HISTORIA

Frankismoa

Espainiar historiaren diktadura luzeenak ez zuen garai homogeneo bat osatu, barne eta kanpo egoerak aldatzen ziren heinean aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak jasan baitzituen. Erreferente irmo bakarra diktadorea bera izan zen.

Ezaugarriak

Gerra Zibileko porrot errepublikarrak matxinaturiko militarren buruzagiak, Francisco Franco jeneralak, protagonizatu zuen diktadura luze bat ekarri zuen (1939-1975). Bere erregimen pertsonal eta autoritarioak gizartearen arlo garrantzitsuen bermea izan zuen:

  • Armada: elementu progresistetaz garbitua gerran zehar, kontrol sozialaren eta zapalketaren instrumentu bilakatu zen.
  • Eliza katolikoa: matxinada irmoki bermatu zuen eta laguntza moral eta ideologikoa eman zion. Ordainetan eragin soziala berreskuratu eta ordain ekonomikoak jaso zituen.
  • Monarkikoak: karlistek eta Alfontso XIII.aren partaideek sutsuki lagundu zituzten matxinatuak. Baina Francok erregimen monarkikoa berrezartzeari eman zion ezetzak, bi talde hauek beraien kokapenak diktadorearengandik urrun zitzaten eragin zuen.
  • Falangea: talde faxistak gizonak eta berme ideologikoa jarri zituen altxamenduaren alde. Bere buruek kargu garrantzitsuak izan zituzten espainiar Administrazioan 1945erarte, Bigarren Mundu-gerran Ardatzaren porrotaren ostean, Francok bere erregimenaren kutsu faxista desagerrarazten saiatu zen arte.

Erregimen frankista, edo Mugimendu Nazionalak, ezaugarri argi batzuk agertzen zituen:

  • Franco jeneralaren figuran haragituriko gobernu autoritarioa.
  • Alderdi bakarra, Espainiar Falangea, karlismoa eta erakunde eskuindarren arteko batasunak Espainiar Falange Tradizionalista eta Nazional Ofentsiba Junta Sindikalistan bildu ziren (FET eta JONS-etakoak).
  • Edozein oposizioren gaineko eskala handiko zapalketa.
  • Sindikatu bertikala, hau da, hierarkizatua eta bakarra, Estatuak kontrolatutakoa.
  • Ekonomi autarkia eta nazioarteko isolamendua.

Inoiz errege izendatua izatera iritsi ez zen arren, Francok elizetatik palio azpian irtetea bezalako errege pribilegioak eskuratu zituen.

Garapen politikoa

Erregimen frankistak barne aldaketa ugari jasan zituen nazioarteko egoera aldatzen zihoan neurrian:

  • 1939-1953: Gerraostea: isolatze garaia, eskasia ekonomikoak, goseak, pobreziak eta garaituen gaineko zapalketak ezaugarritua.
  • 1953-1959: Kanpoaldera irikiera: ituna Estatu Batuekin eta Egoitza Santuarekin Konkordatua.
  • 1959-1973: Garapen ekonomikoa eta irekiera politikoaren lehen aztarnak.
  • 1973-1975: Bere fundatzailearekin batera desagertuko zen erregimenaren gainbehera.

Aldaketa ekonomiko eta sozialak

Arlo ekonomikoan diktadura frankistak funtsezko bi garai zeharkatu zituen:

  • Autarkia: ekoizpenean laguntzarik behar ez izatea lortzeko saioaren hutsegitea, emaitza nazioaren pobrezia orokorra izan zelarik.
  • Garapen ekonomikoa: 1960ko hamarkadaz geroztik laguntza estatubatuarrak Espainia ehun industrial batez hornitzea baimendu zuen, aldakorra zen arren biztanleriaren bizi maila igoarazi zuen. Turismoa izan zen beste aberastasun nazional iturri bat.

Arlo sozialean atzeraturik zegoen nekazal gizarte batetatik erdi mailako gizarte hiritar eta industrial batetara pasatu zen. Prozesu honek ekonomiaren bi oinarrizko etapekin bat egin zuen. Erregimenaren kontrako protestak, bortizki zapalduak, ugaritu egin ziren hirurogeiko hamarkadan eta diktaduraren azken urteetan zehar biderkatu egin ziren.

"Iturria: L.A.N.E"

Frankismoa Euskadin

1936. urtean Jose Antonio Agirre Lekubek lehen Eusko Jaurlaritza osatu eta historiako lehenengo lehendakaria izan zen. Urte berean, hiru urte iraun zuen Espainiako Guda Zibila hasi zen.1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor legioak, indar nazionalen buru zen Francisco Franco jeneralaren aginduz, Gernika bonbardatu zuen. Ez zen eraso estrategiko bat izan, euskal askatasunaren sinboloa zen Gernikako arbola kolpatu nahi izan zuen, eta baita biztanleria zibila ere, egiteko astelehena aukeratu baitzuten, azoka eguna.

1939an, Agirre lehendakariak Euskal Estatu Independientea deklaratu zuen. Handik egun gutxitara frankisten garaipen militarra gertatu zen eta Euskal Estatuaren amaiera ekarri zuen. Borrokaldian 50.000 hildako eta 200.000 exiliatu izan ziren. Berrogei urte iraungo zuen diktadura aldi gogorra izan zen Euskal Herriarentzat, batez ere "probintzia traidore"tzat hartu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskaldunen askatasun politiko eta sozialak zapaltzeaz gain, euskara, ikastolak eta euskal kultura kutsua zuen edozein egitasmoren kontrako neurri zorrotzak hartu ziren. Euskaraz hitz egiten zuenarentzat zigor gogorrak zeuden, gaztelaniaz azkarrago ikas zezaten.

"España; una, grande y libre" goiburuarekin, Euskal Herriak ez ezik beste nazionalitate batzuek, Katalunia eta Galiziak, esate baterako, errepresio politika gogorra jasan behar izan zuten. Itotze honek euskal gizartearengan sentimendu abertzale eta independentista indartzea ekarri zuen.

1959an, ETA (Euskadi Ta Askatasuna) sortu zen, frankismoaren aurka borrokatzeko jaio zen erakunde armatua. Demokrazia iritsi zenean indarkeria erabiliz jarraitu zuten beraien helburu politikoak lortzeko, bide demokratikoei uko eginez.

Data garrantzitsuak

  • 1936 Altxamendu militarra. Franco, Estatu buru matxinatuek aukeratua.
  • 1939 Gerra Zibilaren amaiera. Francok Espainia osoaren gain agintzen du.
  • 1945 Bigarren Mundu-gerraren amaiera. Franco tesi faxistetatik urruntzen da. Espainiarren Forua.
  • 1947 Ondorengotza Legea.
  • 1953 Lehen ituna Estatu Batuekin.
  • 1955 Espainiaren onarpena Nazio Batuetan.
  • 1956 Mugimenduaren Oinarrizko Printzipioen Legea.
  • 1965 Lehen ikasle protestak.
  • 1966 Prentsa legea.
  • 1967 Estatuaren Lege Organikoa.
  • 1968 ETA lehen aldiz aritzen da.
  • 1969 Francok Borboiko Juan Carlos Printzea izendatzen du ondorengo bezala.
  • 1973 ETAk Gobernu burua zen Carrero Blanco almirantea erailtzen du.
  • 1975 Francoren heriotza.

Francisco Franco

Francisco Franco (1892-1975) espainiar militar eta politikaria. Itsas Armadan sartzen saiatu zen baina ez zuen lortu, beraz Toledoko Infanteria Akademiaren parte izatera pasatu zen 1907an. Marokoko kanpainan parte hartu zuen eta bertan karrera azkarra egin zuen gerra merituengatik igoera asko lortuz. 1936an II. Errepublikaren kontrako konspiraziora gehitu zen, ejertzito matxinatuen komandante buru bezala aukeratu zutelarik, generalísimo edo buruzagi izenpean. 1939tik 1975erarte agindu zuen Espainian diktadore bezala.

 

FET y las JONSak

Espainiar Falange Tradizionalista eta Nazional Ofentsiba Junta Sindikalisten izenaren laburpena da, frankismoaren alderdi bakarra, Jose Antonio Primo de Riverak sorturiko Espainiar Falangearen, karlismoaren eta altxamendua bermatu zuten alderdi eskuindarren arteko bilkuratik jaiotakoa. Alderdiaren ikurra uztarria eta geziak ziren, Errege Katolikoen ikur zaharra. FET eta JONSak ez zuen benetako egitura ideologikorik eta Francoren gurtza bideratzeko erabilgarri soilean bilakatu zen.

 

Emigrazioa

Espainiar langileek atzerrira egin zuten irteera (batez ere Alemania, Frantzia eta Suitzarantz) etengabekoa izan zen hirurogeiko hamarkada hastean, garai hartan, nahiz eta garapen ekonomikoa egon zen arren, espainiar industriak ezin zuen eskulan eskaintza guztia xurgatu. Emigranteen lanak Europan dibisa iturri garrantzitsua suposatu zuen, eta honetaz gain, benetako gertaera soziala, izan ere espainiar horiek ziren gizarte eta ideia demokratikoekin harremanak zituzten bakarrak.