HISTORIA

Espainiar trantsizioa

1975etik, Francisco Franco jenerala hil zen urtetik, 1977ra arte, hau da II. Errepublikaz gero (73 gaia ikusi) lehenbiziko hauteskunde askeak egin zirenera arte, Estatu espainiarreko historia modernoko denboraldi garrantzitsuenetako bat izan zen: sistema diktatorial batetik demokrazia parlamentarioranzko trantsizio baketsua.

Frankismoaren akabera

Franco jeneralaren heriotzak, 1975eko azaroan, Gerra Zibilaren (1936-1939) amaieran Estatu espainiarrean ezarririko erregimen totalitarioaren akabera suposatu zuen. Herri-protestak eta nazioarte-mailako presioak ezinbesteko bihurtu zuten demokratizazio-prozesua, diktaduraren jarraitzaile sutsuenak aurka zeuden arren.

Bere testamentuan, diktadoreak Borboien Juan Carlos printzea izendatzen zuen bere ondorengo, 1931ra arte Estatu espainiarrean erreinatu zuen dinastia historikoaren oinordekoa bera. Juan Carlos I.a izenaz koroaturik, sistema demokratiko parlamentariorantz itzultzeko eragile garrantzitsuenetako bat izango zen.

Trantsizioa: denon garaipena

Diktadorearen heriotzaren ondorengo lehenbiziko Gobernuburua, Adolfo Suárez, trantsizioko protagonista nagusia izan zen. Bere proiektu demokratizatzailea honako puntu hauetan oinarritu zuen:

  • Erreforma Politikorako Legea: erreferendum baten bidez 1976ko azaroan onartua, legezko sistema frankistaren deuseztapena eta gobernu-forma berri bat ezartzeko oinarri juridikoa izan zen.
  • Joera guztietako alderdi politikoen legalizazioa, Partido Comunista barne, frankismoaren arerio politiko nagusia izan zena.
  • Bat etortze edo «haustura adostua», hau da, aldaketa Estatu espainiarreko indar politiko guztien akordioen bidez egingo zen. Batzuek zein besteek zertan edo hartan amore eman beharko zuten, denentzat onargarria gertatuko zen sistema demokratiko bat lortzearren

1977ko ekainaren 15ean lehenbiziko hauteskunde orokorrak egin ziren. Unión de Centro Democrático-k (UCD), Adolfo Suárezek fundatutako alderdiak, demokraziaren aurreneko gobernua eratu zuen, boto gehien jaso zituen taldea izan baitzen.

Moncloako Itunak

Demokraziaren lehen une haietako egoera sozial, politiko eta ekonomiko hauskorrak indar politiko guztiak behartu zituen nazioaren barne-lasaitasuna bermatuko zuten akordio batzuk onartzera, normaltasun parlamentarioa finkatzen zen bitartean. Horregatik, alderdi politikoek Moncloako Itunak deritzen negoziazioak izenpetu zituzten, honako puntu hauek erabakitzen zituztenak:

  • Egonkortasun politikoa.
  • Protagonismo sindikalaren gehitzea.
  • Zentsuraren deuseztapena.
  • Soldatak mugatzea.
  • Hiritarren askatasun- eta eskubide-sistema ezartzea.
  • Autonomien sorkuntzara bideraturiko legeak egitea.

1978ko Konstituzioa

Trantsizio-prozesua 1978an amaitu zen, abenduaren 6an eginiko erreferendumean, honako puntu funtsezko hauek jasotzen zituen Konstituzio baten onarpenarekin:

  • Espainiar nazioaren batasuna.
  • Monarkia parlamentarioa Estatuaren antolamendu-forma gisa.
  • Hiritarren eskubide eta askatasunen onarpena.
  • Eskualdeen eskubidea gobernu autonomoak edukitzeko.

Testu konstituzionalaren egileak honako hauek izan ziren: Miguel Herrero, José Pedro Pérez-Llorca eta Gabriel Cisneros (UCD), Manuel Fraga (Alianza Popular), Miquel Roca (Convergencia i Unió), Gregorio Peces-Barba (PSOE) eta Jordi Solé Tura (Partido Comunista de España).

Konstituzio berriak Estatu espainiarraren oinarri juridiko gisa funtzionatu du 1978an onartua izan zenetik.

1978ko Espainiako Konstituzioaren lehenengo orrialdea.

Data garrantzitsuak

  • 1975 Franco jeneralaren heriotza. Juan Carlos I.aren koroatzea Estatu espainiarreko errege gisa.
  • 1976 Adolfo Suárezen izendapena Gobernuko presidente gisa. Erreforma Politikorako Legea..
  • 15-6-1977 Legegintza-hauteskundeak. UCDren garaipena.
  • 6-12-1978 Konstituzio berriaren onarpena erreferendum baten bidez.
  • 1979 Bigarren legegintza-hauteskundeak. Berriro UCDren garaipena Autonomi Estatutuak Katalunian eta Euskal Herrian.
  • 1981 Estatu-kolpe baten ahalegina. Erasoa Diputatuen Kongresuan.
  • 1982 Estatu espainiarra NATOn sartzea. Autonomi estatutuen hedapena Estatu espainiarreko beste lurralde batzuetara.

Atzera itzultzeko ahaleginak

Adolfo Suárez, trantsizioaren protagonista.

Demokraziaren aurreneko urteak frankismoari atxikitako elementuen jarduerak markatu zituen, batez ere armadako zenbait sektorerenak, ez baitzuten inolaz ere onartu nahi sistema demokratikorik. Krisialdi larriena 1981eko otsailaren 23koa izan zen: guardia zibilen talde batek, teniente koronel baten aginduetara, Diputatuen Kongresuan eraso zuen eta hainbat ordutan bahiturik eduki zituzten herriak hauteskunde bidez hautaturiko ordezkariak.
Aldi berean, unitate blindatu batzuek Valentzia hiriaren zentroa hartu zuten. Estatu-kolpearen ahaleginak porrot egin zuen gainerako leku guztietan eta egoera normaltasunera itzuli zen ordu batzuen buruan, Juan Carlos I.a erregearen esku-hartzearekin, Indar Armatuen gehiengoaren leialtasuna segurtatu zuelarik.

 

Terrorismoaren fenomenoa

Estatu espainiarreko demokrazia jaioberriak gainditu behar izan zuen eragozpen larrienetako bat zeinu politiko orotako jarduera terrorista izan zen. Ezker-muturrean ETA eta GRAPO erakundeek atentatu eta bahiketen kanpaina bortitz bati ekin zioten; eskuin-muturrean aldiz, frankismora itzultzearen aldekoek beren taldeak sortu zituzten, adibidez, Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista) edo Guerrilleros de Cristo Rey.