HISTORIA

Amerikako aurkikuntza eta konkista

Errege-erregina Katolikoek Iberiar penintsulan lortutako batasun politikoarekin bat eginez, Espainiak ondorio garrantzitsuak izango zituen tamaina handiko ekintza bati ekin zion: Amerikako konkista eta kolonizazioa.

Aurkikuntza

Kristobal Kolon (1451-1506) aurkikuntza prozesu honen zuzendari nagusia izan zen. Lurra borobila zen uste osoak Indietarantz mendebaldetik zihoan ibilbidea aurkitu zezakeela sinestera eraman zuen.

Joan II. Portugalekoaren (1481-1495) laguntza lortzen alferrik saiatu ondoren, Kolonek Errege-erregina Katolikoen laguntza eskatu zuen (24. gaia ikusi), horiekin Santafeko Kapitulazioak sinatu zituelarik (1492).

1492ko urriaren 12an, Pinta, Niña eta Santamaria karabelak bere ardurapean zeudela, Kolon Bahametan kokatutako Guanahaniko uhartera iritsi zen. Horren ondoren, Kuba eta La Española aurkitu zituen; geroago egindako hiru bidaietan, Antillak eta Erdialdeko eta Hegoaldeko Ameriketako ipar kostaldeetan zehar ibili zen.

Amerikako aurkikuntza bidai txikiak deitutako espedizioekin osatu zen. Hona hemen bidai nagusiak:

  • Pedro Alvares Cabralek (ggb. 1460 - ggb. 1526) Brasil aurkitu zuen 1500ean.
  • Juan Ponce de Leonek (ggb. 1460-1521) Florida aurkitu zuen 1512an.
  • Vasco Nuñez de Balboak (1475-1517) Panamako istmoa zeharkatu zuen eta ozeano Barea aurkitu zuen 1513an.
  • Juan Diaz de Solisek (h. 1516) Rio de la Plata aurkitu zuen 1515ean.

Konkista

Antilletatik abiatuz, espainiarrek Amerikako kontinentera zihoazen espedizioak antolatu zituzten. Batez ere, inguru zibilizatuak interesatzen zitzaizkien: azteken Inperioa eta inken Inperioa (ver t25).

  • Mexikoko konkista: 1519an Hernan Cortes (1485-1547) Mexikon barneratu zen, eta tlaxkalteken aurka garaile atera ondoren, adiskidetasunez sartu zen Tenochtitlanen, bertan Moctezuma II. azteken enperadorea harrapatu zuelarik.

    Aztekak matxinatu egin ziren eta espainiarrek ihes egin behar izan zuten Gau Mingarrian (1520ko ekainaren 30ean). Cortes indigenen aurka garaile atera zen Otumbako batailan eta, azteken Inperioaren menpe egon ziren herrien laguntzari esker, Tenochtitlan berreskuratu zuen setio luze baten ondoren (1521eko abuztuaren 31).

  • Peruko konkista: Francisco Pizarrok (1476-1541) 1531n hasi zuen bere espedizioa. Huascar eta Atahualpa inken artean hasi zen gerra zibila aprobetxatuz, espainiarrek azken hori harrapatzea lortu zuten. Horren ondoren, Cuzcoz jabetu ziren eta hiriburu berria sortu zuten, Lima, 1535ean.

    Lurralde osoa menderatzea zaila izan zen, indigenek mendian zuten erresistentziaren ondorioz. Hegoaldeko muturra, Txile, zailtasun askorekin menderatzea lortu zuten Diego de Almagrok (1475-1538) eta Pedro de Valdiviak (ggb. 1500-1554).

Kolonizazioa eta egituraketa

Amerikako kolonietako ekonomia hurrengo faktoreetan oinarritu zen:

  • Urre eta zilarraren meatzaritza; batez ere, Mexikoko Iparraldean eta Potosin (Bolivia).
  • Nekazaritza eta abeltzaintza, bai indigenek bai Afrikatik ekarritako esklabo beltzek landutakoak.

Espainiarrek, beren agindupeko lur berriak administratzeko, bi erakunde sortu zituzten:

  • Kontratazio-Etxea (1503). Egoitza Sevillan zuen eta gai ekonomikoak arautzen zituen.
  • Indietako Kontseilua (1524). Hura ere Sevillan zegoen eta gobernuaz arduratzen zen. Hartu zituen lan garrantzitsuenetako bat Indietako Legeak idatzi eta biltzea izan zen.

Lurraldea erregeorderrietan zatitu zen. Horietako bakoitza erregeorde batek gobernatzen zuen:

  • Espainia Berriko erregeorderria, Mexikon, Antilletan eta Erdialdeko Amerikan 1534an sortutakoa.
  • Peruko erregeorderria, 1542an sortutakoa.
  • Granada Berriko erregeorderria (Kolonbia), Perutik banandutakoa 1717an.
  • Rio de la Platako erregeorderria, Perutik bereizitakoa 1778an.

Erregeorderriek hurrengo erakundeak zituzten: auzitegiak, justizia- eta administrazio-esparruko organo eskudunak, eta kabildoak edo udaleko gobernuak.

Amerikarekin zegoen merkataritza errege-monopolio bat zen, urtero militarrek babestuta itsasoratzen ziren Indietako ontzidien bidez lortzen zena.

Data garrantzitsuak

  • 1492 Kristobal Kolon Guanahaniko uhartera iristen da urriaren 12an.
  • 1494 Tordesillaseko itunak itsasoz haraindiko lurraldeen banaketa zehazten du, Espainia eta Portugalen artean.
  • 1513 Juan Ponce de Leonek Floridako penintsula aurkitzen du.
  • 1515 Diego Velazquezek Kuba erabat menderatzen lortzen du.
  • 1516 Juan Diaz de Solis Rio de la Platara iristen da.
  • 1520 Gau Mingarria: espainiarrek, Hernan Cortes eta Pedro de Alvaradoren agindupean, Tenochtitlanetik ihes egiten dute.
  • 1521 Fernando de Magallanes eta Juan Sebastian Elkanoren espedizioa.
  • 1532 Francisco Pizarrok Atahualpa inka harrapatzen du.
  • 1533 Espainiarrek Atahualpa hiltzen dute eta Cuzcon sartzen dira: inken Inperioaren amaiera.
  • 1535 Pizarrok Lima sortzen du. Diego de Almagro Txilen barneratzen da.
  • 1539 Pedro de Valdiviak Txileren konkista hasten du.

Rodrigo de Triana

«Pinta izeneko karabela belaontzi baten antzekoagoa zen, eta aurrealdean zihoan Almiranteak lehorra aurkitu eta Almiranteak agindutako keinuak egin zituen. Lur honek lehenbizi ikusi zuen marinelaren izena Rodrigo de Triana zen.»
Kristobal Kolonek Errege-erregina Katolikoei idatzitako eskutitza.

 

Euskaldunak eta Mundu Berriaren konkista

Amerikaren aurkikuntzak eta konkistak irtenbide ezin hobea eskaini zion biztanleriaren sektore handi bati. Ozeanoa zeharkatu zuten izen handiko aurkitzaile eta konkistatzaileen artean euskaldun asko nabarmendu ziren, besteak beste, Lope de Agirre, Martinez de Irala edo Francisco de Ibarra.

Aldi berean, Mundu Berriaren konkista oso onuragarria izan zen euskal burdinoletako produktuentzat. Itsasontziak hornitzeko eskatzen zizkieten armez eta materialez gainera, Hispaniako Monarkiak bere guduetarako behar zituenak ere egiten zituzten burdinoletan. Halako eskaerak etekin ekonomiko eta teknologiko handia ekarri zion euskal metalurgiaren sektoreari.

 

Américo Vespucio

Ameriko Vespuzio itsasgizon italiarrak Indietara egindako bidai txiki batzuetan parte hartu zuen. Bere oharretatik, aurkitutako lurrek osatzen zuten kontinentea Asiatik kanpo zegoela ondorioztatu zen, eta horregatik Amerika izena jarri zitzaion.

 

Enkomienda eta Mita

Espainiarrek indiarren bortxazko lana erabili zuten, konkistatzaileei emandako lurren banaketa egiterakoan. 1512an "enkomienda" izeneko sistema ezarri zen, hau da, kolono bati indiar batzuk esleitzea, horrek babestu eta kristautu behar zituela. 1575ean "Mita" izeneko sistema arautu zen, hau da, zenbait hilabetetan zehar meategietan bortxazko lana egitea.