HISTORIA

Kapitalismo handia

XIX. mendearen azken herenean hazkuntza ekonomikoaren azkartzea egon zen, ekoizpen teknika berritsuen eta arlo berrien agerpenari esker. Kapitalismo finantzarioak, enpresa handietan eta banku handien boterepean, ekonomia beregain hartu zuen, izaera mundiala hartuz.

Ondasun handia

1870etik aurrera bigarren industria-iraultza gertatu zen, kapitalismoaren bigarren fase bati hasiera eman ziona eta ezaugarri hauek zituena:

  • Enpresen tamainaren sekulako handitzea, ekoizpen ahalmen, instalazio eta eskulanari dagokionez.
  • Ekoizpen-sektore berrien agerpena: altzairua, kimika, petrolioa, argindarra.
  • Sozietate anonimo bezala antolatu ziren enpresetan inbertsio gero eta handiagoak egitearen beharra, (jabe askori zegozkien akzioengatik).
  • Enpresen ondasunean bankuen parte hartze zuzena.
  • Enpresa elkarte handien antolatzeak, trusts, holding eta kartelak, ekoizpen arlo osoak menpean izatera iristen zirenak, batzutan monopolio erregimenean (lehen kapitalismo industrialaren konpetentzia askea ordezkatzen duena).
  • Merkatu mundial baten sorrera. Bertan europar potentziek, Estatu Batuek eta Japoniak industri gaiak eskaintzen dituzte eta gainontzeko munduak hauek erabiltzen ditu, era berean lehen gaiak jarriz hauen fabrikaziorako.

Komunikabideen aurrerakuntza

Ekoizpenaren eta merkataritzaren hazkuntzak komunikabideen handitze paralelo bat eskatu zuen, herri-, nazio- eta mundu-mailan.

  • Trenbidea, Europa osotik zabaldu zen, merkataritza lagunduz eta altzairu industria bultzatuz.
  • Lurrun-ontziak, burdinazko kroskoez horniturik, belazko nabigazioa ordezkatu zuen 1870az geroztik. Ubideek ibai merkataritza erraztu zuten, batez ere Ingalaterra eta Alemanian, eta Suez eta Panamako ozeano arteko ubideak eraiki ziren.
  • Autoa, petrolioaren deribatuek elikaturiko eztandako motoreak bultzatua, 1885etik aurrera garatu zen.
  • Abiazioa Zeppelin kondearen gidagarriekin kontatu zuen XIX. mendearen amaieratik, eta XX. mendearen hasieran Wright anaiek lehen helize-hegazkinak eraiki zituzten.
  • Telekomunikazioek ere ezaugarritu zuten kapitalismoaren zati hau: telegrafoak, telefonoak eta irratiak bultzada berria eman zieten merkataritza eta informazioari.

Berriztapen teknologikoak

  • Argindarra: argiteria eta motorrentzat argindarraren erabilpenak gizateriarentzako aurrerakuntza teknologiko handietariko bat suposatu zuen. Thomas Alva Edisonek (1847-1931) bonbilla elektrikoa asmatu zuen 1879an, gas sistema zerabilen argiteria ordezkatuko zuena. Motore elektrikoa trenetan aplikatu zen garai berdinean, eta 1887an Londreseko metroa eraikitzen hasi ziren. Mende amaieran tranbia elektrikoak agertu ziren hiri handietan.
  • Metalgintza: burdin aleazio berriek, eta bereziki gogorra eta aldi berean elastikoa zen altzairuak, aukera ugari eskaini zituzten ez bakarrik trenbideen hedapenean, baizik eta arma eta ontzien eraikuntza industrialarentzat ere. Beste berrikuntza batzuk aluminio, kobre, zink eta abarren erabileraren eskutik etorri ziren.
  • Industria kimikoa: ongarri kimikoak, koloratzaile sintetikoak eta Alfred Nobelek asmaturiko dinamita bezalako lehergailuak (1833-1896) izan ziren industriaren aurkikuntza kimikoen aplikazio garrantzitsuenetarikoak.

Kapitalismoaren krisia

Garapen kapitalista ez zen etengabeko prozesu lineal bat izan. Ondasun handiaren hedaketarekin hazkuntza- eta depresio-zikloak zeudela nabarmen geratu zen, zeintzuk XIX. eta XX. mendetan zehar gertatu ziren.

Kapitalismoaren krisiaren arrazoiak asko dira eta ez dira beti nabarmenak. Hauen artean hurrengoak daude:

  • Superprodukzioa, edo industri gaien gehiegizko ekoizpena, merkatua saturatzen duena erosle nahikorik ez dituelako aurkitzen.
  • Metal baliotsuen edo gai primoen prezioen oszilazioa.
  • Inflazioa, prezioen igoerak, estatuek eginiko diru igorpen masiboak eta eskaintza eta eskaeraren arteko desorekak lagunduta.
  • Errentagarritasun gutxiko inbertsioak, banku eta enpresen porrota eragiten dutenak.

Krisi hauen ondorioak enpresen ixtea, langabezia eta pobrezia zein haserre sozialaren hedaketa ziren.

Data garrantzitsuak

  • 1869 Suezeko ubidearen inaugurazioa, Ferdinand de Lesseps-ek eraikitakoa.
  • 1876 Bellek telefonoa patentatzen du.
  • 1877 Edisonek fonografoa asmatzen du.
  • 1879 Lehen tren elektrikoa frogatzen da Berlinen.
  • 1881 Panamako ubidearen eraiketa hasten da.
  • 1882 Rockefellerrek lehen trusta sortzen du, Standard Oila.
  • 1886 Benzek eztanda motorra duen bere autoa patentatzen du. Nobelek lehen nazioarteko trusta sortzen du, Dynamite Trust Ltd.
  • 1895 Marconik hari gabeko telegrafia asmatzen du. Lumière anaiek lehen pelikula proiektatzen dute Parisen. Roentgenek X uhinak aurkitzen ditu.
  • 1896 Zeppelinek gidagarrien eraiketari hasiera ematen dio. Curie senar-emazteek radioa eta polonioa isolatzen dute. Bayerrek aspirina asmatzen du.
  • 1903 Wright anaiek lehen hegazkin hegaldia burutzen dute.
  • 1905 Einsteinek erlatibotasunaren teoria formulatzen du.

Monopolioak

John Davison Rockefellerrek (1839-1937) sorturiko Standard Oil Trusta, petrolioaren eta honen deribatuen erosketa eta salmenta prezioak ezartzera iritsi zen Estatu Batuetan. Sherman Legearen bitartez, Biltzar iparamerikarrak handikia bere monopolio posizioa uztera behartu zuen.

 

Hiztegia

Trust: enpresa parte hartzaile bakoitzaren generoa eta ekoizpen kopurua ezartzen duen zuzendaritza orokor baten azpian bilduriko enpresa taldea.

Holding: beste enpresa batzuetan hauen jarduera kontrolatzeko nahikoak diren akzioak dituen enpresa batek osaturiko elkartea.

Kartel: enpresa ugariren arteko akordioa beraien arteko konpetentzia ezabatzeko, bakoitzak bere independentzia mantenduz.

 

Euskal kapitalismoaren bilakaera

Bigarren gerra karlista amaitu ondoren burgesiak Euskadiren kontrol ekonomiko bereganatu zuen. Lehengo burdinolak eraldatzeko prozesu bat hasi zen, eta bide horretatik aurrera eginez, 1902. urtean Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren. Antolatutako siderurgia-industria indartsuari esker, ontziolak eta trenak egiteko industria nabarmen garatu ziren.

Aldi berean, burdinaren ekoizpenak eta esportazioak gora egin zuten, eta britainiarrek ere kapitala jarri zuten. Finantza-kapitalismoaren bilakaera ere funtsezkoa izan zen Euskal Herrian, Espainiako banku-sistemarik garrantzitsuena sortu baitzen bertan. Jarduera ekonomiko horrek Errestaurazioko gobernuen politika-protekzionisten babesa izan zuen.

 

Eiffel Dorrea

Altzairuaren aplikazio harrigarriak argi geratu ziren 1889ko Erakusketa Unibertsalean, non Gustave Eiffelek, bere metal dorre ospetsua aurkeztu zuen, garai horretako eraikuntza metodoekin lortzen ezinezkoa zen altuerakoa.

 

Steinmetz-en faktura

Charles Proteus Steinmetz ingeniaritza elektrikoaren aitzindari handietakoa izan zen. Berrehun patentetik gora erregistratu zituen. Oso gizon txikia zen, ia ipotxa, baina teknikari handia. Charles Steinmetz Breslau-n, Prusian jaio zen 1865ean. Breslau gaur egun Polonia den Wroclaw hiria zen. Breslaun, Zurichen eta Berlinen ikasi zuen. Doktoregoa 1888an atera eta laster Alemaniatik ihesi joan behar izan zuen Alemaniako gobernua zorrotz kritikatzen zuen idazki bat egiteagatik. Sozialista eta arrazakeriaren aurkako militantea zen Steinmetz. Estatu Batuetara joan zen bizitzera 1893an eta han General Electric Company enpresak kontratatu zuen. 1895ean korronte alternoaren bidez elektrizitatea banatzeko sistema patentatu zuen. General Electric utzi eta ingeniaritza elektrikoa irakastera joan zen 1902an. General Electric-ek aholkulari izateko deitu zion berriz. Matxuratua zegoen oso sistema konplexu batean lan egina zen. Inortxok ere ez zuen asmatu konpontzen ahalegin handiak egin arren. Horregatik deitu zioten hain zuzen Steinmetzi. Arakatu zuen sistema, aurkitu zuen pieza akastuna eta klera-puska batez markatu zuen. Gero 10.000 dolarreko faktura bat bidali zuen egindako lanagatik. General Electric-eko arduradunek deitu egin zioten eta eskatu zioten faktura xehekatua aurkezteko. Honako faktura hau igorri zuen: Klerarekin marka egitea: dolar bat, Non egin jakitea 9.999 dolar. Charles Steimetz 1923an hil zen.