HISTORIA

Amerika hispaniarraren independentzia (I)

Amerika hispaniarraren independentzia Espainia nazioarteko potentzia bezala bizitzen ari zen gainbeherako prozesuan gertatu zen. Iberiar penintsularen gaineko inbasio napoleonikoaren eraginez Gobernu Batzordeak osatu ziren, hasieran, Espainian bezala, Fernando VII.ari leialtasuna ziotenak, baina laster burujabetza gune bihurtu zirenak.

XVIII. mendeko aldaketak

Borboien eta bereziki Karlos III.aren (1759-1788) erreformismo ilustratuak, eraldaketa ugari sartu zituen inperioaren administrazioan:

  • Peruko Erregeordetzatik banaturiko bi erregeordetza berri sortu ziren: Nueva Granadakoa (1717) eta Rio de Platakoa (1778).
  • 1768an Indietara zabaldu zen intendentzien sistema frantziarra. Intendenteek, erregeordeen agintepean eta kapitain jeneralen eta gobernadoreen gainetik, lurralde-mugape txikiagoak kontrolatu zituzten eta botere handiak bereganatu zituzten.

Erreformek, gauzatzeko mugapenak izan arren, emaitza ikusgarriak izan zituzten, lau printzipiotan oinarritu ziren:

  • Administrazioa zuzenki Estatuaren kontu egon zedila.
  • Funtzio guztiak egiazko profesionalen eskutan egon zitezela.
  • Administrazio-teknikak gaurkotu zitezela.
  • Guztiaren gainetik legea bete zedila.

Arlo ekonomikoan, gainera, Espainiak Utrechteko hitzarmenean (1713) jasotako kontzesioei esker Amerikako kaiekin zuen merkatal monopolioa hautsi egin zen Ingalaterraren mesedetan (40. gaia ikusi).

Arazo politikoak

Kreolak izan ziren burujabetzaren protagonista aktiboak. Espainiarren seme-alabak edo ondorengoak ziren, merkataritza eta industria kontrolatzen zituzten, baina diskriminatuak sentitzen ziren ezin baitzuten Administrazioan parte hartu. Beren gain eragin desberdinak egon ziren:

  • Ilustrazioaren ideiak: kreolak oso harkor agertu ziren askatasuna eta subiranotasun nazionala bultzatzen zituzten ideiekiko.
  • Estatu Batuen independentziaren adibidea (1783).
  • Ingalaterra eta Frantziaren merkatal interesak kreolen artean nahigabea bultzatu zuten.
  • Espainiar itsas armadaren suntsiketa Trafalgarren (1805), horrek Espainia eta Amerikaren arteko komunikazioa etenarazi zuen eta beste nazioarekiko merkataritza bultzatu zuen.

Mugimendu independentistaren aurrekarien artean hurrengoak dira garrantzitsuenak:

  • Haitiko biztanleria beltzaren matxinada, Toussaint Louverturek hasitakoa 1794an.
  • Komunero paraguaiarren matxinada (1733-1735).
  • José Gabriel Condorcanquiren (Tupac Amaru) matxinada Perun(1780-1783), indiarren eta mestizoen laguntzaz.
  • Kolonbiako komuneroen matxinada, Juan Francisco Berbeok zuzendua (1782).

Inbasio napoleonikoa eta Batzarrak

Espainiako inbasio frantziarra eta Baionako abdikazioak (50. gaia ikusi) izan ziren Amerikako kolonien burujabetza bultzatu zituen gertakariak. Iberiar penintsulan bezala, Amerikan ere Batzarrak sortu ziren bertako gobernua antolatzeko Fernando VII.aren itzuleraren zain.

Kreolek, orokorrean, Batzarren agintea hartu zuten. Hasieran Batzar Zentral espainiarra defendatzen zuten arren, laster Espainiarekiko lotura galtzen joan ziren alde batetik urruntasunagatik eta bestetik Napoleonen kontrako espainiarren garaipenarengan zuten konfiantza eskasa zela eta.

Independentzia bultzatu zuten guneak Mexiko, Caracas eta Buenos Aires izan ziren.

  • Mexikon indiarrak eta mestizoak izan ziren protagonistak, aldarrikapen sozialak defendatzen zituzten apaizen zuzendaritzapean. Kreolek, horietako asko aberats haziendadunak, ez ziren mugimendu honetaz fidatu, eta erregeordetzaren autoritatea lagundu zuten.
  • Caracasen, iraultza kreolak ziren intelektualek bultzatu zuten lur-jabe handien laguntzarik gabe.
  • Buenos Airesen, kreol gehienek burujabetasuna bultzatu zuten.

Data garrantzitsuak

  • 1767 Kontratazio Etxeak Indietako merkataritzaren gainean duen monopolioaren amaiera. Jesuiten kanporaketa.
  • 1768 Intendentzien sistemaren sartzea Amerikan.
  • 1778 Rio de Platako Erregeordetza sortzen da.
  • 1780 José Gabriel Condorcanquik (Tupac Amaru) Peruko matxinadari hasiera ematen dio inka Inperioa berrezarri nahian.
  • 1782 Kreolen matxinada Kolonbian, zergengatik protestan.
  • 1794 Antonio Nariñok Gizakiaren eta Biztanlearen Eskubideen Aldarrikapena itzuli eta argitaratzen du.
  • 1805 Trafalgarren Ingalaterra kontrako porrotaren ondoren Espainia eta Amerikaren arteko komunikabideak mozten du.
  • 1806 Eskoadra ingeles batek Buenos Aires menderatzen du, handik hilabete gutxitara birkonkistatua delarik.
  • 1808 Espainiaren gaineko frantziar okupazioa eta Baionako abdikazioak. Amerikan Gobernu Biltzarrak sortzen dira.
  • 1810 Espainiako Biltzar Zentrala deuseztatzen da eta Amerikan lehen mugimendu independentistak lehertzen dira.

XVIII gizaldiko aldaketak

Biztanleria eta aberastasuna nabarmenki handitu ziren XVIII. mendean zehar. Merkataritza dibertsifikatu eta handitu egin zen. Meatzaritza-produkzioak erauzketarako era berriak zituen, eta soroetan Europatik ekarritako landareak sartu ziren (garagarra, mahatsondoa, olibondoa), behi, ardi eta zaldi artaldeekin batera.

Elite kreolak heziketarako unibertsitate ugari izan zituen eskura: Santo Domingon bi, La Habanan bat, Nueva Españan hiru, Guatemalan bat, Nikaraguan bat, Panaman bat, Bogotan bi, Venezuelan bi, Quiton lau, Perun lau, Charcasen bat, Santiago de Chilen bi eta Tucumanengo Kordoban bi.

 

Buenos Airesen kontrako ingeles erasoa 1807an

Ingalaterrak eta Frantziak, Amerikako independentistak lagundu zituztenak, espainiar ahultasunaz probetxu atera zuten.