HISTORIA

Espainia lehenengo Borboien agintepean

Ondorengotza-Gudaren ondoren, Espainia bigarren mailako potentzia bilakatu zen Europa barruan, hala eta guztiz ere, itsasoz bestaldeko bere hedadura handiko Inperioa mantendu zuen. Barne politikari dagokionez, dinastia aldaketak zentralismo handiagoa eta erreforma-politika handizale baten hasiera suposatu zuen.

Felipe V.a eta Planta Berria

Felipe V.ak (1701-1746) hasiera eman zion Borboien dinastiari Espainian. Errege berriak Espainiako erresuma ezberdinen bateratze administratiboa eragin zuen politika zentralista bat gauzatu zuen.

1707 eta1716 urteen bitartean, Planta Berriko dekretuen bidez, Ondorengotza-Gudan Austriako Karlos artxidukearen alde egin zuten Aragoiko Koroaren lurralde eta erresumen (Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Balearrak) foruak indargabetuak geratu ziren. Okupazio militarraren bidez lurralde hauek Gaztelan integratuak egotea ziurtatu zuen.

Kanpo-politikari dagokionez, Felipe V.ak Utrechteko akordioan Espainiak galdu zituen lurralde italiarrak bere semeentzat berreskuratzen saiatu zen, eta Frantziako Luis XV.arekin Familiako Itunak deituriko akordioak sinatu zituen (1734 eta 1743), hauen bitartez bi nazioetako errege Borboien artean elkar laguntza ziurtatzen zen. Momentu hartatik, Espainiaren kanpo jokaera frantziarren interesen menpe gelditu zen.

Borboien dinastiaren ezarpenak Frantziak Espainiaren orientabide politikoan eragin handiagoa izan zezan ekarri zuen. Felipe V.aren erregealdiaren lehen aroan eragin hau, Ursinos printzearen eta Orry eta Amelot ministro frantsesen bitartez gauzatu zen. Maria Luisa erreginaren heriotzaren ondoren, erregearen emazte berria zen Farnesioko Isabelek, Italiarantz gidatu zuen kanpo politika Julio Alberoni ministroaren laguntzaz.

Karlos III.aren erreformak

Fernando VI.a gaixotiaren erregetzaren ondoren (1746-1759), aurretik Parma eta Plasenciako duke eta Napoli eta Siziliako errege izandako Karlos III.ak (1759-1788) erreforma-programa handizale bat ezartzeari ekin zion.

Despotismo ilustratuaren korrontean lekutuak, erreforma hauen helburuak hauek izan ziren:

  • Administrazio zentralizatua eta eraginkorra ezartzea.
  • Gizabanakoaren aske ekimena (Mestaren pribilegioak, barne aduanak eta abar) oztopatzen zituzten Erregimen Zaharreko instituzio eta usadioak desagerraraztea.
  • Ekonomia hobetzea (Estatuaren lantegien sorketa, ubideen eta bideen eraiketa, eta Amerikarekin merkataritzan aritzeko baimena eskualde guztientzat).
  • Lur jabetzaren formen aldaketa, lurrak nekazari txikien artean banatu zitezkeelarik.
  • Eliza estatuaren kontrolpean jartzea.
  • Espainia europar korronte kultural berriekin erlazionatzea. Espainiar gizartea modernizatzeko, Gobernuak irakaskuntza berrantolatu zuen eta jakintza berrien hedatzaile ziren Nazioaren Adiskideen Sozietate Ekonomikoen sorketa bultzatu zuen.

Karlos III.a.

Karlos IV.a: despotismo ilustratuaren krisia

Borbondar erreformismoa Frantziar Iraultza piztearekin batera krisian sartu zen, Karlos IV.ak Espainiako tronua hartu (1788-1808) eta hilabete gutxira.

Barne politikari dagokionez, Floridablancako kondea, filosofo ilustratuen lanei eta iraultzaren aldeko propagandari mugak ixten saiatu zen. Ministro ilustratuak Manuel Godoyk ordezkatu zituen Karlos IV. eta Parmako Maria Luisa bere emaztearen gogokoena zena.

Nazioarteko politika kontraesankorra izan zen. Iraultzariek 1793an Luis XVI. exekutatu ondoren, Espainiak gerra deklaratu zion Frantziari, baina hiru urte beranduago Godoyk berriz sinatu zuen aliantza ituna nazio honekin. Honek Ingalaterraren kontrako gudan Espainiaren partehartzea behartu zuen.

Frantziarekin aliatuta egoteak gudaroste napoleonikoek penintsula inbaditu zezaten ekarri zuen eta ondorioz gainera herria matxinatu zen. Baionako abdikazioek Espainiako tronua Napoleonen anai zen Jose I.aren (1808) eskutan utzi zuten.

Data garrantzitsuak

  • 1701 Felipe V.a Espainiako errege hautatua da. Ondorengotza-Guda hasten da.
  • 1713 Ondorengotza-Gudari amaiera ematen dion Utrechteko Ituna.
  • 1716 Felipe V.a Planta Berriko Dekretuak sinatzen ditu.
  • 1720 Hagako bakean, Espainia Batasun Laukoitzaren menpe jartzen da (Ingalaterra, Frantzia, Holanda eta Austria).
  • 1734 Lehen Sendi Ituna Espainia eta Frantziaren artean.
  • 1743 Bigarren Sendi Ituna.
  • 1746 Felipe V.a hiltzen da, bere seme Fernando VI.ak segitzen diolarik.
  • 1759 Fernando VI.a hiltzen da eta Karlos III.ak bere anaiak segitzen dio.
  • 1761 Hirugarren Sendi Ituna.
  • 1763 Ingalaterraren kontrako Zazpi Urteetako gudari amaiera ematen dion Pariseko Bakea.
  • 1781 Menorcako errekonkista (Ingalaterraren eskutan 1708tik).
  • 1788 Karlos III.a hiltzen da eta Karlos IV.a bere semeak segitzen dio.
  • 1792 Godoyk Arandako kondea ordezkatzen du Gobernuaren buruan.
  • 1805 Frantziar-espainiar eskuadraren porrota Trafalgarren Ingalaterraren kontra.
  • 1808 Napoleonen inbasioa iberiar penintsulan eta Baionako abdikazioak.

Esquilacheren matxinada

1776. urteko martxoan, kapa luze eta hegal zabaleko kapela erabiltzea debekatu zen, lapur eta gaizkileek nortasuna ezkuta ez zezaten. Honek Esquilacheko markesaren eta orokorrean neurri erreformatzaileen kontrako herriaren protesta eragin zuen Madrilen eta beste hiri batzutan. Matxinatuek ministroaren jauregian indarrez sartu ziren, eta erregeak bere kargugabetzea sinatu behar izan zuen.

 

Ilustratu espainiarrak

Benito Jeronimo Feijoo
(1676-1764)
Ohituran eta agintean oinarritutako ideiekin kritikoa.

Diego de Torres Villarroel
(1693-1770)
Genero pikareskoko autobiografia baten idazlea.

Jose Cadalso
(1741-1782)
Cartas marruecasen, garai hartako Espainia kritikatzen du.

Leandro Fernandez de Moratin
(1760-1828)
Espainiar antzerkiaren berritzailea, emakumearen emantzipazio soziala defendatzen du El sí de las niñas lanean.

Gaspar Melchor de Jovellanos
(1744-1811)
Idazlea eta politiko erreformista, bere lanetan hezkuntzaren garrantzia azpimarragarri da eta nazioaren egoera ekonomikoa aztertzen du.

 

Ilustrazio garaia Euskal Herrian



Euskal ilustratu gehienak nobleak ziren jatorriz; burgesak ere baziren, baina askoz gutxiago. Ilustratuek hazkunde ekonomikoa bultzatu zuten interesatzen zitzaizkien arloetan. 1764. urtean Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea fundatu zuten, eta honen jarduerari atxikita "Real Seminario Patriótico Bascongado" delakoa sortu zuten, burdinoletarako baliagarriak ziren jakintza-arloak -adibidez metalurgia- landu eta erakusteko asmoz.