Bloke sistemen agortzerantz
- EXTRA: Munduan Zehar
Gerra hotzeranzko itzuleren aurrekariak
Bai Estatu Batuek eta bai Sobietar Batasunak gerra hotzeko lehen fasean oinarrizko bi aspektu errespetatu egin zituzten, nazioarteko harremanei dagokienez:
- Bigarren Mundu-gerraren amaieran adostu zituzten eragin-guneak mantentzea.
- Elkarren arteko aurka egite zuzenak saihestea.
Halere, faktore berri batzuk sartuko ziren jokoan superpotentzien arteko oreka hauskorra hautsiz:
- Inperio kolonialen deuseztapenak Afrikan eta Asian eskumen-eremu berri bat eskaintzen zuen, aginte ekonomiko eta politikoaren mugak ahalik eta gehien zabaltzeko.
- Gerra lokalizatu txikien ugalketak (Vietnam, Afganistan, eta abar) eskala txikiagoan erakusten zuen komunismoaren eta kapitalismoaren arteko gatazka ideologiko eta ekonomikoa.
- Petrolioaren krisiak 1973n atzera pauso bat suposatu zuen mundu-mailako ekonomian, baina batez ere herrialde komunistetan nabaritu zen.
«Beldurraren orekaren» larriagotze baterako oinarriak ezarrita zeuden.
Arma nuklearren aurkako protestak ohiko gauza bihurtu ziren 1970eko hamarkadatik aurrera.
Blokeen barne-gatazkak
Nazioarte-mailako aldaketak aparte utzita, bi superpotentziek 1970eko hamarkadaren amaieran krisialdi larriak jasan zituzten, batzuei zein besteei norabide politikoa aldarazi zietenak.
- Sobietar Batasuna: oposizioaren aktibitatea ("disidenteak") areagotuz doa, erregimenaren demokratizazioa lortu nahian. Leonidas Brezhnev aitzindari errusiarrak iragan stalinistako kontrol-sistema zorrotzetara itzuliz erantzuten du.
- Estatu Batuak: Vietnamgo gerraren porrotak eta Watergateko eskandaluak (errepublikarren espioitza Alderdi Demokrataren egoitzan), Nixon presidentea 1974an dimititzera behartu zuenak, amerikar populazioaren baitan gaitzespen-giroa hedatu zuten.
Richard Nixon presidentea.
Nazioarteko gatazkak
1979. urtean bi gertaera garrantzitsu izan ziren, bi blokeen arteko harremanen norabidea erabat aldatu zutenak:
- Irango islamiar iraultza, zehazkiago, «bahituen krisialdia» deritzona. Hainbat estatubatuar bahitu zituzten fundamentalistek Teheranen, Estatu Batuetako enbaxadan.
- Afganistango inbasioa sobietarren aldetik, Kabuleko gobernu komunista babesteko aitzakiaz, indar armatu etsaien mehatxupean zegoela eta.
Dibisio korazatu sobietarrak Afganistanen sartzen.
Handik lau urtera, 1983an beste bi gertaerek tirabira areagotu egin zuten:
- Grenada irlaren inbasioa estatubatuar armadaren aldetik.
- Ehiza-hegazkin errusiarrek bidaiarien Hego Koreako hegazkin bat suntsitu zuten, espioi-hegazkin bat zelakoan.
Gerra hotzera itzulera
1980an estatubatuarrek lehendakari hautatu zuten Ronald Reagan ultrakontserbadore errepublikarra, bere kanpaina guztia bi puntu hauetan oinarritu zituena: berrarmatze-politika eta sobietarrek hirugarren munduan ari zuten hedapenari gogor aurka egitea.
Horrela, Estatu Batuak gerra hotzeko lehen urteetako jarrera gogorrera itzuli zen eta mundua berriz ere bi blokeen arteko tentsio gero eta handiagoaren mehatxupean aurkitzen zen.
Satelite eta laser izpien bidezko misilen aurkako babes-sistema bat garatzeko egitasmo estatubatuarra(Defentsa Estrategikoko Ekimena edo «galaxietako gerra») gastu militar gero eta handiagoko aro baten hasiera izan zen, azkenean sobietarren ekonomia lur jota utziko zuena eta iparramerikarrena ere larriki kaltetua.
Galaxietako gerra.
Data garrantzitsuak
- 1973 Watergate kasua Estatu Batuetan.
- 1974 Nixon presidentearen dimisioa. I. SALT itunaren izenpetzea.
- 1975 Helsinkiko Konferentzia.
- 1979 Teherango bahituen krisialdia. Islamiar iraultzaren garaipena. Afganistanen erasoa sobietar armadaren aldetik.
- 1980 Iran eta Iraken arteko gerraren hasiera. Ronald Reagan Estatu Batuetako presidente hautatua.
- 1982 Leonidas Brezhneven heriotza eta Yuri Andropoven boterera igotzea SESBean.
- 1983 SS-20 misil sobietarren fabrikazioari ekiten zaio. Armada estatubatuarrak Grenada Irlan inbaditu eta erregimen komunista boteretik kentzen du.
Armagabetze-prozesua
Blokeen arteko harremanetan, alderdi itxaropentsuenetako bat arma nuklearren murrizpenerako hainbat akordio eta konpromisoren izenpetzea izan zen. Horien arteko aipagarrienak I. SALT eta II. SALT dira, irismen luzeko armamentu estrategikoa mugatzeari dagokionez. Halere, irismen ertaineko misilen desarmeari buruzko proiektuak (I. eta II. START) erabateko porrota izan zuen.
Helsinkiko Konferentzia
Superpotentzien arteko gero eta handiagoa zen tentsio-giro batean, Helsinkiko Konferentziak, 1975. urtean egin zenak, arindura bat suposatu zuen Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak protagonizatzen zuten elkarren aurkako areriotasunean. Lorturiko akordioen artean, Mendebaldar blokeak Ekialdeko Europako mugak errespetatzeko konpromisoa hartu zuen; eta sobietarrek, beren aldetik, giza eskubideen errespetuan aurrera egingo zutela hitz eman zuten.
