Frantzia: Bigarren Inperiotik III. Errepublikara arte
- EXTRA: Munduan Zehar
Napoleon III.a
1851ean, Luis Napoleon Bonapartek (1808-1873), 1848tik aurrera lehendakariak (56. gaia ikusi), Estatu-kolpe bat eman zuen. Urte bat geroago enperadore aldarrikatua izan zen, Napoleon III.aren izenpean. Bigarren Inperio frantziarra jaio zen horrela.
- Barne-politika: boterea enperadorearengan metatzeak bereiztu zuen, gobernu autoritario eta paternalista erabiliz. Enperadoreak iraultzaileak jazarri zituen, baina lan publikoentzat zuen egitarau zabalak lanpostu berriak sortu zituen, horrela herriaren haserrea baretzea lortu zuen. Bozkatze unibertsala ezarri zuen eta askotan plebiszitura jo zuen bere politika legitimatzeko.
- Kanpo-politika: Napoleon III.ak, handitasun internazionala mantendu nahian, kanpo-politika bizia erabili zuen eta inperio kolonial handi bat sortu zuen.
Afrikan barneko kolonizazioa hasi zuen Senegal eta Aljeriatik. Suezeko kanalaren eraiketan lagundu eta Asian, Txinan eta Asiako Hego-ekialdean barneratzea bultzatu zuen.
Amerikan bi ozeanoen arteko kanal bat eraiki zedin interesaturik, Austriako Maximiliano Mexikoko enperadore koroatzea zilegi egitea bultzatu zuen.
Europan Vienako Kongresuaren lanaren kontra agertu zen, Turkia Errusiaren kontra Krimeako gerran (1854-1856), eta italiar nazionalistak Austriaren kontra lagunduz.
Napoleon III.a (1848-1870).
Gerra franko-prusiarra eta Pariseko Komuna
Napoleon III.ak Prusiaren gehiegizko botereaz beldur zen eta, Iraultza Ospetsuaren ondoren (66. gaia ikusi) hutsik zegoen espainiar tronura Hohenzollern baten aurkezpena zela eta, gerra deklaratu zion Berlini 1870eko uztailean.
Nabarmenki hobeagoa zen gudaroste prusiarraren aurrean, Frantzia Sedan (iraila) eta Metzengo (urria) batailetan garaitua izan zen, Bigarren Inperioaren erorketa suposatuz.
1870eko irailaren 4an III. Errepublika aldarrikatu zen, eta 1871eko urtarrilean Frantziak amore eman zuen. Martxoan herri-matxinada batek Adolphe Thiersen Gobernua Parisetik ihes egitera behartu zuen (1797-1877) eta historiaren lehen Gobernu langilea ezarri zuen: Komuna.
Pariseko Komunan I. Internazionalaren kideak ziren sozialistek eta anarkistek parte hartu zuten (60. gaia ikusi), Komunak ekonomiaren auto-kudeaketa antolatu zuen eta Thierseko armadaren kontrako defentsa prestatu zuen. Apirilaren 19an, Frantziako Herriari Aldarrikapenak hiri bakoitzeko komunek osaturiko federakuntza egituraturiko Estatu laiko bat sortzearen egitasmoa formulatu zuen. Honetaz gain, biltzeko eta adierazteko askatasun osoa aldarrikatzen zen, lan-baldintzen hobekuntza eta doaneko hezkuntza beharrezkoa. Borroka latzen ondoren, Mac Mahon jenerala (1808-1893) hiriburuan sartu zen eta zapalketa gogorra gauzatu zuen ("aste odoltsua", maiatzean).III. Errepublika
Burgesia kontserbadorearen ordezkari zen Thiersek, Errepublikaren behin-behineko presidentzia izan zuen 1873. urtea arte. Kalte-ordainketa handi baten eta Alsazia eta Lorrenaren truke, prusiar okupazio-armadaren ebakuazioa lortu zuen.
1873an Mac Mahon, berrezarpen monarkikoaren alde zegoen militarra, presidente aukeratua izan zen. Bere presidentetzan zehar, errepublikarrek gehiengoa lortu zuten Nazio-Biltzarrean, eta Leon Gambettaren zuzendaritzapean (1838-1882) erakunde errepublikarrak finkatu zituzten.
Jules Grevy presidenteak (1879-1887) errepublikarren laguntza bilatu zuen, Clemenceauren erradikalen (1841-1929) eta oportunisten artean banaturik zeudenak. Hauen artean Jules Ferry (1832-1893) nabarmendu zen, hainbat alditan Gobernuaren ministro eta presidentea izandakoa. Ferryk oinarrizko hezkuntza laikoa, behartua eta doanekoa ezarri zuen, bigarren mailako hezkuntza hobetu eta hedapen koloniala bultzatu zuen.
Ferryren erorketak 1885ean, krisi ekonomiko zorrotzarekin bat egin zuenak, ezegonkortasun politiko garai bat eragin zuen. Ondorioz Errepublika ezker sozialistaren eta Boulanger jeneralaren (1837-1891) eskuin nazionalistaren mehatxupean egon zen. Liskar politikoa Dreyfus affairearen eraginez zorroztu zen, 1899an bloke ezkertiarraren garaipena ahalbidetuz (68. gaia ikusi).Data garrantzitsuak
- 1851 Luis Napoleon Bonapartek Estatu-kolpea ematen du eta enperadore bilakatzen da.
- 1864 Napoleon III.ak Austriako Maximiliano Mexikoren enperadore gisa inposatzen du.
- 1869 Suezeko kanalaren eraiketa bukatzen da, Ferdinand Lessepsen lana.
- 1870 Gerra franko-prusiarra hasten da. Frantziar porrotak Sedan eta Metzen. III. Errepublikaren aldarrikapena.
- 1871 Frantziar kapitulazioa. Pariseko Komuna. Thiersen presidentetza.
- 1873 Mac Mahonen presidentetza hasten da.
- 1876 Garaipen errepublikarra hauteskundeetan.
- 1879 Jules Grevyren presidentetza hasten da.
- 1880 Komunako presoentzat amnistia dekretatzen da.
- 1882 Hezkuntza laiko, nahitaezkoa eta doanekoa ezartzen da.
- 1884 Sindikatuak legeztatzen dira.
- 1885 Garaipen monarkikoa hauteskundeetan eta Ferryren gobernu errepublikarraren erorketa.
- 1894 Dreyfus affairea lehertzen da.
- 1899 Bloke ezkertiarraren garaipena hauteskundeetan.
Euskal Herriarekin loturak zituen enperatriza
María Eugenia de Montijo, Guzmán y Portocarrero, Napoleon III.aren emazteak zituen noblezia-titulu askoren artean, Bizkaiko Arteagako oinordeko, Arteagako dorretxeko Fortun, Antso, Martin Ruiz, Joannes eta Pedro Ganboa Arteagakoen biloba izatea ere bazuen. Bestalde, 1835ean, bederatzi urteko neskatila zela, bere ama Montijoko Kondesarekin denboraldi bat Biarritzen igaro zuen. Arrantzale-herri txiki hartan ederki ibili zen bere adineko beste haurrekin hondartzan jolasean. Oroitzapen hura gogoan zuela, bere senarrari Villa Eugénie jauregia eraikitzeko eskatuko zion eta hara etortzen ziren udaro. Frantziako enperatriz izanda gero Antonio Lopez de Calle eta Jose Salvador Lekerika izendatu zituzten Frantziara joan zitezen enperadore-enperatrizei beren bizkaitartasuna aitortzen zuen mezu bat eramatera. Napoleon III.ak eta emazteak Arteagako dorre zaharra ordezkatuko zuen gaztelu bat eraikitzea erabaki zuten eta bertara joatea ere bai, baina bidaia hau ez zuten inoiz egin.
Paris, munduko hiriburua
Bigarren Inperioan zehar, Paris handiagoa eta ederragoa bilakatu zen. Hausmannek, hiriburuaren superintendenteak, Zelai Eliseoak eta bulebarrak sortu zituen, tren-geltokiak eta ur hornitze-sareak eraiki zituen. Hiria munduko luxuaren eta modaren hiriburu bilakatu zen.
Polarizazio politikoa
Komunaren errepresio gogorra ezkertiarren eta eskuindarren arteko borroka zorroztu zedin lagundu zuen III. Errepublikan zehar. Jatorri judua zuen Dreyfus ofizialaren salaketak agerian utzi zuen ezkerra errepublikarra, sozialista eta elizaren kontrakoaren eta eskuin antisemita eta ultranazionalistaren arteko polarizazioa.
