Iberiar penintsulako kristau-erresumak (II)
- EXTRA: Munduan Zehar
Gaztela: Tajotik Guadalquivirrera
Gaztelako errege batzuk Errekonkistaren fase berrian nagusitu ziren. Fase hau XIII. mendearekin hasi zen, almohadeak 1145ean Espainiara heldu ondoren (15. gaia ikusi).
- Alfontso VIII. erregeak (1158-1214) Cuenca menderatu zuen (1177), baina almohadeen kontrako borrokan pairamenik izan ez zuenez, porrot larria jasan behar izan zuen Alarcosen (1195). Hala ere, 1212an, Gaztelako erregeak Aragoi eta Nafarroako errefortzuak gehitu zizkion bere armadari, eta garaipen erabakigarria lortu zuen Tolosako Navasen, Guadalquivirrerako bidea eginez.
- Leongo Alfontso IX. erregeak (1188-1230) Caceres, Merida eta Badajoz menderatu zituen. Hil egin zenean, Leon Gaztelan sartu zen berriz ere.
- Fernando III. Sainduak (1217-1252) bultzada berri bat eman zion Errekonkistari, bere soldaduekin Guadalquivirreko haranera heldu zenean, 1248an Sevillan sartuz. Andaluzia osoa bere eskuetan gelditu zen, Granadako erresuma izan ezik.
- Alfontso X. Jakitunak (1252-1284) Gaztela Murtziako erresumari erantsi zion, baina bere obra nagusia kultur alorrean egin zuen, batez ere Toledoko Itzultzaileen Eskolari eman zion bultzadarekin. Eskola honetan jakitun kristauek, musulmanek eta juduek parte hartu zuten.
- Alfontso XI. erregeak (1312-1350) kolpe garrantzitsu bat eman zien musulmanei Saladoko gudan (1340). Hil egin zenean, gerra zibil bat hasi zen: alde batetik, bere seme legitimoa zen Pedro I. Ankerraren (1350-1369) aldekoak zeuden, eta bestetik, sasikoa zen Enrike II. Trastamarakoaren (1369-1379) aldekoak. Azken hau garaile atera zen Frantzia eta Gaztelako nobleziaren laguntzari esker.
Aragoiko Koroa: zabalkuntza mediterranearra
Aragoi eta Kataluniako lurraldeak, koroa berdinean bateraturik, beren berezko lege eta erakundeei eutsi zieten, eta Tolosako Navaseko guduaren ondoren, zabalkuntza azkarra hasi zuten Hegoalderantz eta Mediterraneorantz.
- Jaime I. Konkistatzaileak (1213-1276) Mallorca menderatu zuen lehenbizi (1229), eta honen ondoren bestelako Balear uharteak eta Valentzia (1238) beretu zituen. Almizrako tratatuaren itzalpean (1244) Aragoi eta Gaztelaren arteko mugak ezarrita gelditu ziren. Honek beren ondorengoak Mediterraneotik hedatzen jarraitzera derrigortu zituen.
- Pedro III.ak (1276-1285) Sizilia menderatu zuen.
- Jaime II.ak (1291-1327) Sardiniako uhartea Aragoiri erantsi zion. Garai honetan, bizantziar enperadoreak almogavareei eskatu zien laguntza. Hauek Aragoiko Koroarentzako Atenas eta Neopatriako dukerri grekoak menderatu zituzten mertzenarioak ziren.
- Alfontso V.ak (1416-1458) Aragoik Mediterraneoan zuen presentzia osatu zuen Napoliko erresuma menderatuz.
XV. mendearen erdialdera Aragoiko erresumak hurrengo lurraldeak barne hartzen zituen: Aragoi, Katalunia, Valentzia, Balearrak, Napoli eta Sizilia. Kataluniako ontzidiari esker, eta itsas ibilbideetan zituen gune estrategikoak zirela eta, erresumaren batasuna eta oparotasuna sendotu ahal izan ziren.
Nafarroa
Antso III. Nagusiaren erregealdiaren ondoren (18. gaia ikusi), Nafarroako erresuma Errekonkistatik baztertuta gelditu zen, Gaztela, Aragoi eta Frantziaren presioen menpe.
- Teobaldo Champagnekoa (1234-1253), Antso VII Indartsuaren (1154-1234) iloba, bere ondorengoa izateko aukeratu zuen Nafarroako nobleziak. Bere dinastiako erregeek (1234-1284) Gaztelako Alfontso X.aren erasoei aurre egin behar izan zieten, eta horren ondorioz, erresumak aliantza bat egin zuen Frantziako Felipe III.arekin.
- Nafarroako Joana (1273-1305) Frantziako koroaren oinordekoa zen Felipe IV Ederrarekin ezkondu zen 1284an, eta ordutik 1328ra arte Nafarroa Frantziari loturik egon zen. Geroago, nafarrek barne gatazka asko jasan behar izan zituzten, baita Ehun Urteko gerran ere.
- Karlos II.ak (1332-1387) Pedro I Ankerrari lagundu zion Gaztelako gerra zibilean, eta Enrike II Trastamarakoaren garaipenaren ondoren, Nafarroa Gaztelaren nagusigoaren menpe gelditu zen.
Erresuma Aragoirekin elkartu zen Blanca I. Nafarroakoa (1425-1441) eta Joan II. Aragoikoa (Nafarroako erregea 1441etik 1479ra) izango zenaren arteko ezkontza zela eta. Blancaren heriotzak Karlos IV. Bianako printzea (Karlos IV.a, 1441-1461) eta honen aita Joan II.aren arteko gerra zibila ekarri zuen.
Azken hau garaile atera zen. Gaston IV. Foixkoa Joan II.aren alaba zen Leonorrekin ezkondu zenean (1479), Nafarroak Aragoirekin zuen lotura dinastikoa hautsi egin zen.
Data garrantzitsuak
- 1195 Almohadeek garaile ateratzen dira Alarcosen Gaztelako Alfontso VIII.aren aurka.
- 1212 Alfontso VIII.a garaile ateratzen da Tolosako Navasen almohadeen aurka.
- 1213 Jaime I. Konkistatzailea Aragoiko errege koroatzen dute.
- 1229 Jaime I.ak Mallorca menderatzen du.
- 1230 Fernando III. Sainduak Leon eta Gaztelako erresumak bateratzen ditu.
- 1238 Jaime I.ak Valentzia berreskuratzen du. Nazarien erresumaren sorrera Granadan.
- 1244 Almizrako tratatuaren itzalpean, Aragoik eta Gaztelak bi erresumen arteko mugak ezartzen dituzte.
- 1255 Alfontso X. Jakitunak Toledoko Itzultzaileen Eskola sustatzen du.
- 1266 Murtziako erresuma Gaztelako Koroari eransten zaio.
- 1282 Aragoiko Pedro I.ak Sizilia menderatzen du.
- 1326 Aragoiko Jaime II.ak Sardinia beretzen du.
- 1340 Saladoko guduak Gibraltar itsasartea zabaltzen dio nabigazio kristauari.
- 1355 Almogavareek Atenas eta Neopatriako dukerriak menderatzen dituzte.
- 1369 Enrike II. Trastamarakoak garaile ateratzen da Pedro I. Ankerraren aurka.
- 1441 Gerra zibila Nafarroan Karlos Bianako printzearen eta Joan II. Aragoikoaren aldekoen artean.
- 1443 Alfontso V. Aragoikoak Napoliko erresuma menderatzen du.
Itzultzaileen Eskola
Toledon itzultzaile ospetsuak lan egin zuten, esate baterako, Domingo Gundisalvo, Juan Hispano eta Gerardo Cremonakoa. Beren lanari esker ezagutu ziren Europan Aristoteles, Tolomeo, Galeno, Avizena eta bestelako jakitunen idatziak, bai antzinatekoak bai arabiar mundukoak.
Almizrako tratatua (1244)
Jaime I.ak eta Alfontso X. Jakituna izango zenaren arteko izenpetzea, Aragoi eta Gaztelaren arteko muga ezarri zuena Jucar eta Cabriel ibaien elkargunetik Deniaraino, Biarreko mendatetik igaroz.
Callerko gaztelurako erasoa (Sardinia)
«Mallorcatik sei galera eta bi ontzi joan ziren, eta honez gain Kataluniako itsasontzi asko ere, guztiak gudari onez beterik. Callerko gazteluaren barruan zeudenak hildakotzat eman zituzten eta Pisako hirira bidali zuten laguntza behar izanaren abisua.»
Ramon Muntaner, Kronika.
Hondarribia, Nafarroaren euskal portua
1200. urtean, Nafarroako Erresuma itsasora irteteko inolako biderik gabe geratu zen, eta horrek kalte handia egin zien nafar merkatariei, kanpora begira aukera asko galtzen baitzituzten.
Horregatik, Hondarribian (Gipuzkoa) kokatzeko eta bertako portua beren merkataritza-lanetarako erabiltzeko pribilegio batzuk eskatu zituzten, eta berehala onartu zizkieten.
Era horretan, Gaztelako koroaren mende zeuden Kantauriko portuek -eta bereziki euskal portuek- XIII. mendetik aurrera izan zuten bilakabide onuragarri berean sartu zen Nafarroako merkataritza.
