HISTORIA

Estatu Batuen independentzia

Ilustrazioaren lehen garaipena Britainiak Ipar Amerikan zituen kolonietan gertatu zen. Bertan, independentzia, hiritarren eskubide-berdintasuna legearen aurrean, botere-banaketa eta gizakiaren eskubideen errespetua oinarri zituen boterearen aldeko iraultza egon zen.

Hamahiru koloniak

XVII. mendetik aurrera, Ipar Amerikako kostalde atlantikoan britainiar kolonoak bizi ziren, gehiengoa puritanoa eta katolikoa. Hamahiru kolonia ziren, Iparralde eta Hegoaldean bananduak.

  • Iparraldean New Hapshire, Massachusetts, Conneticut, Rhode Island, New York, New Jersey, Delaware eta Pensilvania zeuden, eta bertako biztanleak merkataritzan eta industrian aritzen ziren.
  • Hegoaldeko koloniak Maryland, Virginia, Iparraldeko Karolina, Hegoaldeko Karolina eta Georgia ziren. Hauen ekonomia esklabo beltzek landatzen zituzten kotoi-, tabako- eta arroz-landaketa handietan oinarritzen zen.

Iraultzaren arrazoiak hauek izan ziren:

  • Ilustrazioaren ideien hedapena, bere heldutasun politikoaz jabetzen ari zen aberastutako burgesia heziaren artean.
  • Jorge III. (1760-1820) erregeak eta bere ministroek jarraitu zuten politika autoritarioa. Zazpi Urtetako gerrak eragin zituen gastuek (39. gaia ikusi) britainiar gobernua kolonia iparamerikarretan zergak igotzera behartu zuten.

Independentzia-gerra

Independentziaren aurretik kexa ugari egon ziren:

  • 1764ko Revenue Actak eta 1765eko Stamp Actak ezarritako zergak ordaintzeari uko egitea.
  • Bostonen piztu ziren matxinada bortitzak 1767ko Townshend Actsen kontra. Akta hauek zerga berriak ezarri baitzituzten koloniek inportatzen zituzten gaietan.
  • Bostongo tearen matxinada (1773), tearen gainean mantentzen ziren zergengatik protestan. Gobernuak soldaduak bidali zituen eta kolonoek gudaroste bat antolatzen hasi ziren aurre egiteko.

1775ean Independentzia-gerra hasi zen. Matxinatuek hiru figura handiren laguntza zuten: Benjamin Franklin (1706-1790) eta Thomas Jefferson (1743-1826), mugimenduaren ideologoak, eta George Washington (1732-1799), militar eta antolatzaile argia.

  • 1776an Independentzi Deklarazioa aldarrikatu zen (1776), Jeffersonek idatzitakoa, Gizakiaren Eskubideen lehen formulazio legala izan zelarik.
  • 1777an kolonoek garaipen garrantzitsua lortu zuten Saratogan, honen ondoren Frantziak eta Espainiak bere laguntza eskaini zieten Ingalaterraren aurka aritzeko.
  • 1781ean britainiar tropak garaituak izan ziren behin betiko Yorktownen.
  • 1783an Versailleseko bakeak gatazka amaiarazi zuen. Ingalaterrak hamahiru kolonien independentzia onartu zuen eta lurralde ugari itzuli zizkion Frantzia eta Espainiari.

Konstituzioa

Gerra ondorengo arazo ekonomikoek eta indiarren kontrako borrokak hamahiru kolonien elkarketa politikoa eragin zuten. Amerikako Estatu Batuen Konstituzioa 1787an aldarrikatu zen, Filadelfiako Konbentzioan, eta 1789an indarrean egon zen.

Ideia liberalek inspiraturikoa, nazio berria hamahiru estatuek osaturiko errepublika federala izango zela ezartzen zuen Konstituzioak. Montesquieuk formulatu zuen botere banaketaren printzipioa ezarri zen (43. gaia ikusi):

  • Botere exekutiboak presidentearengan datza, lau urtean behin hautatutakoa.
  • Botere legegileak Kongresuan datza, bi ganbera osatzen dutelarik hau:
    • Senatua, estatu bakoitzaren ordezkariez osaturikoa.
    • Ordezkarien Ganbera, estatu bakoitzean bere biztanleriaren arabera aukeratuak.
  • Botere judizialak Auzitegi Gorenean datza, honek, gainera, exekutibo eta legegilearen arteko gatazkak arbitratzearen erantzukizuna duelarik.

Nazio berriaren lehen presidentea Washington (1789-1797) izan zen, bere finantza, merkataritza eta industriaren garapenerako egitarauaren bidez XIX. mendeko estatubatuar hedapen ekonomikoaren oinarriak ezarri zituelarik.

Data garrantzitsuak

  • 1763 Iparramerikar kolonoak bere merkataritzan ezarritako mugapen britainiarrez kexu dira.
  • 1764 Revenue Actak zerga berriak ezartzen ditu eta kolonoak berriz kexatzen dira.
  • 1765 New Yorkeko Kongresua Stamp Actaren kontra jartzen da, honek dokumentu juridikoen, aldizkarien eta liburuen gaineko zerga berri bat ezartzen baitu.
  • 1767 Townsend Actsek zergak ezartzen dituzte inportazio amerikarrengan.
  • 1773 Tearen matxinada Bostonen.
  • 1775 Independentzia-gerra hasten da errege-tropen eta George Washingtonek zuzenduriko gudaroste matxinatuaren artean.
  • 1776 Uztailak 4, hamahiru estatuen independentziaren aldarrikapena.
  • 1777 Amerikar garaipena Saratogan.
  • 1778 Frantziak eta Espainiak matxinatuen alde parte hartzen dute.
  • 1781 Britainiarren amore ematea Yorktownen.
  • 1783 Gerraren amaiera Versailleseko bakearen bitartez.
  • 1787 Estatu Batuen konstituzioaren aldarrikapena.
  • 1789 George Washington, nazioaren lehen presidentea.

Tearen matxinada

1773an, tearen inportazioaren gaineko zergen kontra protestatzeko, matxinatuen talde batek Indiatik zetorren ontzi baten te-zama guztia itsasora jaurti zuen. Ingalaterrak Massachusettseko Asanblada Kontseilu baten truke ordezkatu zuen, eta erantzun moduan, koloniek Biltzarra Kontinental bat deitu zuten 1774ean.

 

Independentzi deklarazioa

«Guk, batzar orokorrean baturiko Amerikako Estatu Batuen ordezkariek beraz, munduaren Epaile Gorenari apelatuz, gure asmoen zuzentasunaz eta kolonia hauen herriaren izen eta autoritateaz, handitasunez argitaratu eta adierazten dugu kolonia batu hauek direla eta legez izan behar dutela, estatu aske eta independenteak.»

 

George Washington

Armadaren burua izan zen Independentzia-gerran eta Estatu Batuen lehen presidentea.