HISTORIA

«« Itzuli

Industria-Iraultza (I)

Ingalaterrako Industri Iraultzaren ondorioak Euskadin

Ingalaterrako metalurgian gertatu ziren aldaketek kalte handia egin zieten euskal burdinolei. Ekoizpena handitzeak eta Ingalaterrako burdinaren kostua merkatzeak galera nabarmena ekarri zien euskal olagizonei. Espainian euskaldunen burdina ere ez zen errentagarria, euskal probintzietako aduanak igarotzean haren prezioa nabarmen garestitzen baitzen. Egoera hori ikusita, burdinolen jabeek eta merkatariek sektorea babesteko politika bat proposatu zuten. Alde horretatik, aduanak kostaldean jartzeko eskaera egin zuten, barrualdean merkatu bateratu bat sortu eta euskal burdinari irtenbidea eman ahal izateko.

Hala ere, horrek kalte nabarmena egiten zien jabe eta errentadun handiei, aduanetan atzerriko erosketei zergak ezartzen baitzizkieten, eta bestalde euskal landa-inguruneko egoera ekonomikoak txarrera egin zuen, herri-lurrak galdu eta prezioek behera egiten baitzuten, presio fiskalak bere horretan irauten zuen bitartean.

Gauzak horrela, XVIII. mendearen bukaeratik XIX. mendearen hasiera bitartean, nolabaiteko bat etortze ideologikoa gertatu zen nobleen eta batere gustura ez zeuden nekazari guztiz katolikoen artean. Aldaketa ekonomikoek arriskuan jartzen zuten foru-tradizioaren alde jarri ziren nobleak. Elizak ere jarrera kontserbadorea hartu zuen, eta ezarritako ordenari eusteko eskatu zuen.

Aldi berean, talde burgesak foruak gaindituko zituen Estatu liberal baten alde jarri ziren. Era horretan, gerra karlistetan aurrez aurre borrokatuko ziren bi bandoen ezaugarriak zehaztu ziren.