HISTORIA

Errenazimendua

XV eta XVI. mendeen artean pentsamenduan, ekonomian, artean eta politikan izan ziren aldaketa batzuk Erdi Aroarekin bukatu zuten. Errenazimenduak grekolatindar antzinateko idei asko berreskuratu zituen Europan zibilizazio berri baterako bidea eraikitzeko; hain zuzen ere, berrikuntza, ikerketa eta munduko aurkikuntzei irekitako zibilizazio bat.

Aro Modernoaren helduera

Errenazimenduak Italian izan zuen bere jatorria, hortxe hasi baitzen jadanik XIV. mendean. Horren sustatzaileak Grezia eta Erromako ereduetan oinarritu ziren, baina Errenazimendua ez zen bakarrik klasizismoa berreskuratzeko ekintza bat izan: gizakia eta gizartearen eraldaketa sakon bat izan zen.

Hona hemen Errenazimenduan izan ziren aldaketa nagusiak:

  • Noblezia erregearen mende jarri izatea.
  • Kapitalismoaren garapena, merkataritza eta negozioen arrakastari eta zirkulazio monetarioaren hedapenari esker. Amerikatik etengabe heltzen ziren urre eta zilarrak ere garapen hau sustatu zuten.
  • Erregearen boterearen indartzea larderiazko monarkietan.
  • Europako erlijiozko batasunaren haustura, Erreforma protestantearen ondorioz.
  • Pentsamolde berri bat: humanismoa.

Humanismoa

Errenazimenduko mugimendu intelektualari humanismoa deritzo. Hona hemen horren ezaugarriak:

  • Antropozentrismoa, edo gizakia unibertsoaren muina dela uste izatea.
  • Antzinate greko eta erromatarraren kulturarekiko mirespena.
  • Indibidualismoa egia bilatzerakoan, arrazoia eta ikasketa pertsonalaren bidez.

Humanista eta idazle klasikoen obrek hedapen nabarmena izan bazuten ere, Johannes Gutenbergek (1400 g.g.b. -1468) 1440an gutxi gorabehera asmatu zuen inprentari esker izan zen.

Errenazimenduaren garaian iraultza zientifiko handi bat izan zen:

  • Nikolas Kopernikok (1473-1543) bere heliozentrismoaren teoria azaldu zuen. Horren arabera Eguzkia unibertsoaren muina izango litzateke, eta Lurra bere inguruan biratuko litzateke.
  • Andres Vesaliok (1514-1564) giza anatomiaren ikerketa bultzatu zuen, eta Miguel Servet (1511-1553) odolaren zirkulazioari buruzko teoria aurreratu baten egilea izan zen..
  • Aurkikuntza geografikoek beste zientzia batzuk bultzatu zituzten, esate baterako, geografia, botanika, zoologia eta kartografia.

Errenazimendua arteetan

Errenazimenduko arteak honako ezaugarriak zituen:

  • Antzinate greko eta erromatarraren artelanen eragina: arkitektoek zutabe eta frontoi klasikoak erabiltzen zituzten, eskultore eta margolariak gizona eta emakumearen larrugorritasuna adierazten saiatu ziren bitartean.
  • Hirugarren dimentsio edo perspektibaren aurkikuntza.
  • Izadia begiratu eta irudikatzeko interesa.
  • Gai berrien agerpena, esate baterako, erretratuak eta gai mitologikoak.

Errenazimenduko artearen jatorria den Italiako lurraldean, bi epe desberdintzen dira:

  • Quattrocento epea (XV. mendea), Florentzian kokatutakoa: berrikuntza artistikoak Medici familiaren mezenasgoaren laguntza izan zuen, batez ere Kosme Zaharrarena (1389-1464) eta Lorentzo Gorenarena (1449-1492).
  • Cinquecento epea (XVI. mendea), hiriburua Erroman izan zuena. Bertan arteak Julio II.a (1443-1513) eta Leon X.a (1475-1521) Aita Santuen babesa izan zuen.

Estatu modernoa

Errenazimenduaren garaian larderiazko monarkiak sendoagoak egin ziren mendebaldeko Europan, hauen izaera nazionala Inperioaren Erdi Aroko ideien aurkakoa baitzen. Hona hemen monarkia hauen funtsezko bi ezaugarriak:

  • Boterearen kontzentrazioa subiranoan: botere guztiak, feudalak barne, Estatuaren menpe geratu ziren, eta azken hau erregeari loturik zihoan.
  • Lurraldeen bateratzea.

Bi helburu hauek lortzeko, Errenazimenduko monarkek hurrengo tresnak erabili zituzten:

  • Burokrazia, administrazioaren eta zerga-bilketaren arduraduna.
  • Armada iraunkorra.
  • Diplomazia egonkor bat, inguruko herrialdeetan Koroaren interesak babesteko.

Estatu modernoak Italiako hiri-estatuetan izan zuen bere jatorria, hau da, Florentzian, Milanen, Venezian eta antzeko hirietan. Hala ere, estatu honen behin betiko ezaugarriak Errege-erregina Katolikoen Espainian (24. gaia ikusi), Luis XI.aren Frantzian (1461-1483) eta Enrike VII. Tudorren Ingalaterran (1485-1509) egituratu ziren.

Data garrantzitsuak

  • 1401 Lorenzo Ghibertik Florentziako katedraleko bataiategiaren ateak egiteko lehiaketa irabazten du.
  • 1421 Filippo Brunelleschik Florentziako katedralaren kupula egiten du.
  • 1434 Jan Van Eyckek Arnolfini senar-emazteak margotzen du.
  • 1446 Fra Angelicok Nikolas V.aren kapera apaintzen du Vatikanoan.
  • 1450 Leone Baptista Albertik De re aedificaoria izeneko tratatu arkitektonikoa idazten du.
  • 1455 Gutenbergek bere lehen liburu ezaguna inprimatzen du: Berrogeita bi lerroko Biblia
  • 1484 Sandro Botticellik Venusen jaiotza margotzen du.
  • 1492 Antonio de Nebrijak bere Gramática de la lengua castellana argitaratzen du.
  • 1505 Leonardok Gioconda margotzen du.
  • 1508 Julio II.ak Michelangelo Sixtoren Kapera apaintzeko agindua ematen dio, eta Rafaeli Signatura Gelan gauza bera egiteko eskatzen dio. Bi aretoak Vatikanoan daude.
  • 1513 Nikolas Makiavelok Printzea idazten du.
  • 1541 Michelangelok Azken kontua bukatzen du.
  • 1543 Vesaliok De humani corporis fabrica argitaratzen du, eta Koperniko, De revolutionibus orbium caelestium
  • 1547 Paulo II.ak San Pedroko basilikako obrak jarraitzeko agindua ematen dio Michelangelori.
  • 1548 Tizianok Mühlbergeko batailan egondako Karlos V. enperadorea erretratua amaitzen du.
  • 1557 San Lorenzo del Escorial monasterioa eraikitzen hasten da.

Erasmo Rotterdamekoa (1469-1536)

Humanismoan izan ziren pertsona ospetsuenetako bat izan zen. Eskolastikaren irakaskuntza-metodoa kritikatu zuen, kristautasun barnekoi eta lañoago baten alde agertu zen, kultura klasikoa eta debozioa bateragarriak zirela defendatu zuen eta gizakia hezteko beharra aditzera eman zuen, gizarte harmoniatsu eta zuzenago bat lortzeko helburuarekin.

 

Nicolás Maquiavelo (1469-1527)

Estatu modernoaren teorialari nagusia izan zen. Printzea izeneko obran Elizak ez zuela gai politikoetan esku hartu behar defendatzen zuen. Bere ustez, agintari aproposa izateko egin behar zena ez zen zuzena eta zintzoa izatea, baizik eta Estatuaren interesak zaindu eta hartutako helburuak betetzea.