HISTORIA

Sozialismo erreala

Honela deitu zitzaion 1960ko hamarkadan Sobietar Batasunean eta beste zenbait herrialdetan nagusia zen sozialismo motari, zein eredu bideragarri bakartzat hartzen baitzen, Marx eta beste zenbait pentsalariren ideietan inspiratutako komunismoaren ondoan ikuskera desberdinak zirenen aurka.

Eredu sobietarra

1950eko hamarkadan, zenbait herrialdek erregimen sozialistak ezarri zituzten beren lurraldeetan. 1945 eta 1960 artean, Ekialdeko Europa, Txina, Mongolia eta Asia, Afrika eta Amerikako beste zenbait Estatu eredu sobietarra hartzen joan ziren, normalean iraultzen bidez edo sobietar armadaren inbasioen ondoren (Hungaria, Txekoslovakia eta abar).

Honela bloke sozialista zabalduz eta egonkortuz joan zen, Sobietar Batasunaren "herrialde sateliteak" deiturikoez osatua. Gizartea aldatzen, aberastasuna banatzen eta bidegabekeriak edo tirania eragozten ahalegindu ziren iraultzak, SESBren politika inperialistaren tresna bihurtu ziren herrialde askotan.

Porrotera abiatutako ekonomia

Herrialde sozialistetako ekonomia erabat Estatuaren gidaritzapean zegoen, berak kapital eta lan-baliabide guztiak baitzeuzkan. Aktibitate ekonomikoa egituratzen zen aldizkako planen bidez, zeintzuk normalean bost urtez behingoak ziren; hauek zehazten zuten ekoizpenaren maila eta mota.

Eredu stalinistak garrantzi handiagoa eman zion nekazaritza-ekoizpenari eta industria astunari, kontsumoko artikuluen fabrikazioa, banaketa-zirkuituen ezarpena eta tamaina ertain eta txikiko enpresen sektorea oharkabetuz. Bestalde, satelite sobietarren ekonomia eta finantzak superpotentziaren industriaren osagarri gisa balio izateko eratu ziren

Honek guztiak, Moskuren politika inperialistari eusteko gero eta gastu militar handiagoekin batera, herrialde komunistetako ekonomiak desoreka larriak bizitzea eta, 1980ko hamarkadaren azkenaldira, krisi izugarrian hondoratzea eragin zuen.

Kruschev eta Kennedy presidentearen arteko elkarrizketek lehen urratsa suposatu zuten bi blokeen arteko baterako existentzia baketsurantz.

Demokrazia herritarrak

Europako eta mundu osoko estatu sozialistak «demokrazia herritar» forman eratu ziren. Hiritar subiranotasunaren oinarri honen gainean, ordea, oso erregimen autoritarioak ezarri ziren; hauen ezaugarri nabarmenenak ondokoak ziren:

  • Partidu bakarra (Partidu Komunista).
  • Liderraren pertsonalitatearenganako gurtza.
  • Estatu polizial eta militarra, populazioaren kontrol izugarriarekin.
  • Estatuak planifikatu eta zuzendutako ekonomia.
  • SESBren kontrola kanpo- eta defentsa-politikari dagokionez, baita bere lurraldetik kanpo ere.

Desestalinizazioa eta lehen disidentziak

1953an Stalin hil zen eta erreforma-prozesu geldo bat hasi zen Sobietar Batasunean eta Ekialdeko Europan. Lider sobietar berriak, Nikita Kruschevek, erregimen stalinistaren errepresioa salatu zuen eta ekonomia modernizatzen ahalegindu zen eta, aldi berean, bloke mendebaldarrarekin baterako existentzia baketsuaren aldeko tesia defendatu zuen.

Zabaltze politikoak oposiziogileen pizteei edo "disidentziei" bide eman zien SESBn eta beste herrialde batzuetan, besteak beste, Polonia, ekialdeko Alemania edo Hungarian; baina kontenplaziorik gabe erreprimituak izan ziren (Hungariako inbasioa 1956an). Beraz Kruscheven zabaltze-politika gehiago zentratu zen aspektu formal eta ekonomikoetan, baina ez zuen bilatu benetako demokratizaziorik.

Manifestari hungariarrek Stalinen estatua bat lurreratuko dute 1956an.

Data garrantzitsuak

  • 1948 Sistema sobietarraren sendotzea ekialdeko Europan.
  • 1949 Iraultzaren garaipena Txinan. COMECONaren fundazioa.
  • 1952 Ikatzaren eta Altzairuaren Elkarte Europarraren eraketa.
  • 1953 Stalinen heriotza. Kruscheven gobernua eta distentsioaren hasiera.
  • 1956 Tropa sobietarren Hungariako inbasioa.
  • 1957 Europako Merkatu Batuaren sorrera.

Bloke sozialistaren oinarriak

Inperio sobietar zabala, bere sateliteak barne, nazioarteko hiru erakundetan oinarritu zen eta hauek Moskuren kontrola ziurtatzen zuten funtsezko aspektu guztietan:

  • Politikoa: Kominform edo munduko alderdi komunista guztien Batzorde Zentral Koordinatzailea.
  • Ekonomikoa: COMECONaren bidez, 1949an fundatua.
  • Militarra: Vartsoviako Itunaren bidez, 1955ean fundatua.
 

Kruschev

Nikita Kruschev (1894-1971), politikari errusiarra. 1917aren urriko iraultzan parte hartu zuen eta garrantzizko karguak bete zituen Alderdi Komunistan. Bigarren Mundu-gerran alemaniarren kontra borroka egin zuen gerrillarien talde baten buruan Ukrainan. 1953an SESBko Alderdi Komunistako lehen idazkari eta herrialdeko zuzendari goren izendatu zuten. Bere politika Stalinen krimenak salatzea eta bloke mendebaldarrarekin bakeak egitea izan zen. Barnean, ordea, bere politikaren aurka jartzen ziren alderdiko kide guztiak eliminatzen joan zen. Baterako existentzia baketsuaren paladina, Arma Nuklearren Ez Ugaltzearen bultzatzailea izan zen, 1963an sinatua. Urtebete geroago, SESBko Presidium-ak bere karguetatik kendu zuen, politika diktatoriala egiten zuela salatuz.

 

COMECONa

1949an, Sobietar Batasunak, bere eraginpeko beste herrialde batzuekin batera, Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua fundatu zuen, COMECON izenez ezagutzen dena, herrialde sozialisten artean truke ekonomikoak eta komertzioa errazteko. Erakunde honen bidez, SESBk diru- eta teknologia-laguntza erraztu zien bere Estatu sateliteei eta bere esku-hartze maila gehitu zuen gainerako herrialde sozialisten ekonomian.