Erreforma eta Kontrarreforma
- EXTRA: Munduan Zehar
Lutero eta bere tesiak
XVI. mendearen hasieran elizak ematen zuen irudiak kristau asko sutan jartzen zituen, eliza karguen salerosketa, printze errenazentistak bezala jokatzen zuten Aita Santuen luxuak, klerikoen bizitza lasaia eta hauen prestakuntza eskasa bezalako ohiturak ezin baitzituzten onartu.
Martin Lutero (1483-1546), Wittenbergeko Unibertsitatean, agustindar fraidea eta teologia irakaslea, Erromaren kontra altxatu zen Leon X. ak (1513-1521) 1517an induljentzien predikamendua, hots, bekatuen barkamena limosnen truke, agindu zuenean, San Pedro basilikaren berreraikuntza ordaintzeko.
Martin Lutero bere tesiak Wittenbergeko elizan kokatzearen unea irudikatzen duen grabatua.
Urte bereko urriaren 30ean, Luterok doktrina katolikoaren kontrako bere laurogeita hamasei tesi jarri zituen Wittenbergko elizaren atean. Bere erreformaren puntu garrantzitsuenak hauek ziren:
- Fedearen bidezko zuribidea: fedearengatik bakarrik salbatzen dira pertsonak, ez ekintzengatik.
- Apaizgo unibertsala: sinestun guztiek askatasunez interpreta ditzakete testu sakratuak.
- Bibliaren azterketa askea, eliza egiaren iturri dela eta biblia interpretatzeko autoritatearen jabea denaren ohituraren aurka.
- Apaizen zelibatu behartuaren indargabetzea.
- Sakramentuak bitan murriztea: bataioa eta eukaristia.
Erreforma eta politika
Alemanian Luteroren ideiak azkar zabaldu ziren, estatu ugaritan bananduta egoteagatik eta bertako printzeek Karlos V.aren eta Aita Santuaren agintepetik independizatu nahi zirelako (28. gaia ikusi).Horrela, Erreforma interes politikoak justifikatzeko arma ideologiko bilakatu zen.
Ingalaterran, nagusikeriazko monarkia indartzearen nahiak bultzatua, motibazio politiko berberak, Erromako Elizarengandiko urruntzea ekarri zuen, Enrike VIII.ak (1509-1547) Eliza Anglikanoa sortzea erabaki zuenean (1534).
Suitzan, Erreformak Ulrico Zuinglio (1484-1531) eta batez ere Juan Calvino (1509-1564) izan zituen protagonista bezala. Azken honek Ginebran predestinazioaren doktrinan oinarrituko muturreko gobernu bat ezarri zuen. Kalbinismoa Herbehereetatik, Eskoziatik (presbiterianoak), Ingalaterratik (puritanoak) eta Frantziatik (hugonoteak) zabaldu zen.Erreformaren ondorio garrantzitsuena Europa bata bestearekin liskarturik zeuden fede ezberdinetan banatzea izan zen.
Karlos V.a eta alemaniar printze protestanteen arteko Augsburgoko bakearen ondoren (1555), menpekoek beraien jaunaren erlijio bera hartu behar zutenaren ideia inposatu zen, cuius regio, eius religio formularen arabera ("hala da bere herria, hala bere erlijioa"). Ez zen onartu erlijio disidentziarik mugape bakoitzaren barruan.Trentoko Kontzilioa eta Kontrarreforma
Eliza katolikoak ere erreforma nahia zuen. Rotterdameko Erasmok (h. 1469-1536) instituzio barrutik Elizarekiko kritika bat burutu zuen, baina protestanteekin adostasuna izatea ezinezkoa zela segurtatu zenean bakarrik egon zen egiazko erreakzioa.
Ondorioa Kontrarreforma izan zen, honen oinarriak eta Luteroren Erreformarenak guztiz kontrakoak zirelarik. Paulo III.ak (1534-1549) Trentoko Kontzilioa (1545-1563) deitu zuen dogma katolikoa ezarri eta doktrinaren zabalkunde era berriak sortzeko.
Kontzilioaren berehalako eraginak hurrengoak izan ziren:- Dogma: fedearen eta ekintzen bitartez lortzen zen salbazioan, zazpi sakramentuetan, apaizen zelibatuan eta Birjina eta santuen gurtzan sinesmena mantendu zen; Aita Santuak kristautasunaren buru bezala eta Elizak testu sakratuen interpretatzaile bakar bezala zuten papera finkatu zen.
- Baliabide berriak: apaizgoaren hezkuntza hobetzeko seminarioak sortu ziren, eskola ugari eraiki ziren, Kristau jakinbidea (katixima) ezarri eta beste kontinentetan misio lanak areagotu ziren.
- Jesusen Konpainia, 1540an San Ignazio Loiolakoak (h.1491-1556) sortua, izan zen Aita Santuen euskarri garrantzitsuena Kontrarreforma praktikan jartzeko.
Data garrantzitsuak
- 1512 Julio II. Aita Santuak Letrango V. Kontzilioa deitzen du eliz antolaketa birmoldatzeko.
- 1517 Martin Luterok Wittenbergeko elizaren atean bere doktrina katolikoaren kontrako laurogeita hamasei tesiak ezartzen ditu.
- 1521 Karlos V.ak Wormsko Dieta deitzen du luteranoekin akordio bat lortzen saiatzeko.
- 1528 Ulrico Zuinglioren ideien arrakasta Suitzan.
- 1529 Spirako Dieta: luteranoek enperadorearen proposamenak gaitzesten dituzte, momentu hartatik aurrera protestante izendatuak dira.
- 1530 Augsburgoko Dieta: ez dago enperadorea eta printze protestanteen arteko akordiorik.
- 1531 Alemaniar printze protestanteak Smalkadako Ligan elkartzen dira eta gudarako prestatzen dira.
- 1534 Enrike VIII.a katolizismotik baztertzen da Nagusitasun Aktaz baliatuz eta Ingalaterrako Elizaren buru bilakatzen da.
- 1545 Trentoko Kontzilioa: Kontrarreformaren hasiera.
- 1540 Loiolako San Ignaziok Jesusen Konpainia sortzen du.
- 1552 Espainiaren aurkako gudan, Frantziako Enrike II.ak alemaniar protestanteekin bat egiten du.
- 1555 Augsburgoko bakea: alemaniar printzeek erlijio askatasuna lortzen dute.
- 1563 Trentoko Kontzilioa bukatzen da.
Zuzena den hori fedearen bidez salbatzen da
«Eskarmentuak esaten digu gure ekintza on guztietan, nahiz eta handiak izan, beti dagoela gaiztakeriarekiko grina, eta inor ez dago honetaz aske. Beraz, guregan gara bekatariak, eta zuzenak, ordea, jainkoaren nahia den gure fedeari esker.»
Martin Lutero, «Erromatarren Epistolari buruzko iruzkinak ».
Calvino eta predestinazioa
Calvinoren doktrinaren puntu originalena predestinazioa zen, zeinaren arabera, Jainkoak, orojakilea denak, zigorra nork jaso eta salbazioa nork lortuko duen ere badaki, beraz, ekintzek ez dute garrantzirik.
