HISTORIA

Europa gudan

Utrecht-eko itunaren bitartez ezarritako oreka-sistema politiko europarra laster desegin zen, zenbait norgehiagoka belikoak piztu zirenean. Gerra hauek lehia bikoitz baten emaitzak ziren: Austria eta Prusiaren artekoa alemaniar inguraldean, eta Frantzia eta Britainia Handiaren artekoa beren Amerika eta Asiako kolonietan.

Austria eta Poloniako Ondorengotza-Gerrak

  • Poloniako Ondorengotza-Gerra (1733-1738) izan zen Utrecht-eko itunaz (1713) geroztik izaera orokorra izan zuen lehen gerra. Honetan Augusto III.a (1733-1763), Poloniako Augusto II.aren semea, eta Estanislao I. Leszczynski (1704-1714, 1733-1736), Frantziako Luis XV.aren aitaginarreba eta poloniar Dietak 1733an aukeratua, izan ziren elkarren kontra borrokatu zirenak.

    Austriak, Errusiak eta Prusiak Augusto III.aren alde egin zuten, eta Frantziak eta Espainiak Leszczynskiren asmoak defendatu zituzten. Vienako bakearen bitartez (1738), Estanislao I.ak tronuari uko egin zion.

  • Austriako Ondorengotza-Gerrak (1740-1748) Maria Teresa (1740-1780), Karlos VI. enperadorearen alaba, eta Silesia inbadituz gatazka piztu zuen Prusiako Federiko II.a (1740-1786) aurrez aurre ipini zituen.

    Frantziak eta Espainiak Prusiarekin bat egin zuten, eta Britainia Handiak eta Savoiak Austria lagundu zuten. Akisgraneko bakeak (1748) gerraren amaiera suposatu zuen.

Zazpi urtetako gerra

Akisgraneko bakeak tregoa bat bakarrik suposatu zuen Europa barneko lehietan. Austriako Maria Teresak ez zuen 1745ean hitzartutako Silesiaren galera onartu, eta ez zion uko egiten lurralde horren berreskurapenari. Bitartean, Frantziak beldur zion Prusiaren hedapenari eta Britainia Handiak bere nagusigo koloniala finkatzeko asmoa zuen.

Aliantzak alderantziz gelditu ziren. Austria eta Frantzia, mendeetan zehar liskarrak izan ondoren, Prusia eta Erresuma Batuaren kontran jarri ziren 1756an.

  • Prusiak, mehatxupean, britainiarren laguntza bilatu zuen.
  • Austriak Frantzia, Espainia, Errusia eta Suediaren laguntza lortu zuen.

Zazpi Urtetako Gerra (1756-1763) indar prusiarrek Saxonia inbaditu zutenean hasi zen. Gerra honen garapena aldakorra izan zen, eta bi alderdietako borrokalariek Europan nahiz itsasoz bestaldeko kolonietan egin zuten borroka.

Hubertsburgo eta Pariseko bakeek (1763) gerrari amaiera jarri zioten. Prusiak Silesia gaineko nagusitasuna mantendu zuen eta gerratik indartua atera zen Austriaren aurrean.

Anglo-frantses etsaitasunean, Ingalaterrak bere inperio koloniala handitu zuen Frantziaren kontura.

Poloniako banaketa

Augusto II.aren heriotzaren ondoren, Poloniak bere semea Augusto III.a eta Estanislao Leszczynskiren - Luis XV.aren aitaginarreba eta poloniar Dietak 1733an hautatua - arteko ondorengotza-gerra bat jasan zuen. Baina gerra honek ez zuen amaitu auzokoak ziren eta poloniar lurraldea menperatu nahi zuten potentzien arteko etsaitasunarekin. Estanislao II.ak (1764-1795) ezin izan zituen Austria, Prusia eta Errusiaren nahiak eragotzi, hauek barne-nahasketa bere mesedetan erabili zutelarik nazioa beren artean banatzeko itun batzuen bidez.

  • Lehen banaketa (1772), San Petersburgo-ko itunean hitzartutakoa. Federiko II.ak poloniar Prusia eskuratu zuen, bitartean Errusiak Errusia Zuria eta Austriak Galitziako lurraldea hartzen zuten.
  • Bigarren banaketa (1793), Grodnoko «Dieta Mutua»k onarturikoa. Prusiak Poznango lurraldea beretu zuen eta Errusiak Polesia eta Podoliako lurraldeak.
  • Hirugarren banaketa (1795). Tadeusz Kosciuszkoko matxinada abertzalearen suntsitzearen ondoren gertatu zen (1746-1817) eta erresumaren desegitea suposatu zuen, Errusia, Prusia eta Austriaren artean banaturik gelditu zelarik.

Europatik kanpoko borrokak

1754tik aurrera, Frantzia eta Erresuma Batuaren arteko borroka kolonialak gatazka ireki batean bilakatu ziren, Zazpi Urtetako gerrarekin luzatu zena.

  • Amerikan, ingelesek, Pariseko bakea (1763) zela medio, Kanada eta Mississippiren gaineko jabetza lortu zuten. Frantziak Dominika, San Vicente, Tobago eta Granada laga zituen. Espainiak, bere aldetik, Florida eta Mississippiren Ekialde eta Hego-ekialdeko lurraldeak eman zizkion Britainia Handiari, Louisiana jaso zuelarik Frantziarengandik.
  • Indian, Frantziako porrotak Plasseyn (1757), Ingalaterrari Kalkuta eta hegoaldeko beste kolonia batzuk ematea eta azpikontinentean botere britainiarra sendotzea suposatu zuen.
  • Afrikan, itsas nagusitasunak Frantziak Senegalen zituen kokagune guztiak kentzea ahalbidetu zion Britainia Handiari.

Data garrantzitsuak

  • 1733 Poloniako Ondorengotza-Gerra hasten da. Lehen Familia-ituna Espainia eta Frantziaren artean.
  • 1738 Vienako bakea: Poloniako Ondorengotza-Gerraren amaiera.
  • 1740 Karlos VI. enperadorea hiltzen da eta Maria Teresa bere alabak jarraitzen dio. Austriako Ondorengotza-Gerra hasten da.
  • 1741 Bavariako Karlos Albertok, Frantzia, Espainia eta Saxoniaren laguntzaz, bere burua enperadore izendatzen du Karlos VII. izenarekin.
  • 1743 Prusiako Federiko II.ak gerran parte hartzen du berriro. Bigarren Familia-ituna.
  • 1745 Dresdeko bakea: Austriak uko egiten dio Silesiari. Füssengo bakea: Bavariak Maria Teresa eta Lorrenako Frantzisko bere senarra Austriako enperadore bezala antzematen ditu.
  • 1748 Akisgraneko bakea: Frantziak austriar Herbehereak eta lurralde koloniar britainiarrak itzultzen ditu.
  • 1756 Zazpi Urtetako gerra hasten da.
  • 1761 Britainia Handiak Prusiari laguntza emateari uzten dio. Frantziak, Errusiak, eta Espainiak gerra uzten dute. Hirugarren Familia-ituna.
  • 1763 Hubertsburgoko bakea Prusia eta Austriaren artean. Pariseko bakea, Frantzia eta Britainia Handiaren artean.
  • 1772 Poloniako lehen banaketa.
  • 1793 Poloniako bigarren banaketa.
  • 1795 Poloniako hirugarren banaketa.

Familia-itunak

Europako liskarrak zirela eta, dinastia borboiek hiru Familia-itun egin zituzten. Lehenengoa (1734) Espainiako Felipe V.ak eta Frantziako Luis XV.ak sinatu zuten; bigarrena (1743), errege berdinek eta Napoliko Karlosek; eta hirugarrena (1761), Espainiako Karlos III.ak, Frantziako Luis XI.ak, Parmako Felipek eta Napoliko Fernandok.

 

Europar hedapena

XVI. mendean, Espainiak eta Portugalek itsasoz bestaldeko merkataritza bien artean banatu zuten. XVII. mendean, Holandak, Ingalaterrak eta Frantziak iberiar monopolioa hautsi zuten europar hedapen berri bati hasiera emanez. XVIII. mendean, Ingalaterra merkataritza eta itsas potentzia handi bezala inposatu zen.

 

Ingalaterra, garaile handia

Ingalaterra indartua atera zen XVIII. mendeko gatazketatik eta bere inperio koloniala munduko lehena bilakatu zen. Itun ezberdinek espainiar eta portugaldar Amerikako salerosketetan sartzea ahalbidetu zioten, bere ontzidi indartsuaren bidez itsas ibilbide garrantzitsuenak kontrolatu ahal izan zituelarik.