Deskolonizazioa
- EXTRA: Munduan Zehar
Deskolonizazioaren kausak
Asko izan ziren kolonien prozesu independentistan eragina izan zuten faktoreak:
- Mugimendu nazionalisten gorakada, sarritan sozialismoaren ideien eraginez.
- Europako metropolien gainbehera Bigarren Mundu-gerraren ondoren, batez ere, nabarmena Frantzian eta Erresuma Batuan; izan ere herrialde hauek beraiek bakarrik mundu guztiko lurralde kolonialen %60 baino gehiago dominatzen baitzuten.
- Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren laguntza prozesu emantzipatzailean. Bi potentziek beren eragin politiko eta ekonomikoa herrialde independente berrien gainean hedatzea bilatzen zuten.
- Nazio Batuen Erakundearen laguntza herrien autodeterminazioan.
Deskolonizazioaren faseak
Deskolonizazio prozesua ez zen izan bat-bateko fenomenoa, baizik fase askotan gauzatu zen, bi hamarkada pasatxoan zehar:
- Indiaren independentzia 1947an: emantzipazio prozesua zabaldu zuen.
- Lehen aldi deskolonizatzailea Asian (1946-1954): Birmania, Indonesia, Arabiar penintsula eta Ekialde Hurbileko lurraldeen independentzia; Israel Estatuaren sorrera Palestinan (1948); Independentzi gerra Indotxinan (1954an bukatua).
- Bigarren alde deskolonizatzailea Afrikan (1955-1965): ia kontinente osoaren ondoz-ondoko independentzia, Iparraldeko herrialde arabiarretatik hasita, Aljeria salbu (Frantziaren aurkako gerra, 1962an bukatua); Afrika beltzaren emantzipazioa 1960ko hamarkadan.
- Azken aldia (hirurogeita hamarreko erdialdera arte): Portugalgo azken kolonia afrikarren independentzia (Angola, Mozambike). Sahara Mendebaldar espainiarra Marokori utzi zitzaion 1975ean. Lurralde batzuek, adibidez, Djibuti (Frantzia) edo Namibia (Hegoafrika) aginte kolonialaren menpe egon ziren ondoko hamarkadetan.
Herrialde berriak eta beren arazoak
Kolonien emantzipazioak herrialde berri mordo bat sortu zuen, baina berauetako gehienak laster arazo pila baten azpian aurkitu ziren. Estatu berri hauek aurre egin behar izan zieten zailtasunen artean ondokoak aipa daitezke:
- Ekonomia pobretua, plangintza kolonialaren ondorioz, honek interesatzen zitzaizkion aspektuak bakarrik garatu baitzituen.
- Muga zatiketa artifizialak, metropolien eraginkortasun guneen zatiketatik eratorriak; hauek gerra ugari pizteko leku aproposa izan ziren.
- Neoinperialismo ekonomikoa, ez bakarrik antzinako metropoliek protagonizatua, baizik baita SESBak eta Estatu Batuek ere.
Ez Lerrokatuen mugimendua
1955ean egin zen Bandungeko Konferentzia Indonesian, eta bertan hogeita bederatzi herrialdek Ez Lerrokatuen Mugimendua osatu zuten (MNA), hau da, blokeekin zerikusirik ez zeukan politika egin nahi zuten Estatuena.
Egipto, India eta Jugoslaviak zuzentzen zuten Ez Lerrokatuen Mugimenduak porrot egin zuen bere helburuetako askotan, baina potentzia handien politika neoinperialista salatu, desarmea bultzatu eta aurrekaria ezarri zuen hirugarren munduaren partehartze handiagoaren aldeko nazioarteko politikan.
Data garrantzitsuak
- 1921 Iraken independentzia.
- 1922 Egiptoren independentzia, ingelesen babespean.
- 1941 Etiopiaren independentzia, italiarrek erasoa.
- 1945 Libanoren independentzia.
- 1946 Siria eta Jordania, Estatu independenteak. Estatu Batuek Filipinak uzten dituzte.
- 1947 India eta Pakistanen independentzia.
- 1948 Israelgo Estatuaren fundazioa.
- 1954 Indotxina frantsesaren independentzia (Laos, Kanbodia eta Vietnam).
- 1955 Bandungeko Konferentzia, Ez Lerrokatuen Mugimenduaren hasiera.
- 1956 Maroko, Tunisia eta Afrikako beste zenbait herrialderen independentzia.
- 1960 Prozesu emantzipatzaile handia Afrika beltzean.
- 1961-1967 Kuwait eta Afrikako zati handienaren independentzia.
- 1962 Aljeriako independentzi gerra.
- 1968 Ginea espainiarraren independentzia.
- 1975 Papua-Ginea Berria, Surinam eta Afrikako kolonia portugaldarren independentzia. Espainiak Maroko eta Mauritaniari utziko die Sahara Mendebaldarra.
Independentzia ezberdinak
Estatu kolonial bakoitzak modu diferentean aurre egin zion zegokion inperiotik disgregatzeko prozesuari. Honela, Erresuma Batuak independentzia baketsua onartu zuen, Indiaren kasuan izan ezik. Bestalde, adibidez Portugal edo Frantzia indarraren bidez ahalegindu ziren beren kolonien independentzia eragozten. Bereziki gogorrak izan ziren Aljeria, Angola eta Mozambikeko gerrak. Espainia era baketsuan askatu zen bere kolonietatik, Sahara Mendebaldarra Maroko eta Mauritaniaren eskuetan uzteak gaur arte irauten duen gatazkaren hasiera suposatuko bazuen ere.
Gandhi
Mohandas Gandhi (1869- 1948), abokatua, politikari eta aktibista indiarra. Indiako independentziaren bultzatzaile handietako bat izan zen bere herria britainiarren atzaparretatik askatzeko, Indiako Kongresu Nazionalaren buru izanik 1919tik. Izaera baketsuko gizona, ez biolentzia eta erresistentzia pasiboaren doktrina aldarrikatu zuen independentzia lortzeko bide gisa, eta hinduen eta musulmanen arteko lehia eragozten ahalegindu zen Indian. Hindu erlijioso fanatiko batek hil egin zuen 1948an.
