HISTORIA

Espainiako Independentzia Gerra

Frantziarrek Iberiar penintsula inbaditzeak herria piztu zuen eta Espainian gudaroste handi bat mantentzera behartu zuen Napoleon, artean Cadizeko Gorteek iraultza liberala praktikan jartzen zuten 1812ko Konstituzioaren sorketarekin.

Inbasioa eta herriaren erresistentzia

Napoleonek, Parmako Maria Luisa emazteak eta Manuel Godoy lehen ministroak menperaturiko Karlos IV.a erregearen (1788-1808) ahultasunaz baliatuz, Espainia inbaditzea erabaki zuen.

Aitzakia Portugalek, Napoleonek Ingalaterraren kontra dekretaturiko blokeo kontinentalari (49. gaia ikusi) laguntza eman nahi ez izatea izan zen. Enperadoreak Godoyri Portugaleko Hegoaldean Erresuma bat eta Karlos IV.ari «Ameriketako enperadore» titulua eskaini zizkien, gudaroste frantziarrak espainiar lurraldetik igarotzearen truke.

Frantziarrek Portugal inbaditu zuten eta hiri espainiar ugaritan ezarri ziren. Frantziarrak Espainiaz jabe zitezen eragindako beldurrak, Fernando printzearen jarraitzaileek 1808ko martxoan Aranjuezeko matxinada antola zezaten eragin zuen. Godoy kargugabetu egin zuten eta Karlos IV.ak bere semearen mesedetan (Fernando VII.a) abdikatu zuen.

1808ko apirilean Bayonako abdikazioak jazo ziren: Napoleonek errege familia espainiarra deitu zuen eta Fernando eta Karlos abdikatzera behartu zituen.

Maiatzaren 2an Madrilgo hiria frantziar tropen kontra matxinatu zen. Errepresioaren ondoren, Mostoleseko alkateak guda deklaratu zion Napoleoni, eta handik gutxira nazio osotik zabaldu ziren erresistentzia antolatzeko Gobernu Batzarrak. Independentzia-guda hasia zen.

Bilakaera Politiko eta militarra

Espainian frantziarren aurreko jarrera banaturik zegoen:

  • Frantziarrak kanporatzearen alde zeudenak Batzar Zentralaren inguruan bildu ziren. 1808ko abuztuaren 19an, Andaluziako ejertzitoak Bailenen frantziarrak garaitu zituen Castaños jeneralaren agindupean (1756-1852). Beraien lehen porrota izan zen Europan.

    Jose I. Bonaparte (1808-1813), Napoleonek Espainiako tronuan jarria, Madril utzi zuen eta indar frantziarrek Gerona eta Zaragozaren gaineko setioa altxatu zuten, baina abenduan enperadorea bera bere gudarostearekin Espainian sartu zen eta anaia tronuan berrezarri zuen.

    Egoera hau zela eta, herriak gerrillen gerratea erabiliz aurre egin zuen, eta honek inbaditzaileen kontrako jazarpenean herri guztia inplikatu zuen. Gerrillarien artean Espoz y Mina, Merino apaiza eta Setatsua (el Empecinado) dira aipagarrienak.
  • «Afrantzesatuak» deituak zirenek Jose Bonaparte onartu zuten eta Baionako Konstituzioa burutzen eta beste neurri batzuen artean, eskubide feudalak eta Inkisizioa ezabatu zituen legedi liberalaren aldarrikapenean lagundu zioten. Frantziarrek, erresistentzia luze baten ondoren amore eman zuten Gerona eta Zaragoza setiatu zituzten berriro.

Cadizeko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa

1810ean Batzar Zentrala disolbatu zen eta Cadizen, subiranotasun nazionala bere gain hartu zuten gorte ez estamental batzuk bildu ziren. Liberalen menpean, Cadizeko Gorteek jaurerriak eta Inkisizioa, torturak eta postu publikoak lortzeko odol garbitasun frogak baliogabetu zituzten.

1812ko Konstituzioa izan zen Cadizeko Gorteek egin zuten obrarik garrantzitsuena:

  • Urte bereko martxoaren 19an aldarrikatu zuten.
  • Bertan, subiranotasun nazionala, botereen banaketa eta zeharkako sufragioa onartu ziren.
  • Ideia liberalak espainiar egoerari egokitzeko balio izan zuen, eta ondorengo konstituzioentzat eredugarri izan zen, ez bakarrik Espainiakoentzat, baita beste nazio europarrentzat ere.

1812an ere, Espainiak Wellingtoneko dukeak (1769-1852) zuzendutako indar britainiarren laguntzarekin frantziarren kontra erasoaldi bortitza hasi zuen, hauek Arapilesen (Salamanca) garaituz. Honek Jose Bonaparte Espainiatik ihes egitera behartu zuen.

1813an, Wellingtonen agindupean zegoen gudaroste hispano-britainiarrak Gasteiz (uztaila) eta San Marcialen (abuztua) garaitu zuen. Napoleonek bere indarrak Espainiatik atera zituen eta, Valençayko hitzarmenaren bidez tronua Fernando VII.ari itzuli zion (54. gaia ikusi).

Data garrantzitsuak

  • 1807 Fontainebleauko hitzarmena: frantziar gudarosteak Espainian sartzen dira eta Lisboa hartzen dute.
  • 1808 Aranjuezeko matxinada: Karlos IV.ak bere seme Fernando VII.arengan abdikatzen du. Maiatzaren 2ko Madrilgo matxinada. Baionako abdikazioak. Gobernu Batzarren sorketa. Napoleonek Espainiako errege aldarrikatzen du bere anaia Jose I.aren izenarekin. Baionako Konstituzioa. Garaipen espainiarra Bailenen. Batzar Zentralaren sorketa Aranjuezen. Napoleon Madrilen sartzen da.
  • 1809 Zaragozaren gaineko bigarren eta Geronaren gaineko hirugarren setioen amaiera. Batasun hispano-britainiarra Napoleonen kontra.
  • 1810 Batzar Zentralaren desegitea; lehen erregealdia ezartzen da. Cadizeko Gorteen inaugurazioa. Cadizen gaineko setio frantziarra.
  • 1812 Cadizeko Gorteek Konstituzioa onesten dute. Garaipen espainiar-britainiarra Arapiletan: Jose I.ak Madril uzten du.
  • 1813 Jose I.a Gasteizko batailan garaitua delarik, Frantziara ihes egiten du. San Marcialeko bataila, azken porrot frantziarra.
  • 1814 Fernando VII.a Espainiara itzultzen da eta Konstituzioaren indargabetzea dekretatzen du.

Mostoleseko alkatearen bandoa

«Espainiarrak bezala, beharrezkoa da Erregea eta aberriarengatik hil gaitezen, armaz hornitu behar gara maltzur horien kontra, Erregearen pertsona errespetagarria bahitu ondoren, laguntasun eta batasunaren koloreaz uztarri astuna jarri nahi izan diguten maltzur horien kontra.»

 

Moncloako fusilamentuak

Goyak, maiatzaren 2ko matxinadaren ondorengo frantziar zapalketaren krudeltasuna hilezkortu zuen. Eszenak duen bortizkeria eta patetismoak margo hau gerraren izua eta basakeriaren sinbolo bihurtzen du.

 

Gerrillariak

Lur irekian etsaiari aurre egitearen ezintasuna ikusita, espainiar herriak aurre egiteko era berria asmatu zuen, geroago mundu osoan zehar zabalduko zena. Gerrillen gerra ezusteko eraso azkarrak egitean zetzan. Gerrillariak lurraldea ezagutzen zuten basoko jendea ziren eta herriaren laguntza zuten.

 

Monarkiaren krisialdia Euskadin

Espainiaren gainerako lekuetan bezalaxe, Euskadin ere 1808-1814ko gerra hasi baino lehenago, monarkiak krisialdi handia izan zuen arlo guztietan.

1804. urtean Zamakolada deritzan matxinada piztu zen Bizkaian. Bizkaiko baserri-inguruneko herritarrek Bilboko oligarkiari egiten zioten erresistentzia zegoen horren guztiaren azpian.

Lehenengo aldiz goi mailako burgesiak ez zuen nobleziarekin bat egin. Lehengo Erregimen Zaharrari eutsi edo liberalen aldaketa onartu; hori zen erabaki beharreko auzia. Dena dela, konponezin hura Napoleonen inbasioaren zurrunbilo eroan lausoturik geratu zen.

 

José Bonaparte

Ikasia, arretatsua eta adeitsua, Jose Bonaparte k erraztasunez bereganatu izan lezake espainiar herria tronura beste era batean iritsi izan balitz. Aristokrata eta intelektual ilustratu gutxiengo baten laguntza izan zuen arren, Pepe Botella, herriak deitzen zuen bezala, era guztietako txantxen xedea izan zen.