HISTORIA

Botere arteko gatazka Behe Erdi Aroan

Erdi Aroko azken mendeetan Europa modernoaren egituraketan eragina izango duten bi prozesu paralelo gertatzen dira: alde batetik, Eliza erakunde boteretsu bat bihurtzen da, antzinako espiritualtasuna berreskuratzen saiatzen diren mugimendu ezberdinak sortuz; bestalde, erresumak eta Estatu nazionalak sendotzen doaz, Eliza eta Inperiotik aparte.

Elizaren boterea

Inbestiduren gerraren ondoren (19. gaia ikusi) Elizak bere botere eta kohesioa indartu zuen Inperioaren aurrean, eta aldi baterako monarkiekin gertatzen zen bezala, botere egitura bat bihurtzeko joera hartu zuen.

XIII. mendearen oparotasun ekonomikoari esker, elizgizonak, batez ere hirietan bizi ziren apezpiku eta apaizak, bizitza burgesak zekartzan luxu eta atseginetara moldatu ziren pixkanaka. Antzinako monako-ordenak gain behera zetozen gero eta gehiago, eliza hierarkiak ondasun garrantzitsuak pilatzen zituen neurrian.

Aitasaindutzak aldi baterako botereekin zituen gatazkak XIV. mendearen hasieran berragertu ziren, Frantziako Felipe IV. Ederrak, Aita Santuaren gorentasunari uko egiteagatik eskumiku mehatxua egin zitzaiolarik, Bonifazio VIII. Aita Santua atxilotu zuenean.

1309an, Frantziako erregeak Klemente V.a pontifize-egoitza Avignonera eramatera derrigortu zuen. Gertaera honi Avignongo gatibualdia (1309-1377) deitzen zaio. Gregorio XI.a Erromara itzuli zen 1374an, baina Elizaren ospeari kalte handia egin zitzaion Frantziako erregeen menpe erori zenean.

 

Katedral gotikoek, aldi berean sendoa eta lerdena den itxura horrekin, Behe Erdi Aroko Elizaren sinbolo hobezina dira, horren botere egoera eta espiritualtasun berri baten bilaketaren artean.

Espiritualtasun berria

Eliza hierarkiako kideen artean ohiturak arruntu egin ziren, eta honi erantzuteko, jaiera barnekoiago bat eta kristautasunaren printzipioetatik gertuago zegoen bizimodu bat bilatzen zuten erlijiozko mugimenduak ugaritu egin ziren.

Garai horretako bi heresiarik ospetsuenak hauek izan ziren:

  • Kataro edo albitarrak: kleroaren bizitza mundutar eta aberastasunaren aurka zeuden, eta ez zuten Eliza onartzen, gaizkiaren agerpen bat izateagatik. Euren aurka antolatu zen gurutzadak sarraskitu zituen.
  • Valdotarrak: Pedro Valdoren jarraitzaileak (ggb. 1140-ggb. 1217). Lyongo merkatari honek, elizaren aberastasunengatik izututa, bere ondasunak pobreen artean banatzea erabaki zuen.

Elizak mehatxua sentitu zuen eta Gregorio IX. Aita Santuak Inkisizioa sortu zuen 1231an, ohitura, idei edo erlijiozko praktiketan teorikoki ematen ziren desbideratzeen zapalketa antolatzeko helburuarekin.

Elizaren barruan, espiritu berrikuntzarako bultzada eskeko ordenetatik etorri zen, hauek Jainkoarekiko harreman zuzena bilatzen baitzuten pobrezia eta Ebanjelioa aldarrikatuz. Ordena hauek hurrengoak izan ziren:

  • Fraide predikari edo domingotarrak, Santo Domingo de Guzmanek (1170-1221) sortutakoa.
  • Fraide txiki edo frantziskotarrak, San Frantzisko Asiskoak (1182-1226) sortutakoa.

Erresuma eta Estatuak

XII. mendetik aurrera, hirietako ordezkariei biltzar nazionaletan parte hartzeko deitu zitzaien. Biltzar hauek herrialdeko hiru adar edo estamentuek osatzen zituzten: noblezia, kleroa eta herri xehea. Biltzar hauek Espainian Gorteak deitzen ziren, Frantzian Estatu Jeneralak eta Ingalaterran Parlamentua.

Hirien arrakastak monarkien indartzea ekarri zuen, hauek hiri gobernuen babesa baitzuten nobleziaren botereari aurre egiteko. Aldi berean, erregeen zentralizazio eta administrazio berrantolaketa lanek Estatu nazionalen agerpena posible egin zuten, azken hauek pixkanaka gizarte feudala ordezkatu zutelarik.

Frantzian, Capeto dinastiako Felipe II Augustok (1180-1223) bere erresumako lurraldeko zati gehiena kontrolatzea lortu zuen, Bouvinesko Guduan (1214) bere kanpoko etsai guztiak menderatu zituenean.

Ingalaterran, monarkia indartu egin zen Enrike II. Plantagenet (1154-1189) erregeari esker. Honek noblezia menperatu zuen, baina ez Eliza. 1214an, Juan Lurgabeak (1199-1216) noblezia, klero eta burgesiaren arteko aliantzak ezarritako Karta Magna sinatu behar izan zuen, baina errege botereari jarritako muga honek ez zuen monarkia ahuldu.

Espainian, Estatu nazionala sortzeko prozesua geldiagoa izan zen, baina Gaztela, Aragoi eta Portugaleko monarkak, Errekonkistaren eginkizuna euren gain hartu zutenean (18. gaia ikusi, 22. gaia ikusi eta 24. gaia ikusi), horren boterea sendotuz joan ziren. Alemaniak eta Italiak, ostera, instituzio inperialaren eta Aita santuaren boterearen eragina zutenez, ez zuten monarkia unitariorik osatzen lortu.

Data garrantzitsuak

  • 1206 Santo Domingo de Guzmanek ordena domingotarra sortzen du.
  • 1209 Inozentzio III.ak kataroen kontrako gurutzada aldarrikatzen du.
  • 1210 San Frantzisko Asiskoak ordena frantziskotarra sortzen du.
  • 1213 Simon Monforteko noble britainiarra albitarrak suntsitzen ditu Mureten (Frantzia).
  • 1214 Frantziako Felipe II Augustok bere kanpoko etsaiak menderatzen ditu Bouvinesko guduan. Juan Lurgabearen porrotak Karta Magna onartzera derrigortzen du.
  • 1215 Inozentzio III Aita Santuak Latrango IV. Kontzilioa biltzen du, Erdi Aroan Aita Santuaren agintearen goren aldia markatzen duena.
  • 1229 Kataroen kontrako gurutzada amaitzen da.
  • 1231 Gregorio IX. Aita Santuak Inkisizioa sortzen du, heresia, sineskeria, sorgintza eta fedea uztea zapaltzeko.
  • 1239 Inozentzio IV. Aita Santuak Federiko II enperadorea eskumikatzen du.
  • 1264 Simon de Monfortek Ingalaterrako Enrike III.a menderatzen du Lewesko guduan eta Parlamentu bat onartzera derrigortzen du.
  • 1284 Ingalaterrako Eduardo I Galesko Herrialda anexionatzen du.
  • 1302 Frantziako Felipe IV.ak Bonifazio VIII Aita Santuaren jauregia indarrez hartzen du.
  • 1307 Frantziako Felipe IV.ak tenplarioen ordena debekatu eta hauen ondasunak Kororako konfiskatzen ditu.
  • 1309 Avignoneko gatibualdia hasten da.

Valdotarren sekta

«Lyongo pobreak», Pedro Valdoren inguruan bildutakoak, ez zituzten suntsitu, kataroekin egin zuten moduan. Izan ere, Inozentzio III Aita Santuak euren jarrera jainkozalea aintzat hartu zuen, azkenean eskumikatu bazituen ere. Talde batzuk XVI. mendera arte iraun zuten, protestanteekin bat egin arte.

 

Guelfoak eta gibelinoak

XII. eta XIII. mendeetan zehar, Italian Aita Santuaren aldekoek (guelfoek) enperadorearen aldekoei (gibelinoei) aurre egin zieten. Aurkakotasun politiko honen itxuraren azpian, egia esan, bi alderdiek noblezia edo hirietako patrizioen familien arteko lehia ezkutatzen zuten.

 

Bouvinesko gudua

Ingalaterrako erregeak Frantziako lurralde handien oinordekoak ziren, eta ondorioz, frantziar monarkiaren basailuak ere. 1214an, Bouvinesko guduaren ondoren, Juan Lurgabeak Loirako iparraldean zeuden lurralde guztiei uko egin zien.

 

Santo Tomas Aquinokoa

Santo Tomasek pentsamendu aristotelikoa kristautu zuen, arrazoia eta fedea bateratzen saiatuz. Bere Summa Theologica eskolastikarako oinarria izatera heldu zen eztabaida eredua da, unibertsitateetan erabilitako irakaskuntza sisteman erabakigarria izan zena.