Existentzia baketsurantz
- EXTRA: Munduan Zehar
Estrategia-aldaketa
Bigarren Mundu-gerraren bukaeratik eta berrogeita hamarreko urteen azkenaldira arte, mundua gerra nuklear hondagarri baten mehatxupean beldurturik bizi izan zen, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko norgehiagoka inperialista batengatik. Stalinen heriotzak 1953an nazioarteko harremanen beste ikuskera baten ezarpena zehaztu zuen.
Bi pertsonaia izan ziren aldaketaren protagonistak: John F. Kennedy, Estatu Batuetako presidentea, eta Nikita Kruschev, lehen ministro sobietarra. Bien artean ondoko aspektu hauetan oinarritutako konpromiso bat ezarri zuten elkarrekin bakean bizitzeko:
- Disuasio nuklearra edo terrorearen oreka: bi superpotentzien armategi atomikoek batak bestearen hondamena ziurtatzen zuten, horregatik gerra ezinezkoa gertatzen zen.
- Bigarren Mundu-gerraren bukaeran banatutako eraginkortasun-guneekiko begirunea.
- SESBren desestalinizazioa; honek inbasio sobietarraren beldurra gutxitu zuen Mendebaldean.
- Alderdi Demokrataren igoera Estatu Batuetan; hau politika tolerante eta baketsuago baten aldekoa zen beste superpotentziarekin.
- Oldarkortasun ideologiko eta propagandistikoaren gutxitzea bi bandoetan, barneko aldaketa politikoen emaitza.
- Negoziaketa-bide zuzenak ezartzea bi superpotentzien artean. Kremlina Etxe Zuriarekin komunikatzen zuen «telefono gorria» elkarrizketaren sinbolo bihurtu zen.
- Arma nuklearren murrizketari buruz hitzarmenak sinatzea.
Berlingo harresia, bi bloke kontrajarritan zatitutako munduaren sinboloa.
Hondamen masiboko arma gero eta sofistikatuagoen garapena nazioarteko harremanen ezaugarrietako bat izan zen Bigarren Mundu-gerraren ondoren.
Krisiak
Distentsio-politikak nazioarteko mailan optimismo-giroa sortu bazuen ere, bi krisi larrik hondamendi nuklear zorian ipini zuten mundua 1960ko hamarkadaren hastapenetan:
- Berlingo krisia: Ekialdeko Alemaniatik Mendebalderanzko etengabeko ihesak, batez ere Berlinen, agintari sobietarrek hormigoizko hesi bat eraikitzea eragin zuen hiriaren mendebaldeko sektorearen inguruan.
- Misil kubatarren krisia: 1959an iraultza kubatarrak, Fidel Castro buru zuela, Fulgencio Batista diktadorea agintetik kendu zuen. Estatu Batuak irla inbaditzen ahalegindu ziren 1961ean (Cochinos badian lehorreratzea) eta, operazioan huts egin ondoren, blokeo ekonomiko gogor batera behartu zuen. Honela, Kuba bloke sobietarrarekin lerrokatzera behartua aurkitu zen. 1962an, misil errusiarrak irlan instalatzeak mundua gerra nuklearraren zorian jarri zuen. Azkenean, Moskuk misilak erretiratu zituen Karibeko irla ez inbaditzeko promes amerikarraren truke.
Blokeen barneko gatazkak
Bi blokeek barneko krisi larriak jasan zituzten 1960ko hamarkadan zehar:
- Vietnamgo gerra: 1964an armada estatubatuarrak esku hartu zuen Ipar Vietnam eta Hego Vietnamen arteko gerran (1954an hasia). Estatu Batuetan barruko oposizio gogorra sortuko zuen kanpaina luze eta anker baten ondoren, Nixon presidenteak bere tropen atzera egitea agindu zuen 1973an. Historia estatubatuarreko lehen porrot militarrak krisi sakona eragin zuen potentzia amerikarrean.
- Pragako Udaberria: Alexander Dubcêk presidenteak Txekoslovakia demokratizatzeko egindako ahaleginak ("aurpegi gizatiardun sozialismoa"), Varsoviako Ituneko tropek herrialdea inbaditzea eta sistema sozialista tradizionala ezartzea ekarri zuen berekin, eta honek, nazioarteko oposizio handi bat eragin zuen.
Pragako Udaberria.
Data garrantzitsuak
- 1953 Stalinen heriotza. Nikita Kruschev, lider sobietar berria.
- 1959 Iraultza kastristaren garaipena Kuban.
- 1960 Kennedy Estatu Batuetako presidente aukeratzen dute.
- 1961 Berlingo hesiaren eraiketa.
- 1962 Misil kubatarren krisia.
- 1963 Kennedy presidentearen hilketa Dallasen.
- 1964 Esku-hartze estatubatuarra Vietnamen.
- 1968 Ez Ugalketa Nuklearraren Hitzarmena. Martin Luther Kingen hilketa; Estatu Batuetako beltzen eskubide zibilen aldeko borrokan liderra zen.
- 1969 Richard Nixon aukeratzen dute Estatu Batuetako presidente.
- 1970 Vietnamgo gerraren aurkako protestak Estatu Batuetan.
- 1972 Arma Estrategikoak Mugatzeko Hitzarmena (SALT).
- 1973 Atzera egite estatubatuarra Vietnamen. Watergate eskandalua. Nixon dimititzera behartua aurkituko da.
Elkarren arteko hondamena ziurtatua
Paradoxikoa badirudi ere, armategi nuklear estatubatuar eta sobietarren hondamen-gaitasun beldurgarria bakearen berme bilakatu zen distentsio-garaian. Azterketa estrategikoek erakutsi zuten, superpotentzien arteko zuzeneko borrokan, emaitza planetaren eta bertako zibilizazioaren erabateko suntsiketa izango zela beti. Garaipen-aukerarik txikiena ere ez egotean, gerra alferrekoa gertatzen zen eta, gezurra badirudi ere, arma nuklearrek, erasorako beti prest, gatazka piztea eragozten zuten. Teoria honek, ordea, ez zuen saihesten istripuen arriskua.
Ez ugalketa nuklearren hitzarmenak
Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak 1960 eta 1970eko hamarkadetan hainbat hitzarmenen sinadura bultzatu zuten armategi nuklearren gehiegizko hazkuntza eragozteko. 1968an, Ez Ugalketa Nuklearren Hitzarmena sinatu zen. Lau urte geroago, negoziaketak egin ziren SALTeko akordioak lortzeko arma estrategikoen mugen gainean. Akordio hauek eragindako optimismoak ez zuen gutxitu lehendik zeuden armategi handien arriskua.
John Fitzgerald Kennedy (1917-1963), (1917-1963), politikari estatubatuarra, 1960an presidente aukeratua. Sobietar Batasunarekin egin zuen distentsio-politikarengatik eta munduarentzako mehatxu nuklear gutxiago izatearen alde egindako ahaleginarengatik nabarmendu zen. Halere, Vietnamera tropak bidaltzea agindu zuen eta, barne-politikan, ez zuen jakin populazio beltzaren eskubide eskaeren arazoari aurre egiten. 1963an hil egin zuten.
