Austria txikiak
- EXTRA: Munduan Zehar
- EXTRA: Urrezko mendea
Felipe III.a: bakea eta moriskoen kanporaketa
Felipe III.ak (1598-1621) ez zuen bere aita Felipe II.aren gobernu pertsonala jarraitu; ostera, gobernuaren erantzukizunak balidoak bezala ezagutzen ziren konfiantzazko pertsonen eskutan utzi zituen.
Lermako dukea (1550-1625) izan zen bere erregealdiaren ministro garrantzitsuena, neurrigabeko anbizioa zuen gizona zen eta bere interes pertsonalak nazioaren interesen aurretik jartzen zituen.
Garai honetan bi gaik betetzen zuten espainiar politika- Bakea lortzea: Felipe III.aren erregealdia Frantziarekin bakean hasi zen, baina Ingalaterra eta Herbehereen kontrako gatazkak mantentzen ziren.
1604an Londreseko bakea sinatu zen Ingalaterrako Jacobo I.arekin eta 1609an Lermako dukeak holandarrekin 1566an hasitako eta oraindik zirauen gatazka eten zuen, Hamabi Urtetako tregua sinatu zuenean.
- Barne-politikari dagokionez, aipagarriena moriskoen kanporatzea izan zen, 1609ko irailean dekretatua. 400.000 musulman baino gehiagok, gehienbat baserritar eta artisauak, Espainia utzi zuten, horrek galera demografiko eta kalte ekonomiko larria suposatu zuelarik.
Felipe IV.a: konde-dukearen porrota
Felipe IV.ak (1621-1665) Olivareseko konde-dukearen (1587-1645) eskutan utzi zuen gobernua. Kanpo-politikan, Espainiak gatazka europarretan parte hartu zuen berriz:
- Herbehereen kontrako gatazkak berritu ziren, Hogeita hamar Urtetako gudan zehar (31. gaia ikusi). Guda-ahaleginak gastu handia suposatu zuen krisi ekonomiko sakon batean hondoraturik zegoen nazioarentzat. Westfaliako bakea (1648) bidez, Espainiak Herbehereen independentzia aintzatetsi zuen.
- Espainiarentzat kaltegarria izan zen Frantziaren kontrako gatazka hasi zen. Guda 1659an amaitu zen Pirinioetako bakearen (1659) bitartez (31. gaia ikusi).

Gatazka hauen emaitzek espainiar nagusigoaren behin betiko amaiera suposatu zuten.
Barne-politikan, Olivaresek zentralizazio zorrotza ezarri nahi izan zuen. Gaztela zen zergak ordaintzen zituen erreinu bakarra, eta horrek hazienda eta armadaren bateratze-politika berri bat eragin zuen, zeinek, azkenik, bata bestearen atzetik etorriko ziren matxinadak eragin zituen.
- Katalunian odolezko Corpusaren matxinada gertatu zen 1640an. Gudak hamabi urte iraun zituen eta Bartzelonako errendizioarekin amaitu zen.
- Portugal 1640an ere matxinatu zen eta 1668an independentzia lortu zuen.
- Beste sezesio-ahaleginak Andaluzian (1641), Nafarroan, Aragoin (1646), Napolin eta Sizilian (1647) eman ziren.
Karlos II.a: dinastiaren amaiera
Karlos II. Sorginduak (1665-1700) lau urte bakarrik zituela hartu zuen tronua oinordetzan. Bere amak, Austriako Marianak, erregeordetzan ihardun zuen (1665-1677).

Karlos II. Sorginduaren erregealdia larria izan zen Espainiarentzat: Frantziaren aurkako guda berriak, gosea, izurria eta janari-faltak bultzaturiko desertzioak armadan. Deabruarengatik hartua zegoela pentsatuz, bere aitorleek exortzismoen bitartez espiritu txar horiek kanporatu nahi izan zizkioten.
Adin nagusigora iritsi zenean, erregeak eromen-krisi ugari jasan zituen, bere ama eta bere emazte Orleansko Maria Luisaren (1622-1689) zaintzapean gelditu zelarik. Bitartean, Espainia Frantziako Luis XIV.aren gudetan sartua ikusi zen:
- Frantziak Herbehereak inbaditu ondoren, Akisgraneko bakeak (1668) Konderri Frankoaren berreskurapena suposatu zuen Espainiarentzat.
- 1672an Espainiak Herbehereekin bat egin zuen Luis XIV.aren aurka, azken horrek garaitu zuelarik. Nimegako Bakearen bidez (1678), Espainiak Konderri Frankoa betirako galdu zuen, zenbait hiri flandestarrekin batera.
- Karlos II.a eta Neoburgoko Maria Anaren (1667-1740) arteko ezkontzaren ondoren, Espainia Frantziaren aurkako gudan sartu zen berriro Augsburgoko Ligarekin batera (1689). Frantziar armadak Katalunia inbaditu zuen, baina Ryswickeko bakearen bidez, (1697) Luis XIV.ak Katalunia, Flandes eta Luxenburgo itzuli zizkion Espainiari.
1690. inguruan argi zegoen errege espainiarra ondorengorik gabe hilko zela. Europan bi talde osatu ziren tronua nahi zutenen artean, Austriako Karlos eta Borboiko Felipe, espainiar Ondorengotza-Gerran borrokatuko zirenak (37. gaia ikusi).
Data garrantzitsuak
- 1598 Felipe II.a hiltzen da eta bere seme Felipe III.ak eskuratzen du tronua.
- 1609 Hamabi Urtetako su-etena Holandako Probintzia Batuekin. Mairuen kanporaketa.
- 1618 Hogeita hamar Urtetako gerraren hasiera. Ucedako dukeak Lermako dukea ordezkatzen du balido bezala.
- 1621 Hamabi Urtetako su-etena amaitzen da. Felipe III.a hiltzen da eta Felipe IV.ak ordezkatzen du.
- 1625 Spinolako Ambrosiok Bredako hiria hartzen du Herbehereetan.
- 1635 Armen batasuna: Olivareseko konde-dukea, erreinu hispaniar guztien diru-laguntzen bidez, gudaroste bat antolatzen saiatzen da.
- 1639 Espainiar itsas armadaren porrota Dunasen.
- 1640 «Odolezko Corpusa» Bartzelonan. Katalunia eta Portugaleko matxinadak hasten dira.
- 1641 Medinasidoniako dukeak bultzaturik, banatze-saiakera Andaluzian.
- 1643 Espainiar tertzioen porrota Rocroien.
- 1646 Matxinada saiakera Aragoin.
- 1647 Matxinadak Sizilia eta Napolin.
- 1648 Westfaliako bakea: Espainiak Herbehereen independentzia onartzen du.
- 1659 Pirinioetako bakea: Espainiak zenbait lurralde ematen dizkio Frantziari.
- 1665 Felipe IV.a hiltzen da eta Karlos II.ak ordezkatzen du.
- 1668 Akisgraneko bakea: Espainiak Flandesen hiri ugari ematen dizkio Frantziari. Portugalek independentzia lortzen du.
- 1697 Ryswickeko bakea: Frantziak lurralde ugari itzultzen dizkio Espainiari.
- 1700 Karlos II.a ondorengorik gabe hiltzen da.
Gatzaren matxinada Bizkaian
XVII. mende gatazkatsuak euskal lurraldeetan ere utzi zuen bere arrastoa. Bertan herri-matxinada bat izan zen arrazoi ekonomikoengatik, foruak tartean zirela.
1631. urtean, Olivares konde-dukeak gatzaren gaineko zerga bat onartu zuen, Gaztelako Koroa osoan ezarri beharrekoa. Neurri hori Bizkaiko foruaren aurka zihoan, probintzia horrek Gaztelakoak ez bezalako pribilegioak baitzituen. Hala eta guztiz ere, jaurerria zuzentzen zuten handikiek onartu egin zuten. Herritar xumeek, ordea, iraintzat jo zuten, sekulako kalte ekonomikoa egiten baitzien horrek. 1632.an matxinada piztu zen Bilbon.
Herritarrek haserre bizian egin zieten aurre bizkaitar handikiei. Traidoretzat hartzen zituzten, Bizkaiko legeen kontra ezarritako zerga bat onartu zutelako. Hala ere, iskanbilak aurki amaitu ziren, Bilbo berriz baketu eta gatzaren gaineko zerga hura kendu egin zuten Bizkaian.
