HISTORIA

Erdi Aroaren amaiera

XIV. mendean zehar gerra, epidemia eta gosete ugarik Europa osoa hondatu zuten, krisi gogor bat agerraraziz. Hala ere, hurrengo mendearen erdialdera, herriak suspertu egin ziren eta Europako estatu nagusiek indarrak berritu zituzten, beste kontinentetarantz hedatzen hasiz.

XIV. mendeko krisia

Krisi honek erabat geldiarazi zuen XII. eta XIII. mendeetan izan zen hazkunde ekonomiko eta demografikoa. Hona hemen horren zergatiak:

  • Hondamendi naturalak: eguzki-ordu kopuruaren murrizpenak, gehiegizko euriteek eta hauen ondorioz sortutako uholdeek uztei kalte handia egin zieten. Uzta txarren segidak eskuragarri zegoen elikagai kopurua murriztu zuen eta biztanleriak gosea eta desnutrizioa jasan behar izan zuen.
  • Izurri beltza: epidemia 1348an heldu zen Europara, Ekialdetik zetozen ontzietan bidaiatu zuten arratoiek kutsatuta. Gosearen ondorioz ahuldutako biztanleriarengan izan zuen eragina suntsitzailea izan zen. Epidemia honen agerraldi berriak izan ziren geroago, 1300. eta 1400. urteen artean, Europa hirurogeita hiru milioi biztanle izatetik berrogeita bost milioi bakarrik izatera igaro zelarik.
  • Gerrak: mongol eta turkoek Ekialdean egin zituzten erasoak, eta batez ere, Ehun Urteko gerra (1337-1453), Frantzia eta Ingalaterra aurka jarri zituena, eta Espainian eta Herbeheretan ere eragina izan zuena. Halaber, estatu aleman ugarien arteko gatazkak izan ziren, baita Italiako hirien artekoak ere.

Europako estatu nagusien sorrera

Alemanian, enperadoreen agintea germaniar esparrura mugaturik gelditu zen, lurraldeak estatu askotan zatituta jarraitu bazuen ere. Azkenean, botere inperiala Luxenburgoko Etxeari esleitu zitzaion, eta honen ondoren, Habsburgokoari.

Ehun Urteko guda Frantziako Karlos IV.a (1322-1328) oinordekorik gabe hil zelako hasi zen. Frantziako baroiek Felipe Valoiskoa (1328-1350) aukeratu zuten oinordeko gisa, baina Ingalaterrako Eduardo III.ak (1327-1377) ez zuen onartu, bera Frantziako erregearen basailua baitzen Frantzian zituen lurrengatik.

Gerraren lehen fasea oso txarra izan zen Frantziarako, honek aldi berean herri-matxinada eta gatazka zibil asko jasan behar izan zituelarik. Jeanne de'Arc-ek (1412-1431) frantziar herriak Ingalaterrako mendetasunaren aurka zuen sentimendua adierazi zuen.

Karlos VII.aren erregealdian (1422-1461), frantziarrek ingelesak ia kontinente osotik kanporatu zituzten, Calaisetik izan ezik.

Honen ondoren Ingalaterran Bi Arrosen gerra hasi zen (1455-1485), Lancasterreko (arrosa gorria) eta Yorkeko (arrosa zuria) etxeen artean. Gatazka bi etxeetan oinordekoa zen Enrike VII.ak (1485-1509) tronua lortu zuenean bukatu zen, Tudor dinastia eratu zelarik.

Europako ekialdean Konstantinopla erori zen otomandar turkoen menpe (1453), honek Bizantziar Inperioarekin bukatu zuelarik (13. gaia ikusi). Oinordetza bizantziar eta ortodoxoa Moskuko printzea zen Ivan III. Handiak (1462-1505) jaso zuen.

Jan Husek (1369-1415) Aitasantutzaren akatsak kritikatu zituen eta konnotazio nazionalista sakonak zituen erreforma bat proposatu zuen Elizarako. Bere ideiek jarraitzaile asko lortu zituzten bere aberrian, Bohemian. Konstantzan hil zuten 1415ean, suak erreta.

Itsasoz bestaldeko zabalkuntza

1453an turkoek Konstantinopla menderatu zuten, Ekialderantz doan lehorreko ibilbidea etenez. Honek espezia preziatuetako lurretara itsasotik heltzen ziren ibilbide berriak bilatzera derrigortu zituen Europako merkatariak.

Lehen nabigatzaile nagusiak portugaldarrak izan ziren, euren erregeen eta Enrike Nabigatzailea (1394-1460) printzearen babespean. Enpresa aurkitzaileak aurrerapen teknikoak izan zituen, esate baterako, karabela (Atlantikoko nabigaziorako itsasontzi mota egoki bat), itsasorratza, astrolabioa, atlasak eta portulanoak (portuetako mapa-bildumak).

Hona hemen Portugaleko nabigatzaile nagusiak:

  • Diogo Cao, Kongo ibaiaren bokalea aurkitu zuena (1484).
  • Bartolomé Díaz (g.g.b. 1450-1500), Afrikako hegoaldeko muturrean dagoen Esperantza Oneko lurmuturreraino iritsi zena. (1488)
  • Vasco da Gama (g.g.b. 1469-1524), Indiako mendebaldeko kostalderaino iritsi zena, Calicuteraino hain zuzen ere (1498).
  • Pedro Alvares Cabral (g.g.b. 1467 - g.g.b. 1526), Brasil aurkitu zuena (1500).
  • Fernando Magallanesekoa (1480-1521), Atlantiko eta Pazifikoaren arteko itsas igarobidea aurkitu zuena gaur egun bere izena daraman itsasartean (1520). Filipinetan hil zen, eta Lurreko zirkumnabigazioa Juan Sebastian Elkano gipuzkoarrak osatu zuen (1476-1526).

Data garrantzitsuak

  • 1328 Karlos IV.a hiltzen da, berarekin Frantziako Capetoen dinastia desagertzen delarik. Felipe VI.ak Valoisen dinastia hasten du, baina Ingalaterrako erregea den Eduardo III. Plantagenetek Frantziako tronua lortu nahi du.
  • 1337 Ehun Urteko guda hasten da, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gatazka dinastikoa.
  • 1346 Crezyko gudua, ingelesek garaile ateratzen dira Frantziako armadaren aurka.
  • 1348 Izurrite beltzaren epidemia.
  • 1356 Eduardo, Printze Beltzak, garaile ateratzen da Poitiersen, Frantziako Joan II.aren aurka.
  • 1358 Jacquerie izeneko nekazal matxinada hasten da Frantziako Beauvaisen.
  • 1374 Izurri bolada gogorra. Avignongo gatibualdia bukatzen da: Gregorio XI.a Erromara itzultzen da.
  • 1378 Mendebaldeko Zisma hasten da: Urbano VI.a Aita Santu izendatzen dute Erroman eta Klemente VII.a Avignonen.
  • 1417 Mendebaldeko Zisma amaitzen da: Martin V.a aukeratzen dute Aita Santu bakar moduan Konstantzako kontzilioan.
  • 1429 Orleanseko askapena; Jeanne de'Arcaren esku-hartzeak gerraren seinalea aldatzen du.
  • 1436 Frantziarrek Paris aske uzten dute eta Karlos VII. erregeak berreskuratzearekin jarraitzen du.
  • 1453 Ehun Urteko guda amaitzen da.
  • 1455 Bi Arrosen gerra hasten da Ingalaterran.

Erdi Aroko aztarnategi garrantzitsua Elgoibarren

Elgoibarren Erdi Aroko hiribilduaren berri ematen duen oso aztarnategi garrantzitsua aurkitu dute. XIV. mendean sortutako hiribildu harresituaren defentsa-sistemaren osagai zen urez betetako pezoian zegoen. Bertan milaka pieza aurkitu dira, asko eta asko material organikozkoak, hiru metro jalkinen artean, oxigenorik eta hezetasunik gabeko giroari esker, ondo kontserbatu direnak. Aztarnategia San Bartolome kaleko orube batean aurkitu zuten. Harrigarria izaten da horrelako material organikoak ongi kontserbatuta aurkitzea, zeren eta normalean usteldu eta desagertu egiten baitira.

 

Jeanne de'Arc (1412-1431)

Orleanseko Dontzeila deitzen zitzaion. Frantziako soldaduen burua izan zen eta Orleans ingelesen setiotik aske utzi zuen. Bere garaipenari esker, Karlos VII.a koroatu zuten Reimsko katedralean. Burgundiarrek harrapatu eta ingelesen eskuetan jarri zuten, hauek sutzarrean erre zutelarik.

Gregorio XI. Aita Santua hil zenean (1378), Mendebaldeko Zisma hasi zen, hau da, kristandaderen banaketa aldi berean bi Aita Santu egotearen ondorioz (bata Avignonen eta bestea Erroman). Konstantzako Kontzilioak Martin V.a aukeratu zuenean Aita Santu bakar moduan, krisia gainditu egin zen (1417).

Enrique Nabigatzailea (1394-1460) portugaldarrek Afrikan egindako aurkikuntzen sustatzailea izan zen. Sagresko Eskola sortu zuen, piloto eta kartografoak itsas espedizioetarako prestatzen zituena.