«« Itzuli
Espainiar Ondorengotza-Guda
Euskal foralismoa eta borboien zentralismoa
Monarkiak Iberiako Penintsulan zituen foru-lurraldeak, Aragoiko Koroaren Estatuez gainera, Nafarroako Erresuma eta euskal probintziak ziren.
Ondorengotza-gerran Felipe V.ari leialtasunez lagundu zioten azken lurralde horiek beren askatasuna gorde ahal izan zuten. Aragoikoek, aldiz, eskubide batzuk galdu eta Gaztelakoen antzeko legeak onartu behar izan zituzten. Euskal probintzien antolamendua bitxia gertatzen zen gero eta zentralistagoa zen Monarkia haren barruan. Hori zela eta, tirabira ugari sortu ziren errege absolutisten eta foruen legezkotasuna defendatzen zutenen artean.
Barrualdeko aduanak eta ekonomia arloko beste pribilegio batzuk kentzeak sorrarazi zituen liskarrik handienak. Egin ziren aldaketa txikietan ados jartzen saiatu ziren; hala, adibidez, 1727. urtean aduanei buruzko akordio bat lortu zuten Bizkaian. Era horretan, foruak euskaldunen marko juridiko eta politikoa izan ziren aurrerantzean ere.
Austria Etxeko azken erregea izan zen Karlos II.aren heriotzak, Espainiaren gainbehera azkartu zuen europar potentzia bezala. Ondorengotza-Gudaren emaitza dinastia berri baten erregealdia izan zen, Borboiena, eta Koroaren Europako lurralde guztian galera.
Utrechteko itunaren bitartez Herbehereak eta Italiako lurraldeak galtzeaz gain, Espainiak Ingalaterrari Menorca eta Gibraltarreko Haitza eman behar izan zizkion, gerran konkistatutakoak. Menorca Karlos III.aren erregealdian berreskuratu zuten, baina Gibraltar ingeles eskuetan geratu zen.
