HISTORIA

Mendebaldeko garapena

Bigarren Mundu-gerraren osteko aldiak historiako zatiketa politikorik sakonenetakoa ezagutu zuen, eta baita gatazka bitartean hondamendi mailarik handiena jasan zuten herrialde batzuen errekuperatze ekonomikorik azkarrenetakoa ere, Alemania eta Frantzia kasu.

Marshall Plana

1947an Estatu Batuek Europa mendebaldarraren berreraiketarako laguntza-plan bat jarri zuten martxan, Europa gerraren ondorioz suntsituta eta gose- eta miseria-egoera oso larrian aurkitzen baitzen. Marshall Planaren helburuak bi ziren:

  • Gizarte-gatazka gutxitzea, komunista motako mugimendu-ugalketa eragozteko, batez ere Alemanian eta Frantzian.
  • Biztanleriaren bizi-maila hobetzea, kontsumoa bermatzeko eta bidenabar merkatu berriak zabaltzeko produktu estatubatuarrei.

Hamar urtetan (1947-1957) Marshall Planak hogeita bost mila milioi dolar inbertitu zituen Europan; honek, noski, hazkuntza azkarra eragin zuen industria eta finantzen munduan. Aldi berean, europar bizimoduaren eta kulturaren «amerikanizazioa» gertatu zen.

NATO

Europa mendebaldean sobietarrek inbasioren bat egingo ote zuten beldur estatubatuarrak, beharrezko egin zuen aliantza militar bat sortzea, Mundu-gerran garaile atera ziren potentziek 1945ean adostutako eragin-guneak seguru mantentzeko.

Berlingo krisia, 1948an, erakunde militar berriaren abiapuntu bilakatu zen. Urtebete eskas geroago, 1949an, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO) sortu zen, bertan sartzen zirela Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Alemania Mendebaldarra, beste herrialde batzuen artean.

Aliantza berriak munduaren banaketa bi bloketan erabakitzen zuen eta, bi bandoetan zegoen arma atomikoen ugaltzea zela eta, «disuasio nuklearraren» edo «terrorearen orekaren» aldia inauguratu zen.

Estatu Batuen, Alemania Mendebaldarraren eta Erresuma Batuaren eboluzio ekonomikoa 1950etik 1980era.

Kontsumo-gizartearen sorrera

Marshall Planaren ondorioek eta Estatu Batuetatik ekarritako bizitzeko erak Europan sartzeak, ikuskera sozial, ekonomiko eta politiko berri bat sortu zuten: kontsumo-gizartea. Era askotakoak dira 1950eko hamarkadan Europan azaldu zen gizarte-mota hau definitzen duten faktoreak:

  • Berreskuratze ekonomikoa eta klase ertain kopurutsu baten agerpena erosteko irrikaz dagoena.
  • Kostu baxuko energia (hirugarren mundutik zetorren petrolioa eta gasa).
  • Produkzio-baliabideak teknifikazioa (kate automatizatuak).
  • Mota guztietako kontsumo-artikuluen ekoizpen masiboa.
  • Prezioen beherapena, aurreko hiru puntuen ondorioz.
  • Enpresa-irabazi handiagoak, eta ondorioz, prezioen beherapena.

Kate-produkzioa eta automobila, kontsumo-gizartearen sinboloetako bi.

Ongizatearen Estaturantz

Europa mendebaldeko gerraostearen oparotasun ekonomikoak garrantzizko aldaketak ekarri zituen gizarte-gaiei dagokionez. Adibidez, Holanda, Frantzia edo Suediako gobernuak, beste askoren artean, populazio zibilaren bizi-maila hobetzen lagunduko zuten zerbitzu publiko mordo bat eskaintzen ahalegindu ziren.

Sortua zen "ongizatearen Estatua", hiritarrentzat zekarren erosotasun-maila altuenaren bilaketaz nabarmentzen zena, batez ere ondoko aspektu hauetan:

  • Pentsioak eta gizarte-segurantza.
  • Doako irakaskuntza.
  • Premiadunei laguntza.
  • Etxebizitza lortzeko laguntzak.
  • Langabezia-aseguruak.

Data garrantzitsuak

  • 1945 Bigarren Mundu-gerraren amaiera.
  • 1947 Marshall Plana martxan jartzea.
  • 1949 NATOren fundazioa.
  • 1950 Susperraldi ekonomikoaren lehen zantzuak.
  • 1953 Koreako gerraren amaiera.
  • 1955 Varsoviako Itunaren sorrera.
  • 1957 Marshall Planaren amaiera. Europa mendebaldarraren berreraiketa osoa.
  • 1962 Misil kubatarren krisia.
  • 1973 Petrolioaren krisia. Europako hazkuntza ekonomiko azkarraren aldia amaitzen da.

NATOko kideak gaur egun

Estatu kideak:

Estatu Batuak, Kanada, Frantzia, Erresuma Batua, Norvegia, Alemania, Italia, Grezia, Islandia, Turkia, Espainia, Portugal, Holanda, Belgika, Danimarka, Polonia, Hungaria eta Txekiar Errepublika.

Beste estatu aliatu batzuk:

Australia, Japonia, Filipinak, Hego Korea, Tailandia, Zeelanda Berria, Maroko, Israel, Saudi Arabia, Kuwait, Pakistan, Korea eta Latinoamerika (Kuba salbu).