Bigarren Mundu-Gerra (I)
- EXTRA: Munduan Zehar
Ardatza
Gerra eragin zuen alderdiak hurrengo nazioek osatzen zuten:
- Alemania nazia, Adolf Hitlerrek gidaturikoa. Europako erdialdean eta ekialdean burututako bere politika espantsionista izan zen gatazkaren arrazoi nagusienetarikoa.
- Benito Mussolini-k gidaturiko Italia faxista. Alemaniako txotxongilo bezala jardun zuen momentu oro. Bere hedapen-planak Mediterraneoari begira zeuden.
- Japonia inperiala, bere jauna Hiro-Hito enperadorea zelarik. Distantziaren eraginez, nazio hau ez zen bere beste aliatuekin era konbinatuan jardutera iritsi, eta bere aldetik gerra inperial bat garatu zuen ozeano Pazifikoan, Txinan eta Indotxinan.
- Beste aliatuak: Errumania, Bulgaria, Hungaria eta Finlandiak gerran parte hartu zuten alemaniarren aldean. Espainia frankista neutral mantendu zen, baina Ardatzaren europar politika bermatu zuen. Vichyko Frantzia deiturikoak edo Frantziako gune ez okupatuak horrenbeste egin zuen.
Alemaniar blindatuek Errusia zeharkatzen dute 1941eko udan.
Aliatuak
Alderdi aliatua, politikoki eta militarki heterogeneoa, hurrengo nazioek osatzen zuten:
- Frantzia: 1940an Alemaniak garaitua, britainiar lurraldetik aritzen zen gudaroste independente bat mantendu zuen.
- Erresuma Batua: Estatu Batuak gerran sartu ziren arte, Mendebaldeko indar aliatu garrantzitsuena izan zen. Britainiar Inperioak, gerran parte hartu zuten nazioak zituen barnean, gaur egun independenteak direnak, Kanada, India, Australia eta Zeelanda Berria beste batzuen artean.
- Sobietar Batasuna: 1941ean sartu zen gerran, Ardatzaren indarrek inbaditu zuten ostean. Sobietar armadak egin zuen Alemaniaren kontrako ahalegin beliko handiena 1944 urtera arte.
- Estatu Batuak: gerran sartzeak, 1941eko amaieran, gatazkaren bidea erabat aldatu zuen. Fronte bikoitzari eutsi zion, Europan eta ozeano Pazifikoan.
- Txina: Txinarentzat Bigarren Mundu-Gerra 1937an hasi zen, japoniar inbasioaren ondoren. Lur-fronte zabal bati eutsi zion Niponiar Inperioaren kontra, honen gainean garaipena 1945ean lortu zuen arte.
- Beste aliatuak: Poloniak, Jugoslaviak, Greziak eta Ardatzak okupaturiko beste nazioek, garaipen aliatuan garrantzizko papera bete zuten erresistentzia aktiboa eginez.
Gerraren leherketa
Ofizialki, Bigarren Mundu-Gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen, Poloniaren gaineko inbasio alemaniar eta errusiarrarekin. Frantziak eta Ingalaterrak, Poloniarekin laguntza militarreko itun bat sinatu zutenak, Alemaniari tropak erretira zitzan ohartarazi zioten. Ezezkoaren aurrean, gatazkak leher egin zuen ondorio guztiekin.
Beste nazio batzuentzat, ordea, gerrak beste esanahi bat izan zuen:
- Txinak japoniarren kontrako askapen nazionalaren inguruko borroka bat bezala hartu zuen, eta izatez, beraientzat gerra bi urte lehenago hasi zen.
- SESBk, Txinak bezala, gerra alemaniar okupazioaren kontrako gatazka askatzailetzat hartu zuen eta bertan "Aberriaren Gerra Handia" deitu zen; 1941eko ekainaren 22an hasi zen.
Kontzentrazio-esparruetan errepresioa alemaniar Administrazioaren ohizko praktika izan zen.
Zapalketa eta sarraskia Bigarren Mundu-Gerran zehar
Biztanleria zibilaren gaineko zapalketa eta sarraskia Ardatzaren Armaden praktika arruntak izan ziren okupaturiko guneetan.
- Japoniak zibilen kontra bereizi gabeko sarraskiak gauzatu zituen Txinan, Indotxinan, Filipinetan eta bere kontrolpean zeuden Pazifikoaren beste irla batzuetan.
- Italiak eta Alemaniaren aliatu ziren beste erregimen faxistek oposizio mugimenduak exekuzio, erbesteratze eta bidegabezko espetxeratzeen bidez zapaldu zituzten.
- Alemaniak basakeriaren mugak gainditu zituen. Sistematikoki ondorengoak erabili zituen:
- Erresistentzia-mugimenduen errepresioa, preso harturiko soldaduen exekuzio masiboak eta gerrari buruzko nazioarteko arau guztien apurketa.
- Erregimen naziak gauzaturiko sarraski-politika juduen, ijitoen eta beste gutxiengo etnikoen, zein ezkertiar eta ezinduen, gainean.
Gutxienez sei milioi pertsona izan ziren exekutatuak gaseztatzearen eta beste era batzuen bidez nazien kontzentrazio-esparruetan.
Data garrantzitsuak
- 1937 Txinatar-japoniar gerraren leherketa.
- 1939 Poloniako inbasioa. Bigarren Mundu-Gerra hasten da Europa.
- 1940 Gerra azkar-azkarra. Alemaniak mendebaldeko Europa guztia kontrolatzen du, Erresuma Batua ezik.
- 1941 Balkanen eta Sobietar Batasunaren gaineko inbasioa. Hedapen alemaniar gorena. Gerra Libia eta Egipton. Tobruk eta Alameineko batailak. Pearl Harborren kontrako eraso japoniarra. Estatu Batuak gerran sartzen dira.
- 1942 >Juduen kontrako "amaierako konponbidearen" erabilpena.
- 1943 Alemaniar errendizioa Ipar Afrikan. Sobietar garaipena Stalingradon. Aliatuen lehorreratzea Sizilian. Mussolini kargugabetu egiten dute.
- 1944 Normandiako lehorreratzea. Frantziako askapena.
- 1945 Yaltako konferentzia buru aliatuen artean. Alemaniako baldintza gabeko errendizioa. Hiroshima eta Nagasakiren kontrako bonbardatze atomikoa. Japoniako baldintza gabeko errendizioa.
Germaniar-sobietar ituna
Hitler eta Stalinek, gerra aurretik, gerturatze-politika bat mantendu zuten, 1939ko germaniar-sobietar itunaren izenpetzean irudikatu zena. Itun honen arabera bi nazioak bata bestearen kontrako erasorik ez jaurtitzearen konpromisoa hartu eta Polonia elkar banatzen zuten. Errusiak, gainera, Estonia, Letonia, Lituania, eta Finlandia inbaditzearen askatasuna, segurtatzen zituen. Ituna hautsia geratu zen SESBren kontrako germaniar inbasioaren ondoren 1941ean.
Galerak
Gerren zorigaiztoko izaera giza heriotzetan irudikatzen bada, batez ere, Bigarren Mundu-Gerra, dudarik gabe, historiako hondamendi handiena bezala har daiteke. Ia hirurogeita hamar milioi hildako, berrogei milioi zauritu eta hiru milioi desagertu egon ziren. Galeren zati handiena biztanleria zibilaren artean gertatu zen. Nazioka, SESBk hogei milioi baino gehiago galdu zituen; Txinak, hamar milioi baino gehiago; Alemaniak, zortzi milioi baino gehiago; Poloniak, sei milioi; Japoniak, milioi bat baino gehiago. Estatu Batuek, Britainia Handiak eta Italiak galera gutxiago izan zituzten, laurehun mila inguru nazio bakoitzak.
Amaierako konponbidea
Horrela izendatu zuten juduen sarraski-politika alemaniar kontzentrazio-esparruetan. Nazismoarentzat, juduak ziren Alemania eta Europako nahigabe guztien erantzuleak, beraz beraientzat ezabatze fisiko eta erradikala dekretatu zen. Juduen presoen esparruetara erbesteratzea, gerra leher zedin baino lehenago hasi zen, baina erailketa masiboak batez ere 1942tik aurrera hasi ziren gerra bukatu arte. Polonia izan zen naziorik zigortuena, hiru milioi judu erailekin.
