Petrolioaren krisia
- EXTRA: Munduan Zehar
Petrolioaren garrantzia
Mota guztietako ibilgailu eta aparatuen ugalketak (automobilak, hegazkinak, itsasontziak, berokuntzak, elektrizitate-ekoizpenak), guztiak petroliotik eratorritako erregaietan oinarrituak, baliabide hau ezinbesteko elementu bihurtu zuen gizarte industrialentzat. Garrantzi hau Bigarren Mundu-Gerran zehar ere erakutsi zen, alemaniar porrotaren arrazoietako bat, hain zuzen, petrolio-baliabide eza izan baitzen.
Paradoxikoki, hain garrantzitsu den lehengai hau, 1973ko krisialdira arte, prezio oso baxu baten truke saltzen zen, neurri handi batean ia petrolio-putzu guztiak eskualde kolonial edo erdi-kolonialetan aurkitzen zirelako, adibidez, Indonesia, Arabia eta abarretan.
1973ko krisia
1973an zeharo aldatu zen egoera. Urte horretan, Egiptok eta Siriak osatutako koalizio arabiar batek lurralde israeldarra eraso zuen gainerako herrialde islamiarren laguntzarekin. Israelek bat-bateko laguntza militarra jaso zuen Estatu Batuengandik eta Europa mendebaldarrak bere aldetik, gatazkan nahastu gabe, isilean Israelen alde egin zuen.
Erantzun gisa, petrolio-ekoizpen talde nagusia osatzen zuten herrialde arabiarrek produkzioa erradikalki murriztu eta prezioa altxatzea erabaki zuten. Bi urte baino gutxiagotan petrolio gordinaren barrilaren balioa hamargatik biderkatu zen, 1970eko hamarkadaren hastapenetako prezioarekin konparatuta. Honek munduko ekonomiaren gainean izan zituen ondorio izugarriak suposatu zituen.
Zisterna-itsasontzi handiak dira petrolioaren garraiorako tresna nagusiak.
Mundu-mailako ondorioak
1973ko petrolio-krisiak ondorio desberdinak izan zituen munduko herrialde bakoitzarentzako:
Herrialde garatuak:
- Prezioen gorakada ekoizpen- eta banaketa-fase nagusietan.
- Ekoizpenaren geldialdia, aurrekoaren ondorioz.
- Azken prezioen gorakada, honek berekin dakarren inflazioarekin.
- Kontsumoaren gutxitzea.
- Langabeziaren ugalketa, ekoizpen-lanak urritzean.
- Mendebaldeko defizit komertziala garestiago inportatu behar izatean -ez bakarrik petrolioa, baizik beste lehengai batzuk ere-, garraio-gastuen gehikuntzaren ondorioz.
Herrialde azpigaratuak:
- Kanpo-zorraren gehikuntza.
- Hazkuntza ekonomikorako frenoa.
- Pobretze orokortua.
Salbuespen gisa, herrialde petrolio-esportatzaile txiroek hazkuntza ekonomiko azkar bat izan zuten; hala ere, onura gutxi sortu du epe luzera plangintza ezarengatik.
Neoliberalismoa
1973ko krisiaren ondorioetako bat Bigarren Mundu-Gerraren bukaeratik Mendebaldean hartutako eredu ekonomikoa aldatzea izan zen, merkatu-ekonomian oinarritzen zen Estatuaren esku-hartze handi batekin osatzen zena.
Petrolioaren krisia zela eta, ekonomi teoria neoliberalak ezarri ziren, ondoko puntuetan oinarrituak:
- Produkzioaren eta truke komertzialen liberalizazioa eskala handian.
- Estatuaren esku-hartzearen murrizketa ekonomian; honekin ekonomiaren kontrola enpresaburu pribatuen eskuetan geldituko da.
- Lan-merkatuan erregulazio eza, enpleguaren ezegonkortasuna edo behin-behinekotasuna eragin duena.
- Gizarte-gastu publikoen murrizketa (osasuna, hezkuntza, pentsioak, eta abar.).
Data garrantzitsuak
- 1973 Sei Egunetako gerra. Petrolioaren lehen krisia.
- 1979 Erregimen islamiarra Iranen.
- 1980 Iran eta Iraken arteko gerra hasten da.
- 1982 Israelek Libanoko hegoaldea inbaditzen du.
- 1988 Iran-Irak gerraren amaiera.
- 1990 Irakek Kuwait inbaditzen du.
- 1991 Nazioarteko koalizio batek Kuwait askatzen du. Blokeo ekonomikoa Iraki.
- 1998 eta 1999 Eraso berriak Iraki.
- 2003Irakeko gerra.
Petrolioaren beste krisi batzuk
Produktu gutxi dira petrolio-barril landugabeak baino gorabehera gehiago esperimentatzen dituena bere salneurrian. 1973ko krisiaren ondoren petrolio gordinaren prezioak egonkor iraun zuen hamarkadaren azkenera arte; hor beste gorakada bat jasan zuen oraindik are izugarriagoa, 1973ko prezioak hirukoiztuz, Iran-Irak gerra zela eta. Laurogeiko hamarkadaren erdialdera egonkortu egin ziren prezioak, tartekako beherapenekin. 1991n, Golkoko gerrak berriro izugarri igo zuen barrilaren balioa ordura arte aurrez inoiz lortu gabeko mailaraino, baina amildu egin zen gatazkaren amaieran.
1973ko krisia eta ingurunea
1973ko petrolio-krisiak ustekabeko ondorio bat izan zuen: sentimendu ekologikoa piztea mundu mendebaldar garatuan. Erregaia garestitzeak energia-aurrezpenaren beharra eta energia berriztagarri alternatiboen bilatzeko premia eragin zuen, eguzki-energia edo eolikoa adibidez.
Petrolio-ekoizle nagusiak
Tradizionalki, pentsatu ohi da herrialde arabiarrak petrolio-ekoizle handiak direla eta egia esan, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrein, Kuwait eta Irakek baliabide honen erreserba oso garrantzitsuak dauzkate.
Badira, ordea, beste ekoizle nabarmenak ere, adibidez, Iran, Indonesia, Nigeria, Errusia, Venezuela eta Mexiko. Estatu Batuek ere petrolio putzu handiak dauzkate, baina hauen ustiaketa barruko kontsumorako gordetzen dute.
Ipar Itsasoan ere bada petroliorik; hau batez ere Erresuma Batuak eta Norvegiak ustiatzen dute.
