HISTORIA

Alfontso XIII.aren Espainia (II)

Primo de Riveraren Diktadura

Espainiaren barne egoera gatazkakortasun espiral batetan sartu zen Annualeko hondamendiaren ondoren (1921). Hurrengoak ziren bere ezaugarriak:

  • Erreforma demokratizatzaileen hutsegiteak.
  • Langabeziaren gorakada.
  • Langile eta nekazal grebak.
  • Marokokoren gaineko kanpainaren onarpenik eza.

Annual-eko hondamendiak (1921), une larriena markatu zuen egoera politiko sostengaezin batetan. Bi urte beranduago, erregearen eta enpresari kataluniarren laguntzaz, Primo de Rivera jeneralak, Gerra-ministro izandakoa, diktadura militar bat ezarri zuen nazioak zuen egoera hondatua konpontzeko asmoarekin.

Bere gobernua hurrengo puntuetan oinarritu zen:

  • Berme konstituzionalen etetea.
  • Gorteen disoluzioa.
  • Alderdi politikoen eta sindikatuen debekua.

Boterea 1924tik aurrera Aberri Batasunaren laguntza izan zuen jeneralarengan metatu zen, Italian agintzen hasiak ziren ideia faxistetan inspiraturik zegoen alderdi bakarra zen. Aberri Batasunaren helburua elementu zibil kontserbatzaileak Gobernuaren baitan hartzea zen, horrela militarrek Primo de Riverak osaturiko lehen gobernuan zuten gehiengoa orekatzeko.

Diktadurak nazioaren bizitza publikoa baretu zuen errepresio biziki gogorra erabiliz, bitartean Marokoko gerra amaituta gelditzen zen frantziar partehartzeari esker. Industrializazioak zenbait indarra hartu zuen eta ekonomia berreskuratu egin zen. Baina, arazo sozial gehienak pil-pilean zirauten.

Kataluniarren, ejertzitoaren eta erregearen laguntza galdurik, Primo de Rivera jenerala kargugabetua izan zen 1930ean.

Monarkiaren erorketa

Primo de Rivera jenerala kargugabeturik zegoela, Alfontso XIII.ak Berrezarpenaren ideietan oinarrituriko hauteskunde sistema ustela berrezarri nahi izan zuen (68. gaia ikusi). Baina ospegabeko erregetza baten iraupena ezinezkoa zen jadanik.

Alfontso XIII.ak Primo de Riverari emandako laguntza erregetzaren irudiari ospea kendu zion espainiar gizartearen aurrean.

Ugariak izan ziren Alfontso XIII.aren abdikazioa eragin zuten arazoak:

  • Alderdien ohiturazko txandaketa sistemaren gainbehera.
  • Erakunde ezkertiarren gorakada, batez ere joera errepublikarra zuten taldeena.
  • Krisi ekonomikoa.
  • Atzeratze larria landa-guneetan.
  • Gizarte-gatazka orokorrak: sindikal eta patronal terrorismoa; ezkertiar eta eskuindar muturreko taldeen arteko gatazka armatuak, batez ere Madril eta Bartzelonan.

II. Errepublikaren aldarrikapena Madrilgo Puerta del Solen, 1931an.

Errepublikaren aldarrikapena

1930aren udan zehar ezkerreko alderdiek Donostiako ituna sinatu zuten. Honen bidez erregimen errepublikar baten ezarpenean elkarlanean aritzearen konpromisoa hartzen zuten.

Urte eskas bat beranduago, eta bereziki tentsua zen giro baten erdian, hiri garrantzitsuenetan errepublikar alderdiei garaipena eman zioten hauteskunde munizipalak ospatu ziren. Erregeak, emaitzetaz jakitun izanda, abdikatzea erabaki zuen odol isurketa ekiditeko.

1931ren apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zen lurralde espainiar guztian.

Ramon Casasen Karga margoaren bista partziala, Alfontso XIII.aren garaietako langileriaren manifestazioen gaineko errepresioa erakusten duena.

Data garrantzitsuak

  • 1918 Lehen Mundu-Gerra amaitzen da.
  • 1920 Espainiar Alderdi Komunistaren sorketa.
  • 1921 Annualeko hondamendia Marokoko gerran.
  • 1922 Mussolinik, italiar faxismoaren buruzagiak, boterea eskuratzen du.
  • 1923 Primo de Riveraren Diktadura hasten da.
  • 1927 Marokoko kanpaina amaitzen da.
  • 1930 Primo de Riveraren Diktadura amaitzen da. Berenguer jeneralaren gobernua.
  • 1931 II. Errepublika espainiarraren aldarrikapena.

Miguel Primo de Rivera

Miguel Primo de Rivera (1870-1930), karrera militarra Marokon gauzatu zuen espainiar militarra da. Bertan, bere garaiko beste militar batzuek bezala, gerra merituei esker igoera azkarrak lortu zituen. 1898an Estatu Batuen kontrako gatazkan parte hartu zuen. Espainiak Marokoren iparraldea utzi zezan defendatu zuen eta kapitain jeneral postuak izan zituen Balentzian, Madrilen eta Bartzelonan. 1923an Estatu kolpe bat eman zuen Alfontso XIII.aren eta kataluniar burgesiaren laguntzarekin, eta diktadore izendatu zuen bere burua, 1930erarte bete zuen kargua. Dimititzera beharturik, Frantziara erbesteratu zuen bere burua, bertan hil zelarik.

 

Aberri Batasuna

1924an sortua, Aberri Batasuna Primo de Rivera jeneralaren gobernua laguntzeaz arduratu zen bereziki. Organizazioaren koherentzia ideologiko eskasak (nazionalismo eta ultraeskuindar ideien arteko nahaspila) eta diktadorearekin zuen gehiegizko loturak azaltzen du Primo de Riveraren dimisioaren ondoren ez irauteak.

 

1931ko hauteskunde munizipalen emaitza eztabaidagarriak

1931ko hauteskundeetako emaitza orokorrek, oro har, alderdi monarkiko eta eskuindarrei eman zieten garaipena. Garaipena hiri handietan bakarrik izan zen ezkertiar erakunde errepublikarrentzat. Alfontso XIII.aren errefusaren azalpena erregetzaren hauteskunde sistema berean oinarritzen da, garbitasun ezak ezaugarritzen zuena. Hirietan bakarrik egin zitekeen zenbaketa fidakorra, landa-guneetan, biztanleriaren kopuru handiena bizi zen lekuan, hautestontzien manipulazioa eta «hauteskunde-iruzurra» arruntak ziren bitartean.

 

Ebaristo Bustintza "Kirikiño" eta Miguel Primo de Rivera ostatukideak izan ziren

Kirikiño euskal idazleak Madrilgo Unibertsitateko Zientzia-Fakultatean egin zituen Fisika eta Matematikako ikasketak. Denbora horretan Miguel Primo de Rivera, gero generala, diktadorea eta Jose Antonio Primo de Rivera Falangeko buruzagiaren aita izango zena eta Kirikiño elkarrekin bizi izan ziren ostatu berean. Argazkian ikus daitezke biak elkarren ondoan. Eskuinekoa da Kirikiño eta hurrengoa ezkerretara Primo de Rivera. Bistan da oso bide desberdinak hartu zituztela gero, Kirikiño euskaltzale eta abertzale sutsua izan baitzen.