HISTORIA

Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian

Hego Euskal Herria guztiz harrapatu zuen Espainiako Gerra Zibilak, eta zeharka Iparraldea ere bai, batez ere errefuxiatuen bidez. Gerraren azpiko gatazketako bat Euskal Herriaren eta Katalunia-ren errebindikazio nazionalak ziren, nazionalismo eta zentralismo espainolaren aurrez aurre. 1936ko Madrilgo Gorteetarako hauteskundeetan 15 ordezkaritik 7 zituen lortuak EAJk Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Autonomi Estatutua zuen bere errebindikazio nagusia.

Gerra Zibilaren hastapenaren berezitasunak Hego Euskal Herrian

Horregatik eta beste zenbait eragilerengatik ezaugarri bereziak izan zituen gerrak Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Lehenik, eskuindar espainolen matxinada lagundu eta bultzatu zuen masa-mugimendu garrantzitsu bat zegoen: karlismoa, bereziki Nafarroan. Bigarrenik, Espainian ez bezala, burgesia abertzaleak bat egin zuen ezkerreko alderdiekin Errepublikaren alde. Hirugarrenik, gerra-egoerak sortutako baldintzen ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat Autonomi Estatutua lortu eta, botere politikoaz gainera, euskal armada (Euzko Gudarozteak) ere antolatu zen.

Eusko Jaurlaritza

1936ko Eusko Jaurlaritza

Azkenik, kleroaren jokaera ere berezia izan zen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, parte garrantzizko batek matxinatuen aurka eta errepublikarren alde egin baitzuen, Espainian ez bezala. Gerraren prozesua desberdina izan zen herrialde bakoitzean.

Nafarroa, frankistek hasieratik kontrolatutako lurraldea

Nafarroako gobernadore militarra Mola jenerala zen, altxamenduko buruetako bat; aldez aurretik ondo kontrolatuta zeukaten lurraldea berak eta errekete karlistek; uztailaren 18an bertan nagusitu zen Nafarroan estatu-kolpea, erresistentzia txiki eta bakan batzuk gaindituta; horren ondorengo errepresioa eta garbiketak, ordea, ankerrak eta zabalak izan ziren (3.000 lagun inguru garbitu zituzten garaitzaileek, Jimeno Jurio historialariaren iritziz; askoz gehiago beste batzuen ustez).

Mola jenerala

Mola jenerala

Uztailaren 19an, gerra-egoera aldarrikatu, eta erreketeak jeneralaren agintepean jarri ziren beste lurraldeak konkistatzeko.

Araba ere Nafarroaren bidetik

Araban Camilo Alonso Vega teniente koronelak, Molarekin bat eginda, bere agintea ezarri zuen 19an bertan, gobernadore zibila aldatuta; eta errepublikarrek altxamenduaren aurka greba orokorra deitu zuten arren, ez zuen arrakastarik izan. 1937an Euzko Gudarozteak Gasteiz konkistatzeko eginiko ahaleginak Legutioko erasoaren porrot militarrean amaitu ziren.

Hego Euskal Herriko erresistentzia gune garrantzitsuenak Bizkaian eta Gipuzkoan

Bizkaian eta Gipuzkoan huts egin zuen estatu-kolpeak, eta matxinatuen gune batzuk azpiratu ondoren, aginte legalen kontrolpean geratu ziren bi lurraldeak hasieran.

Anarkistak

Gerraren aurreneko egunetan anarkistek, beste inork baino lehen, ahalegin handiak egin zituzten Donostiatik Nafarroako muga bitartean. Chiapuso-ren liburuak kontatzen ditu xehetasun osoz pasadizo haiek.

Baina, Gipuzkoa laster geratu zen Nafarroatik hainbat lekutatik sarturiko matxinatuen erasopean. Lesakan eta Oiartzunen, Alfonso Beorlegiren agindupean sarturikoek erresistentzia gogorra aurkitu zuten errepublikarren aldetik, baina irailaren 4an Irun konkistatu zuten; Donostiaren defendatzaileek lortua zuten hasieran militar matxinatuak errenditzea, baina Beorlegiren tropen kontrolpean erori zen irailaren 13an, bertako Defentsa-juntak alde egin ondoren. Bestalde, Leitza, Ataun, Betelu eta Zegamatik sarturik, laster kontrolatu zuten Gipuzkoaren barrualde osoa; eta gerra-frontea Bizkaia aldera aldatuz joan zen. Urriaren lehen egunetan Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan zegoen finkatu samarturik.

Euzko Jaurlaritzaren, Euzko Gudaroztearen eta Euskal Autonomia Estatutuaren sorrera

1936ko urriaren lean onartu zuen Espainiako Parlamentuak Euskal Autonomi Estatutua; eta hilaren 7an osatu zen Euzko Jaurlaritza, gerra-gobernu gisa; bere lehen eginkizunetako bat Euzko Gudaroztea antolatzea izan zuen.

Honek 28 batailoi zituen, hiru ingeniari-batailoi barne.

Altxamenduaren berri izan zen bezain laster, Bizkaiko EAJk herrietan ordena publikoa mantenduko zuten indar armatuak eratzea agindu zuen, Errepublikaren aldetik geratu ziren beste leku batzuetan izan ziren gehiegikeriak saihesteko asmoz. Euzko Gudaroztea sortzeari Azpeitin ekin zitzaion, abuztuaren lehen egunetan. Kandido Saseta Intendentziako kapitain profesionalaren agintepean. Herrietako batzokietan ematen zuten izena armada berrian partaide izan nahi zutenek.

Urtebete iraun zuen antolakunde hark, Santoņako Ituna arte.

Euzko Gudaroztearen saiakera, Gernikako bonbardaketa eta "Burdin gerrikoaren" porrota

1936ko abenduan Euzko Gudarozteak Araban eraso egin zuen (Legutioko erasoa), Gasteiz berreskuratzeko asmoz, baina ez zuen lortu. Aurrerantzean Mola jeneralak, eta hori hil ondoren Dávila jeneralak gidatutako armada frankista Bizkaia hartuz joan zen, airezko bonbardaketen laguntza erabakitzaileari esker.

Davila jenerala

1937ko apirilaren 26an abioi alemaniarrek Gernika bonbardatu eta suntsitu zuten.

Gernika suntsituta

Gernika suntsituta bonbardaketaren ondoren

Joseba Elosegi

Joseba Elosegi. Gernikako bonbardaketan hirian suertatu eta agintea zuen kargu bakarra.

Ekainaren 19an hartu zuten frankistek Bilbo, Euskal Herriko azken erresistentzi gunea, Euzko Gudarozteak hiriaren inguruan eraikitako "Burdin gerrikoa" gainditu ondoren.

Burdin gerrikoa Bilbo inguruan sortutako gotorleku-sistema bat zen (1936). Sortu berria zen Euzko Jaurlaritzaren aginduz eraikia, Plentzian hasi eta Bilbo inguratuz Muskizko San Julian ingururaino iristen zen: Bilbotik 20 bat km-ra zegoen. Lubaki, alanbrada, metrailadore, behatoki eta bidexkaz osatuta zegoen. Bilboren defentsaren oinarria izan nahi zuen; baina erraz hautsi zuten Francoren aldeko indarrek, Larrabetzu aldetik 1937ko ekainaren 11n. Handik zortzi egunera erori zen Bilbo. Gerrikoaren eraikuntzaren akats tekniko-militarrek eta obren ingeniari izan zena etsaiengana pasatu izanak erraztu egin zuen gotorleku-sistema hau gainditzea.

Burdin Gerrikoa

Burdin Gerrikoaren zati bat

Alejandro Goikoetxea

Alejandro Goikoetxea komandantea, Burdin Gerrikoaren eraikuntzan parte hartu zuen ofizialetako bat, martxoan erasotzaileen bandora igaro zena plano guztiak berekin zituela. Hauek erakusten zutenez, lanak amaitu gabe zeuden. Erasotzaileek lekurik ahulenetatik erasotzeko informazio guztia izan zuten.

Euskal Herriari zegokionez, 1937ko abuztuaren 24an amaitu zen Espainiako Gerra Zibila, Francoren bandoko italiarrek eta EAJko ordezkariek Santoņako ituna sinatu zutenean. EAJk nahiago izan zuen bakea Espainiako Errepublikatik aparte eta bere aldetik sinatu.

Franco Bilbon

Galtzaileak erbesteratu beharrean

Euskaldun askok orduan Iparraldera ihes egin zuen, baina Espainiara itzuli eta errepublikarren alde borrokatu ziren gerra amaitu bitartean. Ipar Euskal Herriak ere nahikoa hurbildik bizi behar izan zituen Hegoaldeko gerra eta horren ondorioak, gerratik ihesean edo gerra ondoren Hegoaldetik alde egin zutenei laguntzen. Ipar Euskal Herrira eta Frantziara ihes egitea ez ezik, euskaldun askok aukeratu zuen Venezuelara, Argentinara, Mexikora eta Amerikako beste herrialdeetara ere atzerriratzea; hauxe izan zen gerraren beste ondorio lazgarria eta garrantzi historiko handikoa.

Eusko Jaurlaritza erbestera

Eusko Jaurlaritzako kideak, Agirre Lehendakaria buru zutela, erbestera doaz ihesi

Ajuriagerra Otxandiano, Juan

Politikaria (Bilbo, 1903 - Aiegi, Lizarra, 1978). Gaztetatik izan zuen abertzaletasunaren aldeko jarrera. EAJko kidea (1929) eta Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izan zen (1934-37). Gerra garaian gudari abertzaleen buru izan zen. Santoņako itunaren negoziazioaz arduratu zen, baina Francok ez zuen ituna bete eta Ajuriagerra hiltzera kondenatu zuen; indultua lortu ondoren sei urte kartzelan pasa zituen (1937-43). Kartzelatik ihes egin eta Frantziara joan zen; han, klandestinitatean, abertzaletasunaren alde lan egin zuen diktaduraren kontrako greba politikoak eta Aberri Egunak antolatuz. "Artetxe" eta "Otxoa" ezizenak erabili zituen klandestinitate garaian. Gil Roblesen "Demokrazia Sozial Kristaua", Kataluniako "Batasun Demokratikoa" eta Jiménez Fernándezen "Ezker Kristau Demokratikoa" batuz Espainiako "Talde Demokrata Kristaua" osatu zuen (1965).

 

Amaiur

Espainiako Gerra Zibilean ibilitako euskal gudarien batailoia (1936). Batailoiak Berriztik Santoņara bidean izandako gorabeherak, Uriarte komandanteak Burgosko presondegian idatzitako liburu batean azaldu zituen (Caracasen argitaratua 1956an).

 

Beldarrain Olalde, Pablo

Militarra (Abando, 1909). EAJko kide eta Abandoko batzokiko sortzaileetakoa izan zen (1931). Gerra Zibilean gudari gazteen trebatzaile, "Bizkaigaina" konpainiako teniente, kapitain eta azkenik, Euzko Gudarozteko komandantea izan zen (1936). Estrategia militarretan ondo jantzita zegoen eta defentsa- sistema aproposa eraman zuen aurrera. Bere nagusiekin izan zituen desadostasunak zirela medio, Frantziara jo behar izan zuen (1937). Euskal errefuxiatuei laguntza eskaintzeko ardura eman ziotenean Donibane Lohizunera joan zen bizitzera; Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta bere borondatez izena eman zuen armadan (1939 -44). Pétain-ek euskaldunak atxilotzeko agindua eman zuenean, Bretainiara ihes egin zuen. Ezkutuan eta iheska ibili ondoren Bilbora itzuli eta atxilotu egin zuten (1945). Epaitu eta kartzelaratu ondoren behin-behineko askatasuna lortu eta Frantziara ihes egin zuen (1955).

 

Beorlegi Canet, Alfonso

Militarra (Lizarra, 1888 - Donostia, 1936). Armadan sartu eta Mola jeneralarekin Nafarroako altxamendua antolatu zuen (1936). Gerra Zibila hasitakoan, Nafarroako gudarostearen buru zela, Gipuzkoan sartu eta Irun eta Donostia hartu zituen. Irunen zauritua gertatu zen eta handik hilabetera hil zen.

 

Elosegi Odriozola, Joseba

Politikaria (Donostia, 1915-90). Gerra Zibilean gudarien buruzagia izan zen; Gernikako bonbardaketan hirian suertatu eta agintea zuen kargu bakarra izan zen (1937). Mussoliniren tropek preso hartu zuten (1937); tropa espainolen esku utzi, epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zioten, baina preso-trukaketa batean aske geratu zen (1938). Frantziara atzerriratu eta faxisten kontrako erresistentzian parte hartu zuen bitartekari-, espioitza- eta mugalari- lanetan. Donostiako Artzain Onaren katedralean ikurrina jartzeagatik atxilotu egin zuten (1946); zigorra betetakoan Frantziara jo zuen berriro. Donostiara itzuli (1964) eta erregimen frankista eta Euskal Herriaren zapalkuntza salatzeko, bere buruari su eman zion, pilotalekuan zegoen Francorengana jauzi egiten zuen bitartean (1970). Larri zauriturik gertatu zen eta ospitalean egon ondoren kartzelaratu egin zuten 3 urtez; kartzelan zegoela Quiero morir por algo liburua idatzi zuen. Amnistiaren aldeko mugimenduko partaide izan zen 1977 arte. EAJko Gipuzkoako senatari hautatu zuten 1979an eta 1982an berriro. EAJren banaketa gertatu zenean, EAko kide egin zen.

 

Erreketeak

Autodefentsa, eraikin erlijiosoak babestea eta kale eta karlisten egoitzen zaintza ziren erreketeen betebehar nagusiak. Hauteskundeetan karlistek izandako arrakastak bultzaturik, erakunde militarra indartzeko lanari ekin zioten eta taldeak berrantolatu eta armak erosi zituzten (1932). Mussoliniren laguntza izan zuten eta ordain gisa konpromiso batzuk hartu zituzten: errepublika kentzea, monarkia berrezartzea, Italiarekin adiskidantza- ituna sinatzea eta Mediterraneoan gerra piztuz gero, Frantzia eta Espainiaren arteko akordioa salatzea. Erreketeak gero eta antolatuago zeuden eta gero eta indar handiagoa zuten. Militar profesionalak sartu zirenean ordenantzak idatzi ziren. Espainiako Gerra Zibilean asaldatuekin batera borrokatu ziren, beren konpainia edo tertzio berezietan antolatuta unitate militar erregular handiagoetan.

 

Mendigoizaleak edo Mendigoizale Batza

Mendizale abertzaleen elkartea. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako mendigoizale-taldeak elkartu eta Mendigoizale Bazkuna sortu zuten (1908). Mendi-ibilaldiak eta Sabino Aranaren ideologia zabaltzeko ekintzak antolatu zituzten. 1930eko hamarkadan biziki hazi zen mugimendua. Gerra Zibila piztu zenean, milaka mendigoizale Euzko Gudaroztean sartu ziren.

 

Mola, Emilio

Jeneral espainola (Placetas, Kuba, 1889 - Castil de Peones, Burgos, 1937). Marokon egon zen 1909-30 bitartean eta Segurtasunerako zuzendaritza nagusiko buru egin zuten (1930) Primo de Riveraren diktadurapean. Bere jokabideagatik armadatik kanporatu egin zuen Errepublikak, baina 1934an amnistiatu egin zuten. Nafarroako gobernadore militarra izan zen, eta harremanetan hasi zen erreketeekin, altxamendua prestatzeko eta gidatzeko (1936). Espainiako Ipar aldeko indar nazionalak gidatu eta Donostia hartu zuen. Nazionalak Bilboko "Burdin Gerriko"-tik hurbil zeudenean, Burgostik Gasteizera bidean hegazkin-istripuan hil zen.

 

Mujika Urrestarazu, Mateo

Erlijiosoa (Idiazabal, 1870 - Zarautz, 1968). Salamancan teologiako doktoretza egina, Burgo de Osmako apezpiku (1917), Iruņeko apezpiku (1923) eta azkenik Gasteizko apezpiku (1928) izendatua izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren hasieran Errepublikaren kontra eta errepublikanoekin bat egitea gaitzetsiz idatzi zuen Non Licet gutun pastorala. Gero, ordea, frankistek herritarren eta apaizen kontra egindako gehiegikeriak eta hilketak salatuz idatzi zuen. Euskal Autonomia Estatutuari baiezkoa eman zion. Bere ideia eta ekintzengatik Gasteizko elizbarrutia uztera eta atzerrian bizitzera behartu zuen erregimen berriak (1937); Kanbon jarri zen bizitzen eta han idatzi zuen Imperativos de mi conciencia (1945), euskal apaiz erasoen defentsa beroa eginez. 1947an Hego Euskal Herrira itzuli eta Zarautzen finkatu zen.

 

Nafarroako brigadak

Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuten Francoren aldeko unitate militarrak, 1937an sortuak. Karlistek eta erreketeek osatuta eta lau brigadatan antolatuta zeuden. Mola jenerala brigada hauetaz baliatu zen Espainiako Iparra konkistatzeko. Hego Euskal Herrian, Asturiasen eta Kantabrian borrokatu ziren.

 

Ordoki Vazquez, Kepa

Militarra (Irun, 1913 - Baiona, 1993). ANV eta ELAn afiliatu zen. Espainiako Gerra Zibilean Eusko Gudarostean San Andres batailoiko kapitain izatera iritsi zen. 1937an preso erori Santoņan, eta heriotza-zigorra ezarri zioten, baina konmutatu egin zioten pena. 1939an Duesoko espetxetik ihes egitea lortu zuen. Frantziako Erresistentziarekin harremanetan jarri eta alemaniarren aurkako ekintzetan parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak eskaturik, 1944an "Gernika" batailoia antolatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren menpean; eta Frantziako armadaren esanetara, aliatuen alde borrokatu zen. 1945ean garaipen sonatua lortu zuen batailoiak Garonaren bokalean alemaniarren aurka, eta Ordokiri kondekorazioa eman zioten. Urte bereko abenduan batailoia desegitean, Hendaian finkatu zen aurrenik eta gero Korsikan; 1980an jaioterrira itzuli zen.

 

Santoņako Ituna

Gerra Zibilean, Bilbo galdu ondoren, Euzko Gudaroztea itsasoz Santoņatik Frantziara eraman ahal izateko, Juan Ajuriagerra EAJko ordezkariak eta Mancini jeneral italiarrak sinatutako ituna (1937-VIII-25). Santoņako Ituna ez zuen Euzko Jaurlaritzak zuzenean negoziatu eta sinatuta egon arte ez zuen haren berririk izan. Ajuriagerrak honako puntuak onartu zituen: Santoņa hartuko zuten soldadu italiarrei bidea ez oztopatzea eta armak eta materiala haien esku uztea, okupatutako lurretan ordena publikoa ziurtatzea eta Santoņa eta Laredon errepublikarrek zituzten presoak errespetatzea. Bestalde, italiarrek honakoak onartu zituzten: euskal gudarien bizitzak errespetatzea, euskal agintarien bizitza errespetatu eta erbesterako bidea ez oztopatzea eta Jaurlaritzaren alde azaldua zen populazioaren aurkako jazarpenik ez egitea. Francoren borrokarekin bat eginik zeuden italiarrek ez zituzten baldintzak bete, ez zieten utzi itsasontzi ingelesei gudarien ebakuazioa egiten eta euskal agintariak eta gudariak kartzelaratu egin zituzten.

 

Saseta, Kandido

Militarra (Hondarribia, 1903-Asturias, 1937). Ikasketaz militarra izanik, errepublikanoen aldeko hautua egin zuen 1936an Espainiako Gerra Zibila lehertzean. Eusko Gudarostea antolatu zuen, horren Batzorde Militarreko buru gisa. Gero Asturiasko gerra-frontera bidali zuten, eta bertan hil zen. Horren izena eman zioten Eusko Gudarostearen batailoietako bati.