XVIII. mendeko ezaugarri orokorrak
- EXTRA: Munduan Zehar
Hazkunde demografiko eta ekonomikoa
XVIII. mendean zehar europar biztanleria azkar eta etengabe hazi zen (36. gaia ikusi). Hazkunde honek bi arrazoi ditu:
- Hilkortasunaren jaitsiera.
- Jaiotza-tasaren gehiagotzea.
Garapen demografikoak hazkunde ekonomikoa bultzatu zuen:
- Nekazal iraultza. Ingalaterran hasia, jakintza zientifiko berriengandik onura atera zuen.
- Industria. 1760. urtetik aurrera makinak erabiltzen zituzten lehenengo lantegiak azaldu ziren Ingalaterran, ekoizpena biderkatu zelarik.
- Merkataritza. Ingalaterrak nazioarteko merkataritza gehiena bereganatu zuen.
Oreka kontinentalaren sistema
Espainiar Ondorengotza-gerra eta gero (37. gaia ikusi), Utrecht-eko bakeak mende bat iraungo zuen ordena politiko berria ezarri zuen.
- Ingalaterrak bere itsas boterea eta koloniala sendotu zuen eta oreka kontinentalaren printzipioa ezartzea lortu zuen. Printzipio honen arabera, ez zen egon behar kontinentean nagusiagoa zuen estaturik eta potentziak elkar orekatu behar ziren.
- Espainiak europar jabego guztiak galdu zituen. Felipe V.ak (1701-1746) frantses tronuaren eskubideei uko egin zien, behin behineko bi koroen batasuna eragotziz.
- Norgehiagoka bikoitza ezarri zen Ingalaterra eta Frantzia, eta Austria eta Prusiaren artean.
- Otomandar Inperioak eta Suediak garrantzia galdu zuten europar potentzien artean.
- Pedro I. Handia (1689-1725) eta Katalina II. Handiarekin (1762-1796), Errusia politika europarrean erabat sartu zen.
- Polonia Austria, Errusia eta Prusiaren mesedetan banandua izan zen.
- Europako gatazkak kolonietara zabaldu ziren.
Despotismo ilustratua
XVIII. mendeko europar erregeek, errege ingeles konstituzionalen salbuespenaz, absolutistak izaten jarraitu zuten. Hala ere, gizarte- eta ekonomi eraldaketek eta Ilustrazioaren ideia berriek (42. gaia ikusi), aldaketak sartzera behartu zituzten errege gehienak.
Despota ilustratuak:
- Beren agintea indartu zuten Elizaren aurrean.
- Botere militarra indartu zuten.
- Garapen ekonomikoa bultzatu zuten.
- Kultura eta hezkuntza sustatu zuten.
Alabaina, ez zuten beren boterea gutxiagotu ezta nobleziaren pribilegioak desagerrarazi nahi izan, burgesiaren haserrea eragin zuena.
Despota ilustratuen artean Prusiako Federiko II.a (41. gaia ikusi), Espainiako Karlos III.a (38. gaia ikusi), Portugaleko Jose I.a, Austriako Maria Teresa eta Jose II.a (41. gaia ikusi), Frantziako Luis XV.a (40. gaia ikusi) eta Errusiako Katalina II.a (41. gaia ikusi) dira aipagarrienak.
Erregimen Zaharreko gizartea
Erregimen Zaharra Erdi Arotik etorritako gizarte-eredua zen, bertan biztanleria hiru estamentutan zatitua zegoelarik, tradiziozko legebiltzarretan ordezkariak izanik: noblezia, kleroa eta hirugarren estatua, hiriko burgesiak, artisauek eta baserritarrek osatutakoa.
XVIII. mendean zehar lege- eta politika-pribilegioek bereiztutako estamentu-gizarteak, eta Ilustrazioaren ideia berriek eta aldaketa ekonomikoek bultzaturiko gizarte burges eta kapitalista berriak, topo egin zuten.
Intelektual ilustratuek eta burgesek despotismo ilustratuarekiko zuten haserrea izan zen mendearen amaierako iraultzen arrazoietariko bat.Data garrantzitsuak
- 1713 Utrechteko ituna. Real Academia de la Lengua sortzen da Espainian.
- 1715 Luis XV.aren erregealdiaren hasiera Frantzian.
- 1733 Ondorengotza-Gerra hasten da Polonian.
- 1740 Ondorengotza-Gerra Austrian. Federiko II.aren erregealdia hasten da Prusian.
- 1746 Felipe V.a hiltzen da Espainian eta Fernando VI.ak ordezkatzen du.
- 1750 Jose I.aren erregealdia hasten da Portugalen.
- 1751 Entziklopediaren argitarapena hasten da.
- 1756 Zazpi Urteetako gerra hasten da.
- 1759 Karlos III.aren erregealdia hasten da Espainian.
- 1762 Jean-Jacques Rousseauk Gizarte-kontratua argitaratzen du. Katalina Handiaren erregealdia hasten da Errusian.
- 1765 Jose II.aren erregealdia hasten da Austrian.
- 1772 Poloniako lehen banaketa.
- 1787 Estatu Batuetako Konstituzioa izenpetzen da.
- 1789 Frantziar iraultza.
Biztanleriaren garapena mendearen hasiera eta amaieraren bitartean
Ingalaterra: 5 milioitatik 9ra.
Italia: 11 milioitatik 11ra.
Espainia: 8 milioitatik 11ra.
Hirugarren estatua
Pribilegio gabekoak edo hirugarren estatua (burges aberatsak, artisauak, merkatari txikiak, profesional liberalak eta nekazariak), Erregimen Zaharreko sistema politikoaren aurrean desadostasuna erakusten hasi ziren, kargu publikoetan ihardun zitezen ekiditen baitzuen, eta honetaz gain, zergen pisu guztia haien kargu uzten baitzuen.
Estatuaren papera
Estatuak erabakigarria izaten jarraitu zuen ekonomi jardueraren kontrolean, ez bakarrik zergen bitartez, ekonomiaren alderdi desberdinetan parte hartuz ere.
