«« Itzuli
Amerika prehispanikoa
Txokolatearen historia
600 K.a. maiak Erdialdeko Amerikatik Hego Amerikako iparraldera emigratu zuten. Ordurako mendetan zehar ezaguna zuten kakaoren hazkuntzan jardun ziren Yucatán-en. Antzinadanik kakao-aleak diru eta kalkulu-unitate gisa erabiltzen zituzten Erdialdeko Amerikako biztanleek euren salerosketetan. 1200. urtean aztekek, Mexikon zuten nagusitasunari eusteko, tximimeken eta maia herriak menderatu zituzten. Garai hartako dokumentuek erakusten dutenez, menderatutako herriek zerga gisa kakaoa eman behar izaten zieten menderatzaileei.
1502an Kristobal Kolonek bere laugarren bidaian Nikaraguara heldu zenean ezagutu zituen kakao-aleak. Bertakoek edari gozo bat prestatzeko erabiltzen zituzten, baina Kolonek ez zuen hori aintzakotzat hartu. 1513an Hernando de Oviedo y Valdez-ek Amerikako joan-etorria egin ondoren, kontatu zuen jopu bat erosi zuela 100 kakao-aleren truke. 1519an Hernán Cortés-ek zioen kakaoaren zaporea ez zela bereziki atsegina eta interes handiagoa ikusten zion artean ordainbide gisa eta erabaki zuen Espainiaren izenean kakao-haztegi bat sortzea, "dirua ereitea", alegia. 1528an Cortések lehenbiziko aldiz ekarri zituen Amerikatik Europara kakaoa eta hau prestatzeko tresnak.
1609an Mexikon "Libro en el cual se trata del chocolate" izeneko liburua argitaratu zen. 1615ean Ana Austriakoa, Espainiako printzesa, Frantziako Luis XIII.arekin ezkondu zen eta beste ohitura batzuen artean txokolatea hartzeko ohitura eraman zuen Frantziako gortera. 1657an frantses batek ireki zuen Londresko lehen txokolate-denda. XVII. mendean Eliza Katolikoa erabaki zuen txokolate egina edateak ez zuela baraua hausten baina bai txokolatea jateak. 1671an zerbitzari baldar bati almendraz betetako ontzia lurrera erori zitzaion. Nagusiak, haserre, masaileko bat ematera joan zenean, azukre errez betetako ontzi bat almendren gainera isuri zuen. Bitartean Plesslis-Praslin mariskal gozozale porrokatua postrearen zain zegoen. Nagusiak ez zekien zer egin, baina azkenean azukre errez estalitako almendrak zerbitzatzea erabaki zuen. Gonbidatuari izugarri gustatu zitzaion postre berria eta berehala bere izena ematea erabaki zuen: "Praslin". Hor jaio zen gerora hainbat aldaketa izango zituen "Praline"a.
1711an Karlos VI.a enperadoreak Madrildik Vienara eraman zuen gortea eta baita txokolatea ere. 1720rako Florentzia eta Veneziako kafeetan txokolatea eskaintzen zen. AEBetara 1755ean iritsi zen txokolatea. 1780an Bartzelonan sortu zen txokolatea industrialki egiteko lehen lantegia. 1810ean Venezuela zen munduan kontsumitzen zen kakaoaren erdia ekoizten zuen herrialdea eta Espainiak kontsumitzen zuen munduan kontsumitzen zen kakaoaren herena. XIX. mendean portugaldarrek kakaoa Afrikara eramaten dute eta han hazten hasten dira. XX. mendean Alemaniak hartzen dio Espainiari txokolate-kontsumitzaileen lehen postua eta Suitzak ospe handia hartzen du ekoizle gisa.
