.
- 1170 Pariseko Unibertsitatearen sorrera.
- 1190 Maimonidesek Guía de perplejos idazten du, Santo Tomas Aquinokoarengan eragina izango duena.
- 1209 Elizak sakramentuak eta eliza-hierarkia onartzen ez zituzten albitar heretikoei aurre egiten die.
- 1210 Eskeko monje eta predikariek osatutako frantziskotar ordenaren sorrera.
- 1215 Inozentzio III. Aita Santuak Latrango IV. Kontzilioa biltzen du, Erdi Aroan Aita Santuaren agintearen goren aldia markatzen duena.
- 1221 Burgoseko katedralaren eraikuntza hasten da, 1260ra arte iraungo duena.
- 1231 Gregorio IX. Aita Santuak Inkisizioa sortzen du, heresia, sineskeria, sorgintza eta fedea-uztea zapaltzeko.
- 1243 Salamancako Unibertsitatearen sorrera.
- 1250 Leongo katedralaren eraikuntza hasten da.
- 1349 Gertaeren ezagutza enpirikoa postulatu zuen Ockhamgo Gilermo filosofoa hiltzen da.
- 1273 Santo Tomas Aquinokoak Summa Theologica amaitzen du.
- 1358 Liga Hanseatikoa eratzen da.
Europako ekonomiaren gune nagusiak
Europako ekonomiaren gune nagusiak hauek izan ziren:
- Flandes eta Frantziako Iparraldea (oihal-industria).
- Hansa, Alemaniako Iparraldeko eta Baltikoko hiriak lotzen zituen merkataritza-liga.
- Italiako hiriak, finantza-tekniketan aitzindariak (Venezia, Genoa, Milan, Florentzia, Pisa, etab.).
Atlantikoko euskal merkataritza eta burdinolen goraldia: gizarte baten etengabeko aldaketa
1200. urtetik aurrera, egungo euskal probintziek Gaztelako koroarekin bat egin ondoren, hainbat prozesu ekonomiko bizkortzen hasi ziren, eta kostaldeko herrietako merkataritzak gora egin zuen. Euskal itsasontziek era guztietako produktuak (artilea, ardoa, manufakturaturiko ehunak?) eramaten zituzten Atlantikoko portuetara (Flandes, Ingalaterra, Frantzia, etab.).
Merkataritzaren hazkunde horrekin batera burdinoletako ekoizpena ere handitu egin zen. Aldaketa horrek eragin nabaria izan zuen gizartean; hain zuzen ere, nekazarien gizartea -oso gizarte feudala- garrantzia galtzen hasi zen, eta merkataritza-lanetarako hainbat pribilegio zituzten eskulangile eta merkatarien hiriak indartu ziren.
Egoera horrek tirabira ugari sortu zituen. XIV. mendeaz geroztik merkatari eta eskulangileen hainbat baliabide beretzat hartzen ari zen aristokraziak errege-ondasunak bereganatu zituen eta handikiek menpekoei ezartzen zieten nagusitasun-erregimena gogortu egin zuten. Nobleen jokabide kaltegarri hura nozitzen ari ziren asko Ermandadeetan elkartu ziren eta, hala, nobleziari gailendu (XV. mendearen bukaeran) eta galdutakoaren parte bat behintzat berreskuratzeko modua izan zuten.
Arkitektura gotikoa
Gurutze-ganga, arku zorrotza, arbotantea eta kontrahorma estilo gotikoaren ohiko osagaiak dira. Horiei esker, hormak jaso eta leihate handiak zabaldu daitezke, eraikinei bertikaltasuna eta arintasuna emanez.
