HISTORIA

XVII. mendeko Ingalaterra

Espainiar gainbeheraren aurrean, Frantzia absolutistaren nagusigo nahiak eta Herbehereen hedaketa ekonomiko handirekin aurrez aurre jarrita, Ingalaterra XVII. mendean zehar indar ekonomiko eta politiko handi bat bezala ageri da. Gatazka zibil eta krisi politiko ugariek Estatu eredu berria eragingo dute: parlamentuzko monarkia.

Absolutismoa eta guda zibila

Jakobo I.ak, Eskoziako erregea (1603-1625), Ingalaterran Estuardoen dinastiari hasiera eman zion, bere izeba Isabel I.a Tudorren oinordeko izatean. Arlo erlijiotsuan sakonki banandurik zegoen gizartean, errege berriak Eliza anglikarraren alde egin zuen katolikoen eta puritanoen aurrean, eta era absolutistan gobernatu zuen Legebiltzarra deitu gabe.

Karlos I.a (1625) bere aitaren ideia absolutisten arabera agintzen saiatu zen, horrek liskar ugari eragin zituen lurdun nobleziak (zaldunak) eta hiri burgesiak (buru borobilak edo gentry) osaturiko Legebiltzarrekin. Bere izaera ahultasunak gobernua aholkularien eskuetan uztera eraman zuen.

Zaldunen eta buru borobilen arteko liskarrek guda zibil bat eragin zuten (1642-1648). Zaldunak Errege-absolutismoaren alde zeuden, buru borobilak berriz, gehienak puritanoak, Legebiltzarraren boterea sendotu nahi zuten.

Oliver Cromwellek erregearen armadaren kontra legebiltzarraren gudarostea agindu zuen garaipena lortuz. Londresen, bere agintea ezarri zien bai legebiltzarrari eta baita Karlos I. erregeari. Geroago salketa egotzirik, jendaurrean exekutatua izan zen (1649).

Errepublika eta berrezarpena

Erregearen exekuzioaren ondoren, erregimen errepublikarra (edo Commonwealth) ezarri zen. Legebiltzarrak, puritanoek kontrolatua, boterea izan zuen Cronwellek desegin zuen arte. Cronwellek, Lord Babesle titulua erabiliz eta armadaren laguntzarekin diktatura pertsonala ezarri zuen.

Cromwell hil eta bi urte geroago (1658) exekutatutako erregearen oinordearekin, Karlos II.arekin(1660-1685), erregetza berrezarri zen.

Karlos II.ak, Luis XIV.aren gortean hezia, Ingalaterran gobernu absolutista ezarri nahi izan zuen, Frantziako gobernuaren antzera. Horrek Legebiltzarrean banaketa berri bat eragin zuen, oraingo honetan, torien (erregeren defendatzaileak ziren noble anglikarrak) eta whigsen (legebiltzarrean oinarrituriko boterearen aldeko burges puritanoak) artean.

Whigsek 1679an lortu zuten gehiengoa Legebiltzarrean, baina hautazko atxiloketa ekiditen zituen Habeas Corpusaren Legearen bozketaren ondoren, 1681etik aurrera Karlos II.ak ez zuen berriro deitu legebiltzarrera.

XVII. mendean Londreseko kaia munduko eraginkorrena bihurtu zen. Bertatik bost kontinenteetara zihoazen ontziak ateratzen ziren.

Iraultza Loriatsua

Jakobo II.ak (1685-1688) katolikoen aldeko politika jarraitu zuen, gehiengo puritanoa zuen Legebiltzarra bere kontran jarri zitzaiolarik. Whigsek eta toriek Orange-Nassauko Gilermoren laguntza eskatu zuten, Probintzia Batuen (Holanda) agintari orokorra zena. Aldi berean bere emazteari, Maria Estuardo, Jakobo II.aren alaba zenari tronua eskaini zioten.

Gilermo III. Orange-Nassaukoa (1689-1702) Ingalaterran lehorreratu zen eta Jakobo II.ak Frantziara ihes egin zuen (1688). Iraultza Loriatsuak parlamentuzko monarkia ezarri zuen, Eskubide Aldarrikapenak (1689) definitzen zuena, eta Gilermo III.ak eta Maria II.ak (1689-1694) honen gainean zin egin behar zuten koroatuak izan baino lehen.

Konstituzio egonkortasuna lortu ondoren, toriak eta whigsak ados jarri ziren agintean txandatzeko.

Ekonomi eta kultura oparotasuna

XVII. mendearen bigarren erdian, Ingalaterra munduko lehen merkataritza- eta kapitalista-indarra bilakatu zen. Honen arrazoiak hauek ziren:

  • Merkataritza ingelesa babestu zuten Nabigazio-Aktak.
  • Ipar Amerikan, Indian eta Antilletan burututako barneraketa koloniala.
  • Ingalaterrako Bankuaren sorrera (1694).

XVII. mendea kultura arloan ere bikaina izan zen. William Shakespeare (1616an hilda) drama idazlea eta John Milton poeta izan ziren literaturan aipagarrienak.

Pentsamolde politikoan Thomas Hobbes eta John Locke famatuak izan ziren, eta zientziak aurrerakada handia ezagutu zuen, alde batetik Francis Bacon filosofoaren ideiei esker eta bestetik William Harveyren (odolaren zirkulazioa) eta Isaac Newtonen (Grabitazio Unibertsalaren legea) aurkikuntzei esker.

Data garrantzitsuak

  • 1601 Ekialdeko Indietako Konpainia Ingelesaren sorrera.
  • 1603 Jakobo I.ak Isabel I.a ordezkatzen du.
  • 1607 Virginiako okupazioa, lehen britainiar finkapena Ipar Amerikan.
  • 1625 Karlos I.ak Jakobo I.a ordezkatzen du.
  • 1642 Guda zibila hasten da.
  • 1649 Karlos I.aren exekuzioa eta Oliver Cromwellen Errepublikaren ezarpena.
  • 1651 Nabigazio-Akta: Oliver Cromwellek neurri babesleak hartzen ditu komertzio ingelesaren alde.
  • 1655 Ingelesek espainiarrei Jamaika kentzen diete.
  • 1660 Erregetza berrezartzen da Karlos II.aren pertsonan. Ingelesek Belize hartzen dute.
  • 1667 Bredako bakea dela medio, holandarrek Amsterdam Berria ingelesen eskutan uzten dute, New York deitzera pasatuko dena.
  • 1670 Madrilgo ituna dela medio, Espainiak Bahamak eta Jamaika Ingalaterraren eskutan uzten ditu.
  • 1678 Lehen ingeles lantegiaren sortzea Hudson badian.
  • 1685 Jakobo II.ak Karlos II.a ordezkatzen du.
  • 1688 Iraultza Loriatsua. Orange-Nassauko Gilermo III.arekin erregetza konstituzionala ezartzen da.
  • 1694 Londreseko Bankuaren sorketa.

Locke eta askatasuna

Kapare landatar eta puritano independentea den Oliver Cromwell ek (1599-1658) parlamentuaren armadaren organizaziorako gaitasun militar handia erakutsi zuen. Berea, Jainkoak iradokitako misioa zelaz konbentzituta, errege-indarrak garaitu eta errepublikar diktadura zorrotza ezarri zuen.

«Gizaki guztiak izatez [...] askeak, berdinak eta independenteak izanik, inori ezin zaio kondizio hau ukatu ezta beste baten botere politikoa inposatu bere oniritzia izan gabe.»

John Locke, Botere zibilari buruzko entsegua .

Ingalaterra eta Frantziaren arteko gatazka, 1689 eta 1697 urteetan zehar izan ziren gudetan islatua, Estatua ulertzeko bi moduren arteko borroka suposatu zuen: Luis XIV.aren erregetza absolutista eta parlamentuzko monarkia ingelesa.