HISTORIA

Gizarte-mugimenduak

Industria-Iraultzak bizi-egoera oso latza bizi ziren langileri handi baten agerpena eragin zuen. Langile-mugimenduaren garapenak herri xehearen emantzipazioa eta gizartearen eraldaketa aldarrikatzen zuten teoria politiko ezberdinekin bat egin zuen.

Langile-mugimendua

Industria-Iraultzarekin agertutako lantegi berriek (44. gaia ikusi) langile-kopuru handiak behar zituzten. Industri lanari buruzko arautegirik ez egoteak langileen abusuzko esplotazio-moduak eragin zituen, sindikalismoa izan zelarik hauei erantzuteko era.

Antolaketa sindikala Ingalaterran hasi zen. Trade Unionsek langileen eskubideen alde egin zuten: soldaten igoerak, lanorduen murriztea, lan-baldintzen hobetzea eta batez ere, emakume eta umeen gain ematen zen lan-abusuen gaineko kontrol legala.

1838an mugimendu kartista agertu zen Ingalaterran, zeinek aldarrikapen sozialak borroka politikoarekin bat egin zezaten eragin baitzuen. Herriaren Kartak bozka unibertsalaren eskaera barne zuen eduki demokratikoa zuen.

Langile-mugimendua Industria-Iraultza beste nazioetara zabaltzearekin bat garatu zen. 1864ean I. Internazionala sortu zen, bertan Marx eta Bakunin aurrez aurre egin zutelarik, bi langile-pentsamolde garrantzitsuenen buruak zirenak, marxismoa eta anarkismoa. Hagako Biltzarrean (1872) anarkistak Internazionaletik kanporatu zituzten.

1889an alderdi sozialdemokratak bildu zituen II. Internazionala sortu zen eta arrakastarik gabe mundu-gerra ekiditen saiatu zen.

Sozialismo utopikoa

Sozialista utopiko garrantzitsuenak hurrengoak izan ziren:

  • Henri de Saint-Simon (1760-1825): boterea ekoizle-klasearen (industrialak, merkatariak, langileak, nekazariak) eskutan ezarriko zuen gizarte industriala defendatu zuen.
  • Charles Fourier (1772-1837): falansterioetan oinarritutako gizartea gauzatzen saiatu zen, horiek erkidego txikiak zirelarik, zeintzuetan ekoizpenerako bitartekoak guztienak ziren.
  • Robert Owen (1771-1858): sozialismoaren ontasuna eta gizakiaren izaeraren gaineko bere eraginak frogatu nahian, Amerikan kolonia bat sortu zuen.

Anarkismoa

XIX. mendearen bigarren erdialdean, anarkismoa agertu zen, sozialismo erradikal mota bat, kapitalismoaren eta Estatuaren kontra zegoena. Bere teoriagile nabarmenenen artean hurrengoak ditugu: William Godwin, Max Stirner, Proudhon, Bakunin eta Kropotkin.

  • Mijail Bakuninek (1814-1876) 1848ko iraultzan parte hartu zuen Pragan eta eztabaida gogorra izan zuen Karl Marxekin I. Internazionalaren baitan, zeinari sozialismo autoritario bat aldarrikatzea leporatzen zion.

Anarkismoak Estaturik gabeko gizartea ezarri nahi zuen, askatasunez federatutako komunek osatutakoa auto-kudeaketa erregimenean, non jabegoa kolektiboa izango zen.

Marxismoa

Karl Marx (1818-1883) izan zen, Firededrich Engelsekin batera (1820-1895), doktrina marxista edo komunistaren egilea, Engelsek idealistaz jotzen zuen sozialismo utopikotik desberdintzeko sozialismo zientifiko deitu zuena.

1848an, Marx eta Engelsek Manifestu komunista argitaratu zuten, bertan bere pentsaeraren funtsezko ideiak laburbiltzen zituztelarik. Marxen lan garrantzitsuena Kapitala izan zen.

Marxismoa Hegelen filosofian inspiratutako analisi-metodo batetatik hasten da: dialektika, horren arabera, tesi eta antitesiaren kontraesanetik hasiz, sintesia edo kontraesan horren garaipena lortzen delarik.

Marxen doktrina ekonomikoa eta politikoa da. Bere puntu garrantzitsuenak hurrengoak dira:

  • Materialismo historikoa, horren arabera, historia, gizonak era dialektikoan aurrez aurre jartzen dituzten arlo ekonomiengatik mugitzen delarik.
  • Klaseen arteko borroka, non herri xehearen batasunak iraultzaren bidez boterera iristea ahalbidetuko duen, gizarte kapitalistaren kontraesanak atzean utziz.
  • Herri xehearen diktadura, trantsizio-fasea, zeinetan langilearen Estatuak gizarte zaharraren arrastoak ezabatuko lituzkeen eta klaserik gabeko gizartea, komunismoa, lortzeko aurrera egingo zukeen.

Oinarri filosofiko sendoan oinarritutako Marxen ideiek hedapen azkarra izan zuten europar langile eta intelektualen artean.

Rive de Gierreko lantegia.

Data garrantzitsuak

  • 1838 Langileen Elkarteak aldarrikapen demokratikoak dituen Herriaren Karta ezagutzera ematen du Ingalaterran: mugimendu kartista hasten da.
  • 1847 Hamar ordutako laneguna ezartzen da Ingalaterran.
  • 1848 Marxek eta Engelsek Manifestu komunista argitaratzen dute. Iraultza liberal eta demokratikoak Europan.
  • 1863 Lassallek Alemaniako Langileen Elkarte Orokorra sartzen du.
  • 1864 I. Internazionalaren fundazioa.
  • 1867 Marxek Kapitalaren lehen zatia argitaratzen du.
  • 1870 Espainiar Herrialde-Federakuntza sortzen da Internazionalaren atal bezala.
  • 1871 Pariseko Komuna. Sindikatu britainiarren legeztatzea.
  • 1875 Alderdi Sozialdemokrataren fundazioa Alemanian.
  • 1888 UGTren sorketa Espainian.
  • 1889 II. Internazionalaren fundazioa.
  • 1890 Maiatzaren 1.a langile-klasearen nazioarteko egun izendatzen dute.

I Internazionala

«Kontuan izanik: langileen emantzipazioa beren lana izan behar dela, emantzipazioa konkistatzearren eginiko ahaleginak ez direla abantaila berriak ezartzera bideratu behar, baizik eta guztientzat eskubide eta behar berdinak ezartzera.»
I. Internazionalaren fundazio-aktaren hitzaurrea.

 

Anarkismoa

Batez ere, nazio latinoetan izan zuen indarra, Italia, Frantzia eta Espainian, batzuetan indarkeriazko formak izan zituelarik. Gizabanakoaren askatasun osoaren defentsa izan zen anarkismoaren ezaugarrietako bat, teoria marxistaren aurrean. Bakuninentzat ezinezkoa zen «askatasunik gabeko gizatiarra den ezer sortu».

 

Pierre Joseph Proudhon (1809-1865)

Elementu progresistak sakonki tradizionalistak ziren beste elementuekin batera existitzen ziren anarkismo era batean zihardun: Estatuaren ezabatzea defendatzen zuen, aldi berean jabego pribatua errespetatzen zuelarik; Elizaren kontrakoa zen, familia patriarkalaren aldekoa eta bi sexuen arteko berdintasunaren kontrakoa. Bere idatzi ugarien artean hurrengoak nabarmendu daitezke: ¿Zer da jabegoa? (1840), Ekonomi kontraesanen sistema edo miseriaren filosofia (1846) eta Jabegoari buruzko teoria (1865).

 

Sozialismoa

Euskal Herrian gertatu zen industri garapenak aldaketa demografiko eta sozial garrantzitsuak ekarri zituen. Lan eskaera handia zegoenez langile askok industria-guneetara jo zuten. Batzuk Euskal Herriko landa-guneetatik zetozen, baina batez ere Espainiaren gainerako lekuetatik heldu ziren.

1890ko hamarralditik aurrera sozialismoak indar handia hartu zuen, klase-ideologia bezala, langileen artean, eta beti euskal langileriaren gehiengoa erakarri du.