HISTORIA

Alfontso XIII.aren Espainia (I)

Alfontso XIII.aren tronuratzea 1902an Espainiaren gainbehera handienarekin bat egin zuen, Kuba eta Filipinetako porroten ondoren.Gatazkakortasun sozialak eta ejertzitoaren Marokoko etengabeko porrotek berreskuratze ekonomikoaren saiakerak oztopatu zituzten

1917ko krisia

1917an Espainiar bizitza publikoa zartatu zuten arazoak asko izan ziren:

  • Ekonomiaren hondatzea: gerran zeuden potentziekin izandako merkataritzak sortutako oparotasunak ahultasun aztarnak erakusten zituen Gerra Handiaren amaiera iristean.
  • Militarren haserrea: promozio sistemarekin eta Marokoko kanpainaren etengabeko porrotekin kontentagaitz zeuden.
  • Berrezarpenak ezarritako hauteskunde-sistema ustelaren ahitzea, honek diputatu liberalek protesta egin eta Konstituzio aldaketa bat eska zezaten egin zuen.
  • Nazionalismoen gorakada, batez ere Katalunian.
  • Geroz eta garrantzitsuagoa zen langileriaren mugimendua, pobreziak, langabeziak eta amaigabeko gerra kolonialak eragindako haserrearen eraginez.

Krisiari aurre egiteko, 1917 eta 1919 artean kontzentrazio nazionaleko hainbat Gobernu finkatu ziren, nazioaren arazoak konpontzeko ezgauzak izan zirenak.

Gizarte-arazoak

XX. mendearen hasierako Espainiak gizarte egiturak aldatu eta biztanleria bi funtsezko taldetan banatu zuen nolabaiteko garapen industrial gradu bat ezagutu zuen.

  • Oligarkia agintaria, enpresari aberatsek eta nobleziak osaturikoa, nazioaren baliabide guztiak metatzen zituen.
  • Nekazal eta industrial proletalgoa, gehiengoa eta oso txirotua. Erdi maila urria zen eta garrantzi sozial txikikoa.

Langileria-mugimenduaren gorakadak, batez ere anarkismoarenak, lan eta gizarte hobekuntzaren mesedetan egindako protestak eragin zituen. Poliziak, ejertzitoak eta ugazaberiaren pistoladunek gogorki zapaldu zituzten. Alderdi ezkertiar batzuek beraien talde armatu propioak antolatzen erantzun zuten.

Afrikako gerra

Espainia 1898ko gerraren ondoren galdutako nazioarteko ospea berreskuratzen saiatu zen afrikar kontinentea banatzerakoan egokitu zitzaizkion jabego urrietan kanpaina kolonial desesperatu baten bitartez.

Ondorioak ezin izan ziren penagarriagoak izan:

  • Espainiar ejertzitoaren etengabeko porrotak Marokoko iparraldean, gaizki horniturik zeuden baina lurraldea ongi ezagutzen zuten eta borrokarako motibatuagoak zeuden Rifeko tribuen kontra.
  • Gizon, diru eta baliabideen galera etengabea Espainiarentzat etekinik emango ez zuen gerran.
  • Herri-haserreak soldaduen hilkortasun handiak eta garapen industriala oztopatzen zuen xahutze militarrak eraginda. Bereziki larriak izan ziren 1909ko gertaerak Bartzelonako Zorigaiztoko astean zehar, soldaduen mobilizazioaren kontrako protesta, errepresio bortitz batekin bukatu zena.

Ikuspuntu militarretik, gerrak 1909tik 1927rarte iraun zuen. Frantziarekin 1904ean lortutako akordioak lurralde marokoarra bi eragin guneetan banatu zuen, iparraldeko gunea Espainiaren gainbegirapena izango zuelarik.

Gaizki hornituak eta atsekabeturik zeuden espainiar gudarosteek, porrot larriak jasan zituzten 1909an (Barranco del Lobo) eta 1921ean (Annual), oraingoan Abd el Krim rifeko buruzagiaren kontra. 1926ean, frantziar ejertzitoaren partehartzeak amaiera jarri zion gerrari. Abd el Krimek bere burua frantziar aginteari entregatu zion, eta Espainiak, hurrengo urtean zehar, protektoratu marokoarraren bere zatia kontrolpean izatea lortu zuen.

Data garrantzitsuak

  • 1902 Alfontso XIII.aren adin nagusitasuna eta koroatzea.
  • 1904 Marokoren banaketarako Frantziarekin akordioa.
  • 1909 Antonio Mauraren «gobernu luzea» amaitzen da. Bartzelonako Zorigaitzeko astea.
  • 1911 Lanaren Konfederazio Nazionala (LKN) sortzen da.
  • 1912 Marokoren protektoratu erregimena ezartzen da.
  • 1914 Lehen Mundu-Gerra pizten da. Espainia neutral mantentzen da.
  • 1918 Lehen Mundu-Gerra amaitzen da.
  • 1920 Espainiako Alderdi Komunista sortzen da.
  • 1921 Annualeko hondamendia Marokoko gerran.
  • 1923 Primo de Riveraren Diktadura hasten da.
  • 1927 Marokoko kanpainaren amaiera.
  • 1930 Primo de Riveraren Diktaduraren amaiera.
  • 1931 II. Errepublika espainiarraren aldarrikapena.

Alfonso XIII

Alfontso XIII.a (1886-1941), Espainiako erregea, Alfontso XII.aren hil ondorengo semea, 1902an tronuratu zen, Maria Kristina bere amaren erregeordetza luzearen ondoren. Bere agintepean Berrezarpenaren (68. gaia ikusi) sistema politikoa krisian sartu zen eta langileria-mugimenduak indarra hartu zuen. 1931an abdikatzera behartua izan zen alderdi errepublikarren garaipenaren ondoren. Erroman hil zen erbesteraturik.

 

Sindikatuak

Marx, Engels, Bakunin eta beste pentsalarien ideiatan inspiraturiko mugimendu sindikalak, garrantzia handia hartu zuen XX. mendearen lehen urteetako Espainian. Garai hartako lantegietako lan baldintzak penagarriak ziren, egunean hamasei ordutako lanegunekin, asteroko atsedenik gabe, soldata murritzekin eta umeen erabilpenarekin. Espainian garai hartako sindikatu garrantzitsuena ideologi anarkista zuen CNT zen (Lanaren Konfederazio Nazionala edo LKN).

 

1917ko krisialdia Euskadin



Lehenengo Mundu Gerrak aberasbide polita eskaini zien Euskal Herriko ontziolei, siderurgiari eta meatzaritzari, gerran zeuden herrialdeek eskaera ugari egiten baitzuten. Hala ere, hazkunde azkar hori erabat moteldu zen gerra amaitu ondoren, ez baitzuen batere oinarri sendorik. Horren ondorioz enpresa batzuek porrot egin eta itxi behar izan zuten, euskal gizartean zalantza-giroa sorraraziz.

Abd El Krim (1882-1963), rifeko buruzagia, espainiarren kontrako erresistentziaren antolatzailea 1921tik aurrera, gerra santua aldarrikatu eta izaera gerrillaria zuten bere gudaroste irregularrak bata bestearen atzetik garaipenetara gidatu zituen, bereziki Annualen. Gatazka protektoratuaren gune frantziarrera hedatu zenean, 1926an azkenik garaitu zuen espainiar eta frantziar gudarosteen ekintza bateratuari aurre egin behar izan zion. Frantziarren eskutara entregaturik erbesteratu egin zuten Reunion irlan. 1947an Egiptora ihes egitea lortu zuen eta handik frantziarren kontrako erresistentzia mugimenduak antolatzen jarraitu zuen Ipar Afrika guztitik.