HISTORIA

Hirugarren mundua eta bertako gatazkak

1970eko hamarkadatik aurrera, bazirudien mendebaldeko munduak egonkortasun maila bat jadanik zuela, politika- eta gizarte-arazoengandik urrun. Hirugarren mundua, era guztietako arazoek astindurik, amaigabeko mugimendu iraultzaileetan murgildurik aurkitzen zen.

Afrika: gerra zibilak

Deskolonizazioaren ondoren, Afrika potentzia nagusien interes ekonomiko eta estrategikoen helburu bihurtu zen. Inperioak desegitean sortu ziren estatu artifizialak benetako labirinto etniko, sozial eta kulturalak ziren eta horren ondorioz gerrak sortu ziren han-hemenka.

Afrikako zenbait herrialdek (Angola, Mozambike, Zaire eta abarrek), hainbat Estatu-kolpe eta gerra jasan zituzten, mendebaldarren eta sobietarren interes komertzial eta industrialek horietara bultzaturik. Kasu askotan, erregimen berri baten ezarpena ez zen egiten irizpide ideologikoen arabera, superpotentzia baten edo bestearen aldetik jasotzen zen babesa eta laguntzaren zenbatekoaren arabera baizik.

Horren emaitza, epe luzera, hauxe izan da: Afrikaren zati handiena pobrezia- eta gatazka-egoeran mantentzea, garatu ahal izateko aukerarik gabe.

Asiako komunismoa

Batetik kontinentean bi erraldoi komunista egoteak (SESB eta Txina), eta bestetik, Vietnamen garaipenak, Asiako hego-ekialdeko gerrilla-mugimendu asko animatu zituzten Estatu Batuen aurkako gerran armetan altxatzera. Kasu aipagarrienak Laos eta Kanbodiakoa izan ziren. Kanbodian hain zuzen diktadura komunista bat ezarri zen (jemer gorriak), gutxienez hiru milioi pertsona heriotzara eraman zituena

Bitartean, Txinak eta SESBk komunismoa ulertzeko bi bide desberdin eta kontrajarriak definitu zituzten. Potentzia bakoitzaren helburua, azken batean, nork bere eraginpeko lurraldean bere aginte inperialista ezartzea zen.

Txinako neska gazteak Mao Tse Tungen Liburu gorria irakurtzen. Maoismoa inspirazio ideologikoko iturri bihurtu zen hirugarren munduko gerrilla askorentzat.

Diktadura iberoamerikarrak

Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarraldian, komunismoaren gorakadaren beldurrez, batez ere Kubako iraultzaren garaipenaren ondoren, Estatu Batuek Latinoamerika osoan sustatu zuten erregimen militar diktatorialen ezarpena, ideologiaren aldetik erregimen zeharo antikomunistak, alegia.

Zapalkuntzaren eta pobreziaren erantzun gisa, kontinente guztian sortu ziren iraultza-mugimenduak. Hala, Peru, Kolonbia, Honduras edo El Salvador, esaterako, oraindik ere amaitu ez diren gerra zibiletan nahastuak dabiltza. Nikaraguan gerrilla sandinistek garaipena lortu zuten, erregimen sozialista ezarriz, 1990eko hauteskunde askeetara arte iraun zuena.

Jarraitzaile sandinistak iraultzaren garaipena ospatzen, Managuan.

Fundamentalismo islamiarra

1980ko hamarkadatik aurrera, mendebaldeko inperialismoaren aurkako borrokak norabide berri bat hartu zuen herrialde musulmanetan: fundamentalismoa edo Koraneko aginduen interpretazio zorrotza.

Islamismo armatua gauza berria ez bazen ere (XX. mendearen hasieran Egipton jadanik agertu zen britainiar okupazioaren aurka), jokabide hau bultzatu zuen gertaera 1979an Irango iraultza islamiarraren garaipena izan zen, ayatollah Ruholla Jomeiniren gidaritzapean.

Ordutik hona fundamentalismo islamiarra Afrikan eta Ekialde Ertainean hedatu da eta benetan maila larriak izatera iritsi da Aljerian eta Egipton. Aljerian hain zuzen, talde islamekoen jarduerak gerra zibil irekiko egoerara eraman du nazioa.

Ayatollah Ruholla Jomeiniren jarraitzaileen manifestazioa Teheraneko kaleetan.

Data garrantzitsuak

  • 1959 Kubako iraultzaren garaipena.
  • 1960-1975 Vietnameko gerra.
  • 1967-1970 Biafra-ko gerra, Nigerian.
  • 1967-1968 Txinako Iraultza Kulturala.
  • 1973-1990 Pinochet jeneralaren diktadura, Txilen.
  • 1974-1989 Etiopiako gerra zibila.
  • 1975-1978 Jemer gorrien erregimena Kanbodian. Populazio zibilaren genozidioa.
  • 1976 Mao Tse Tung-en heriotza.
  • 1976-1983 Diktadura militarra Argentinan.
  • 1978 Eraso vietnamdarra Kanbodian, jemer gorriak boteretik botatzeko.
  • 1979 Iraultza islamekoaren garaipena Iranen.
  • 1980 Sendero Luminoso gerrillaren hasiera Perun.

Afrika, nazio artifizialak eta tribuen arteko gatazkak

Askotan, afrikar nazioetako gerra-gatazkak, hasiera batean jatorri ideologikoa zutenak, azkenean tribuen arteko gerra bihurtu izan dira. Afrikaren banaketa maparen gainean trazatu zen irizpide historiko, etniko eta kulturalak kontuan izan gabe; eta hala, deskolonizazioaren ondoren, nazio artifizialak eratu ziren, inolako tradiziorik gabeak eta estatu berean betidanik etsai amorratuak izandako tribuak barne hartuz.

 

Iraultza Kulturala

Txinatar gizartearen "burgesamendua" zela eta, agintariek "Iraultza Kulturala" deritzona abiarazi zuten, helburu nagusitzat komunismoa sendotzea zeukana mendebaldeko eraginari aurre egiteko. Ordura arte sekula ezagutu zen indarkeriazko kanpaina gogorrena izan zen, Maoren heriotzara arte iraun zuena, 1976ra arte.

 

Askapenaren teologia

Amerikako mugimendu demokratiko eta sozialisten ezaugarri berezietako bat Eliza Katolikoaren sektore baten babesa izan zen, hots, erregimen militarren aurka zeuden apaizek osaturiko sektorearena. Testuinguru honetan sorturiko doktrina ideologikoan du bere jatorria "askapenaren teologia" deritzonak, oraindik Latinoamerikako zati handi batean bizirik dagoena eta hasiera-hasieratik gaitzespenik zorrotzena merezi izan zuena Erromako eliza-hierarkiaren aldetik.