HISTORIA

Palestinako arazoa

Gure garaiko I. mendeko diaspora juduaren ondoren, herri judua Europa osotik eta Mediterranear inguruan zehar zabaldu zen. Palestinako lurraldea, garai hartatik aurrera herri ugarik hartuta zegoena -arabiarrak barne-, Otomandar Inperioaren parte izan zen, Erdi Arotik Lehen Mundu-Gerraren amaieraraino.

Sionismoa eta Balfour Deklarazioa

XIX. mendearen azken urteetan zehar herri judua lur propio bat izatearen beharra sentitzen hasi zen, «etxe nazional judu» bat. Theodor Herzl idazlea izan zen doktrina sionistaren (Sionetik, "Jerusalem") bultzatzaile nagusia, garai hartan turkiar domeinupean zegoen Israelgo lurralde historikoa juduentzat aldarrikatzen zuenak

Juduen Palestinarako emigrazioa etengabea izan zen XX. mendearen lehen urteetan zehar, eta 1917tik aurrera areagotu egin zen. Urte hartan, britainiar Gobernuak, otomandar porrotaren ondoren Palestinaren subiranotasuna bereganatuko zuenak, Balfour Deklarazioa idatzi zuen. Honen arabera, herri juduak lurralde palestinarrean Estatu propio bat sortzeko eskubidea onartzen zen.

Otomandar Inperioa.

Arabiar nazionalismoa

Abbastar kaliferriaren banaketaz geroztik, Erdi Aro erdian, arabiarrak banaturiko herria izan ziren eta beste herri batzuen kontrolpean zeuden, batez ere otomandar turkiarren kontrolpean.

Britainiar jarduerak, Ekialde Ertainaren domeinu koloniala segurtatzeko, XIX. mendearen amaieratik arabiar sentimendu nazionalistak bultzatu zituen. Helburua Ingalaterrarentzat Otomandar Inperioaren desegitea zen; arabiarrentzat, arabiar nazio elkartu eta independente baten osaketa.

Arabiarren aldeko asaldatze-giro honen erdian lehen juduak Palestinara iritsi ziren. Gatazken leherketak denbora baino ez zuen behar.

Palestina, mandatu britainiarra

Lehen Mundu-Gerra amaitzean, Frantziak eta Ingalaterrak Otomandar Inperioaren ondareak banatu zituzten. Balfour Deklarazioan kontrakoa zehazten zen arren, Palestina britainiar mandatupean gelditu zen eta aginte kolonial berriak ez zeuden prest estatu judu independente bat onartzeko.

Europa osoko juduak (batez ere Errusia eta Erdialdeko Europa, gerrak gehien zigorturiko lurraldeak), etengabe iritsi ziren Palestinako portuetara. Immigrante berriak Tel Aviveko kostaldean, Jerusalemen, eta Galileako gunean, nazioaren iparraldean, ezarri ziren batez ere.

Britainiarren ahaleginek immigranteen kopurua mugatzeko, arabiar biztanleriarekin gero eta ugariagoak egiten ari ziren liskarrak ekiditeko asmoz, ez zuten eraginik izan. Biztanle judu berrien kopuruaren mugaketak immigrante klandestinoen ugaritzea bakarrik ekarri zuen.

Lehen liskarrak

Arabiarren eta juduen arteko liskarrak gero eta ugariagoak egiten joan ziren 1920tik aurrera, batez ere hiriguneetan. Grebak, manifestazioak, bi komunitateen arteko liskarrak eta terrorismo-ekintzak arrunt bilakatu ziren Bigarren Mundu-Gerra amaitu arte.

Data garrantzitsuak

  • 1896 Theodor Herzlek Estatu judua bere liburua argitaratzen du.
  • 1914 Lehen Mundu-Gerraren leherketa.
  • 1917 Aliatuen garaipenak turkiar frontean. Balfour deklarazioa.
  • 1918 Otomandar Inperioaren banaketa. Palestina, Britainiako lurraldea.
  • 1920 Arabiarren eta juduen arteko istiluak ugaritzen dira.
  • 1933 Hitlerrek boterera heltzen da Alemanian.
  • 1939 Bigarren Mundu-Gerraren leherketa. Juduen kontrako sarraskia hasten da Europan.

Theodor Herzl

Theodor Herzl (1860-1904), Hungarian jaiotako idazle judua, sionismoaren defentsagile nabariena izan zen, teoria hau Estatu judua liburuan azaldu zuelarik eta Basilean 1897an ospatutako I. Biltzar Sionistan defendatu zuelarik. Hasiera batean Palestina aberri judu bezala proposatu ez zuen arren, beranduago Fondo Nazional Judua eta Nazional Banka Judua sortu zituen. Honen helburua Palestinako lurralde eta jabetzen erosketa zen, kolonoen ezarpena errazteko.

Arabiako Lawrence k (1888-1935), militarra eta britainiar agentea, Arabiako tribuak gidatu zituen, Lehen Mundu-Gerran Otomandar Inperioaren kontra borrokatu zutenak. Nazio arabiar batu baten babesle sutsua, Frantziak eta Ingalaterrak akordatutako turkiar banaketarekin ez zen ados gelditu. Jakinduriaren zazpi oinarriak liburuaren idazlea izan zen.