Napoleonen garaia
- EXTRA: Munduan Zehar
- BIDEOA: Artzain mariskala
Kontsulatua
Brumarioko 18ko Estatu kolpeak (1799ko azaroaren 9a) Direktorioa bukarazi eta Kontsulatua ezarri zuen, boterea betearazlea hiru kontsuli zegokion erregimen errepublikarra.
Napoleon Bonaparte (1769-1821), Italia eta Egiptoren kontrako kanpainen heroi (48. gaia ikusi) eta kolpearen inspiratzailea, lehen kontsul izendatu zuten, izatez botere guztia beregan bilduz.
Kontsulatuak burututako politikaren artetik aipagarriak dira:- Ordenaren berrezarpena askatasun konstituzionalen eta polizia eraginkor baten antolaketaren bidez.
- Ekonomiaren berpiztea industria eta merkataritza babestuz.
- Kode Zibilaren aldarrikapena («kode napoleonikoa»), iraultzaren ideiak jasotzen zituenak, nahiz eta oso neurtuak izan.
- Irakaskuntzaren birmoldaketa, ikaskuntza ertainentzako lizeoak sortuz eta Unibertsitate Inperialaren sorketarekin, gizartearen eliteari zuzendua.
- Eliza katolikoarekin harremanen berrezarpena 1801eko Konkordatuaren bidez Pio VII. arekin (1800-1823).
1802an Napoleon biziarteko kontsul izendatu zuten, eta 1804an enperadore izendatu zuen bere burua.
Inperioa eta gerra napoleonikoak
Europaren jabea izatearen asmoarekin, Napoleonek bere militar trebetasuna erakutsi zuen estratega bezala, bere gudarosteen mugikortasunean eta eraso azkarretan oinarrituz. Gerran parte hartu zuten mariskal garrantzitsuenak Dupon, Murat, Moncey eta Suchet izan ziren.
Kontsulatuak iraun zituen bost urteetan eta Inperioaren hamar urteetan zehar, Napoleonek ia etenik gabe egin zuen borroka potentzia europarren kontra, azken hauek sei koalizio antolatu zituztelarik Frantziaren kontra.
- Napoleonek Austria, Prusia, Errusia eta beste aliatu batzuk garaitu zituen bata bestearen atzetik hurrengo batailetan: Marengo, Ulm, Austerlitz, Jena, Tilsit.
- Ingalaterraren kontra, Napoleonek arerio nagusitzat zuena, Trafalgarreko (1805) itsas batailan borrokatu zen, Villeneuven agindutara zegoen armada franko-espainiarrak sekulako porrota jasan zuelarik.
- Honen ondoren, Napoleon Ingalaterra ekonomikoki suntsitzen saiatu zen kontinentalki blokeatuz (1806), honen eraginez Europako kai guztiak itxita gelditu ziren ontzi eta gai ingelesentzat.
Errusiak blokeoari laguntzea erabaki zuen, baina Portugalek ez. Napoleonek iberiar penintsula indarrean hartu zuen, honek Independentzia gerra eragin zuelarik (50. gaia ikusi).
Amets napoleonikoaren amaiera
1808an, Napoleonen armada Bailenen garaitua izan zen Castaños jeneralaren eskutik. Potentzia europarrek frantziar nagusigoaren kontrako indarrak areagotu egin zituzten momentu hartan eta Napoleonek Vienako bakea (1809) izenpetu behar izan zuen Austriarekin.
Errusiako kanpainan (1812) zazpiehun mila soldaduk parte hartu zuten eta porrot handian amaitu zen. Alexandro I. zarrak (1801-1825) Moskuri sua ematearen eta alde egitearen agindua eman zuen eta gudaroste frantziarrak hornidura gabe atzera egin behar izan zuten, neguaren erdian eta errusiar gudarosteek jazarrita. Hamar mila soldaduk bakarrik biziraun zuten.
Napoleonek hemeretzi urtetako gazteak deiarazi zituen Austriak, Prusiak eta Errusiak osaturiko batasunean borroka egin zezaten. Enperadoreak garaipen batzuk lortu zituen oraindik, baina Leipzigen garaitua izan zen, «nazioen batailan» (1813).
Abdikatzera behartu ondoren, Elbako irlaren gobernuaren agintea eman zitzaion. Frantzian Luis XVIII.aren (1814-1824) pertsonan ezarri zen erregetza, Luis XVI.aren anaia.
Napoleonek boterea berreskuratu zuen Ehun Egunetako gerran 1815ean, baina Waterloon Wellingtongo dukearen (1769-1852) agintepean zegoen nazioarteko gudarosteak berriro garaitu zuen. Santa Helenako irlan erbesteratu zuten, Afrikan, 1821ean hil zen.Data garrantzitsuak
- 1799 Napoleonek Direktorioaren kontrako Estatu-kolpea burutzen du eta Kontsulatua aldarrikatzen du.
- 1802 Napoleonek bere burua biziarteko kontsul izendatzen du.
- 1804 Napoleonek bere burua enperadore izendatzen du.
- 1805 Napoleonek bere burua Italiako errege izendatzen du. Nelson almirante britainiarraren garaipena Trafalgaren. Napoleonen garaipena Austerlitzen austriar eta errusiarren kontra.
- 1806 Napoleonen garaipena prusiarren kontra Jenan.
- 1807 Friedland garaitua izan ondoren, Alexandro I. zarrak Tilsiteko bakea sinatzen du.
- 1808 Napoleonek Espainia inbaditzen du eta espainiar Independentzia gerra hasten da. Bailengo porrotaren ondoren, enperadoreak penintsula gudaroste handi batekin okupatzen du. Jose Bonaparte, Espainiako errege.
- 1812 Napoleonen porrota Errusian.
- 1813 «Nazioen bataila»: errusiarrek, britainiarrek, austriarrek, prusiarrek eta suediarrek Napoleon garaitzen dute Leipzigen. Frantziarren porrota Espainian.
- 1814 Aliatuak Parisen sartzen dira. Napoleon kargugabetua da eta Elbako irlara bidaltzen dute. Luis XVIII.a Frantziako errege izendatzen dute.
- 1815 Napoleonen itzulera eta Ehun Egunetako gobernua. Waterlooko porrotaren ondoren, Santa Helenako uhartera erbesteratzen dute.
Napoleon
Adimen miragarria, sekulako imajinazioa eta lan egiteko gaitasun izugarria zuen gizona, hurrengoa esan ohi zuen: «Gai ezberdinak nire buruan sailkatuak daramazkit, armairu batean bezala. Hauetako bat eten nahi dudanean kaxoi bat itxi egiten dut eta beste bat ireki. Horrela ez dira beraien artean nahasten eta ez naute nekatzen.»
Ezkontza inperiala
Austriarekin bakea egin ondoren, enperadoreak bere abizena Europako dinastia nobleenari atxiki nahi izan zion, Habsburgokoari, erromatar germaniar Inperio Sakratuaren oinordekoa. Horretarako Maria Luisa artxidukesarekin ezkondu zen 1810ean. Zuela gutxi dibortziatu zen bere lehen emazte Josefinarengandik, semerik eman ez zizkionak.
Napoleonen anaiak
Luziano eta Jose, bere anaia nagusiek, Napoleon lagundu zuten Direktorioaren kontrako estatu kolpea gauzatzen eta Caninoko printze (Italia) eta Espainiako errege izendatu zituzten hurrenez hurren. Luis Holandako errege koroatu zuten eta Jeronimo Westfaliakoa. Elisa, Karolina eta Paulina arrebek dukerriak jaso zituzten Italian.
